JENISJOPLIN izenburupean ondu du bere bigarren eleberria Uxue Alberdi idazleak (Elgoibar, 1984). Nagore Vargas narratzaile-protagonistaren bizi-tzako gora-beherek gidatzen dute kontakizuna. Haurtzaro gogor batek zaildua eta gaztaroa intentsitate handiz bizitakoa, izaera borrokalaria eta irmoa eraiki duen emakumea da. Haren begiradatik eta esperientziatik jaso-tzen du irakurleak garaiaren berri.

Nondik dator Nagore Vargasen istorioa?

Pertsonaia pixkanaka joan da sortzen. Banituen hainbat desio edo erronka kontatzeko: alde batetik, nire haurtzaroko eta nerabezaroko giroa. Ni Elgoibarkoa naiz, 80ko hamarkadan jaioa, eta Elgoibar hura idazteko gogoa nuen. Kontu politikoez inguratuta, garai gordinak izan ziren, ume batek nekez ulertu baina jasotzen dituenak. Bestalde, identitatearen berrasmatzeari buruz idatzi nahi nuen; hau da, norberak bere buruaz duen auto irudiaz bai pertsonalki eta bai kolektiboki hausnartzeko. Gorputzari eta sexualitateari lotuta, baina baita ere beste gai sozial batzuei lotuta. Hortaz, istorio pertsonalak eta politikoak elkarri ispilu-joko bat egiteko asmoa nuen.

Euskal Herriko gatazka eraman duzu orrietara, beste gai batzuez inguratuta.

Azkenaldian asko pentsatu dut zapalkuntzen bidegurutzeen inguruan. Hau da, nola zapaldu diferenteak, eta gorputz bakarraren baitan zapalkuntza diferenteak nola ematen diren. Oso presente nuen nire haurtzaroko herrian zeuden langile auzoak. Nik eta inguruko askok aparteko mundu bat bezala bizi genuen, elkarren ondoan egon arren. Nire haurtzaroan eta gaztaroan auzo horietako euskaldunak ezagutu nituen eta euskaldun horien baitan ezkertiartasuna, maketotasuna, borroka eta askapenerako nahia nola biltzen zen ikusi nahi nuen, baita nola zapaldu batzuek beste batzuei nola begiratzen genien ere.

Nolakoa da Nagore Vargasen identitatea?

Pertsonaia sortu nuenean argi nuen identitate gogorra eta irmoa nahi nuela. Hau da, horrela eraiki behar izan duena. Iruditzen zait bizirauteko horrelako identitateak eraikitzen direla, baita ere kolektiboki. Euskal Herrian ere, herri bezala, identitate gogorra sortu behar izan dugu gure burua defendatzeko eta bizirauteko. Baina askotan gertatzen da gogorregiak diren oskol horiek iritsi daitezkeela zu hondamenera eramatera, eta halako zerbait gertatzen zaio Nagoreri. Sortzen zaizkion arrakaletatik hasten dira ateratzen ordura arte posible ez ziren hainbat emozio eta ahultasun. Horiek kudeatu behar ditu.

Ahultasunaren kontzeptua aipatu duzu. Gaur egun ez dago lekurik ahultasunarentzat?

Nagoreren aitak exijitzen dion ideologia horretan ez dago tokirik ahultasunarentzat. Ez beldurrarentzat, ezta zalantzarentzat ere. Beti aurrera eta beti gogor egin behar du, bere burua eta gorputza arriskuan jarriz. Momentu batean hautsi egingo da eta ahultasuna kudeatu beharko du, aurrera egiteko. Orain dela gutxi Bilgune Feministak Borroka bizi onez borborka izenburupean antolatutako jardunaldi batzuetan egon nintzen. Bertan hitz egin zen nola militatu ahultasunari eta norbere buruaren zaintzari tokia egiteko. Oso islatuta ikusi nuen Jenisjoplin liburuaren istorioa. Bertan bazeuden tortura jasandako testigantzak, etxean eraso sexualak jasandakoak eta Guatemala eta El Salvadorreko bi emakumeren testigantzak. Lau emakumeek milita-tzea erabaki zuten gero, eta lauek komentatu zuten oso garrantzitsua dela norbere amorrua, beldurra eta mina politikoki politiza-tzea eta politikoki antolatzea. Hau da, egiturak sortzea behar bezala kudeatzeko eta irtenbide bat emateko. Oreka horren bila dabil Nagore. Momentu batean, militantziari eta bizitza sozialari erabat emana egotetik, bere ahultasunarekin topo egiten du eta bizitzak hori uztera eramango du. Nagorek pentsatu beharko du nola egin borroka, baina zaintzari eta plazerari lekua eginez.

Nagoreren bizitza da eleberriaren oinarria. Horrez gain, askotarikoak dira landu dituzun gaiak.

Nagoreren bizitza da oinarria eta euskal gatazka eta beste gatazka batzuk atze-oihalak dira. Gizarte horretan dago eta aktiboki parte hartzen du. Etengabe gogoetan ari da bere buruarekin eta bere ingurukoekin. Hainbat gai daude: bere haurtzaroa eta gaztaroa, hiesa, identitatea, erruduntasuna, disiden-tzia, amore ematea, plazera... Protagonistaz gain, hainbat pertsonaia diferente daude eta horien bidez giro desberdinak osatzen dira. Rafa Vargas bere aita da, Andaluziako etorkinen semea, sindikalista eta tabernaria. Ama, aldiz, euskal landatik ihes egin zuen konplexuz betetako baserritarra da, eremu industrial batera joandakoa, bere identitatea eta bere iragana atzean utzi nahian. Luka, Nagoreren mutil laguna da eta aldi berean, bere kontrapuntua. Nagore oso sutsua eta grina-tsua den bitartean, Luka oso lasaia da. Iran-tzu da Nagoreren lagun mina. Ezkertiarra da, baina eleberrian esaten den bezala, berea hautazko prekarietatea da. Euskal familia aristokrata batean du jatorria, eta biek ezker aber-tzalean militatzen duten arren, klase identitateez ere mintzo da liburua. Horrez guztiaz gain, 2. eta 3. mailako beste pertsonaia ba-tzuk daude eta haien bidez inguruko beste errealitate batzuk islatzen dira.

Otarrain baten azalberritzearen metaforarekin amaitzen duzu liburua. Zer esan nahi duzu?

Nobela Getarian bukatzen da, asteburu lasai batean. Oso nobela intentsua da eta uste nuen behar zuela amaiera lasaia. Protagonista nagusia eta bere bikotea haztegi batera joaten dira eta han ikusten dute otarrainak azalberritzen. Azaltzen diete nola azal zaharra utzi berritan eta berria egin gabe dagoenean otarrainak oso bigun eta babesgabe daudela eta beste putzu batzuetara eramaten dituztela, ingurukoek eraso egin diezaieketelako. Analogia polita iruditu zitzaidan. Nagore horrela dago: azal zaharrari uko egin behar izan dio, lehen defendatu zuen azal horrek berak eramango duelako bestela heriotzara, baina oraindik azal berria eraikitzen ari da eta oso bigun eta zaurgarri dago. Edozein trantsizio edota eraldaketan derrigor pasa beharreko trantze bat da. Ezinezkoa da bestela aurrera egitea, baina egia da ataka horretan segurtasun falta handia eta beldurra daudela.

Ekintza 2010ean gertatzen da baina protagonistaren oroitzapenekin atzera egiten duzu. Zergatik erabaki duzu atzera-aurrerako egitura?

Gorka Arrese editoreari deitu nionean urte eta erdi neraman lanean. Pertsonaiak, istorioa eta tonua nituen, baina egiturarekin arazoak nituen. Hainbat bira daude liburuan eta ez nekien nola egituratu eleberriaren gaia bera ez distortsionatzeko. Ez nuen asmatzen egiturarekin. Harekin egon eta gero konturatu nintzen atzera-aurreraka funtzionatu zezakeela. Idatzi nuen lehen kapitulua lehena da, eta gero iraganeko pasartea idatzi nuen, gero hurrengoa eta gero iraganekoa. Horrela asmatu nuen. Bi plano kronologiko daude eta jauzika doan eleberria izan arren, plano bakoitza aurreratzen doa. Uste dut irakurleari istorioa jarraitzen laguntzen diola.

Zure haurtzaroan eta gaztaroan oinarritu zara 80. hamarkadako ikuspegi hori emateko?

Asko idatzi dut memoriatik. Batez ere, garai haietako paisaia, giroa, koloreak, usaiak... idazteko. Ni umea nintzen eta bizipen horiek ditut buruan. Kaleak, tabernak eta belar zakarrezko zelaiak eskolara bidean, adibidez. Gaur egun asko aldatu da, baina industria gune horietan mugitzen ginen. Bestetik, dokumentazio lan handia egin dut. Hiesak presentzia handia du eleberrian eta garai horretan Eusko Jaurlaritzak argitaratuko hainbat liburu irakurri ditut. Bertan jaso zituzten desintoxika-tzen ari zirenen testigantzak, eta familiek eta medikuek parte hartzen dute. Nire herrikidea den Justo Arriolak idatzitako A los pies del caballo liburua irakurri dut eta pertsona askorekin bildu naiz. Bi urte eta erdiko prozesua izan da, gauzak biltzen joan naiz eta denak balio izan dit istorioa eraikitzeko. Egia da dokumentazioa oso baliagarria dela norbera seguru sentitzeko, baina asko hartu dut nire memoriatik eta bizipen horietatik.

Estilo aldetik, oso arina eta bizkorra da eleberria. Horrela behar zuen izan?

Bai, iruditzen zitzaidan jorratzen diren gaiak oso sakonak direla eta kontrastean idazkerak behar zuela izan oso bizkorra. Elkarrizketa asko ditu eta ekintza asko daude. Saiatu naiz zatirik gogorrenak eta gogoetak elkarrizketa moduan ematen. Dialogoak ez dira arinak, sakonak dira, baina modu honetan oso bizkor irakurtzen dira. Batzuk esan didate ia thriller modukoa dela eleberria. Baina badaude irakurlea frenatzeko kapitulu lasaiagoak ere. Erritmoak kontrolatzen saiatu naiz.

Zure idazteko modua ere oso intentsua izan da?

Lehenengo urte eta erdian etenik gabe aritu nintzen, baina modu lasaian. Dokumenta-tzen hasi nintzen, pertsonaiak sortzen, iraganeko pasarteak idazten, hitz egiten, antola-tzen... Baina helburu argirik gabe eta azken datarik gabe. Joan den urteko irailetik aurrera goizero lau ordu hartu nituen idazteko, eta azken hilabeteetan zazpi bat ordu egunero. Oso intentsua izan da azken denboraldia, ia erotuta ibili naiz. Ingurukoei amaitzean gaixotuko nintzela esaten nien eta horrela izan zen. Hala ere, esan behar dut oso ondo pasa dudala. Erabat sartu naiz istorioan, oso gertukoak egiten zaizkidan gaiak dira eta oso garran-tzitsuak niretzat. Elkarrizketak idazten eta pasarte deskriptiboak egiten ere disfrutatu dut. Oso tonu gardena, errealista, zehatza eta buelta handirik gabekoa izatea nahi nuen. Hori dela eta, esaldiei mila buelta eman dizkiet.

Hamar urte igaro dira zure lehen liburutik. Nola ikusten duzu orain zure ibilbidea atzera begira?

Egiten dudan guztian %100a jartzen saiatzen naiz. Maitasunez begiratzen diet egin ditudan lan guztiei. Zerbait ez bada hobea izan, izan da momentu horretan ez dudalako asmatu, baina ez lan faltarengatik. Pasio handia jar-tzen dut eta oso zorrotza naiz. Idaztea gusta-tzen zait eta idazten dakidanetik idazten dut. Istorioak kontatzen dakidanetik istorioak kontatzen ditut. Nire modua da errealitatera hurbiltzeko, errealitatea ulertzeko eta hausnar-tzeko ere. Bide horretan asko ikasten ari naiz eta oso bidelagun onak aurkitu ditut.