Aurreko zutabean, aipatu nuen umeak umeen kultur eskaintzetara bideratzen ditugula soilik, gutxitan bururatzen zaigula gure semea edo alaba helduen kontzertu batera eramatea, edo helduen antzezlan batera, edo erakusketa batera, edota, pelikulen kasuan ere (beharbada hori izanik kultur produkturik ohikoena jende gehienaren artean), ez diegula eskaintzen koska bat harago eginaraziko dien filmik.

Funtsean, ez gara konplikatu nahi. Gutxitan joaten gara kultura dagoen lekuetara, eta, umeak eramaten ditugunean (alegia, umeei zuzendutako kulturara goazenean, esana baitago helduen kulturara ez ditugula eramaten), inor gutxi joaten da kulturaz gozatzearen ideiarekin, ezpada entretenitzeko eta denbora pasa-tzeko asmoarekin, umeen arratsaldeak nola edo hala betetzearren, gauera nekatuta heltzearren, laguntxoekin egon daitezen eta horrela txapa gutxiago eman dezaten, gustatuko zaiela aurrez badakigun zerbait enegarrenez ikustearren.

Edo inork gutxik hartzen du kotxea eta beren-beregi joan 30 kilometrora dagoen beste herri batera, an-tzezlan bat ikustera umeekin. Entretenimendua gugana badator, ondo; bestela, aparteko ahaleginik ez, begiratu ere ez “adin guztietarako” zein pelikula dagoen zineman, pentsatu ere ez alboko herriko tabernaren batean talde on batek kontzertu akustikoa eman dezakeenik, burutik pasatu ere ez museoak (edonolakoak) zeinen interesgarriak izan daitezkeen umeentzat...

Gurasoek esango dizute: ez dira entretenituko, alamena emango dute, eta... aitzakietan aitzakiena: ez dute ulertuko. Ttak, horixe da dena laburbiltzen duen tekla: ez dute ulertuko. Kultura izango balitz bezala esanahi bakarreko mezu bat, interpretazio bakarreko gezi zuzen bat. Eta interpretazio horren jabe-tza-eskubidea esklusiboki helduena balitz bezala, eta umeek, interpretazioa barik, azalpena beharko balute bezala, eszena bakoitza uler-tzeko dozenaka modu daudela onartuko ez bagenie bezala.

Guraso horiek dira, hain zuzen ere, haurrentzako antzezlan edo pelikuletan zure butakaren atzean eser-tzen diren horiexek, eszena guztiak azaltzen dizkietenak: otsoa ager-tzen bada, esango diete: “Ene! Otsoa!”; badaezpadan, ez dezaten pentsa belarri luze, isats luze eta mutur luzeko animalia marroi ile-tsu hori butaneroa dela.

Eta kontrakoa ere gertatzen da: duela gutxi, umeentzako antzezlan bat ikusi nuen alabekin: naufrago baten gorabeherak, uharte bakarti batean. Amaieran, olatu batek uhartea estaltzen du, eta, pentsa litekeenez, naufragoa hil egiten da, holakorik zuzenean esaten ez zaigun arren. Bada, nire atzean zegoen ama batek, olatu erraldoi hark zekartzan ondorioez jabetuta, eta bere umeari heriotzari buruzko azalpen deserosoak eman beharraz jabetuta ere, berehala esan zion hura ez zela olatu bat izan, baizik eta naufragoaren oheko izara, uharte osoa estali zuena; alegia, naufragoa ez zegoela hilda, baizik eta lotara joan zela.