DUELA hogei urte inguru, Internet heldu zenean, mundura irekitako leihoa zela esan ziguten,lehenago entziklopedia-saltzaileak atez ate zetozkigunean bezala, esanez armairu erdia okupatzen zuten liburu haiek jakituriaranzko leihoak zirela. Esaten ez zigutena zen, eta etxe askotan xehetasun horretaz ez ziren jabetu, jakituriaranzko leihoak zirela, baina baldineta irakurtzen bazenituen. Antzera gerta daiteke Internetekin ere: edukitze soilak jakintsuago bihurtzen gaituela pentsatzera iritsi gaitezkeela.
Ezin uka badela jakituriaranzko leihoa; beste kontu bat izango da jakituria buruan gordetzeko gai garen, ala sarea ari garen apurkaapurka bihurtzen gure memoria.
Baina kontua liluragarria da: gustura ikusiko nituzke bi burmuini egindako eskanerrak elkarren ondoan: esate baterako, bata 1990ean 20 urte zituen pertsona batena, eta bestea, gaur egun adin bera duen beste norbaitena. Interneten erabilerak nola eraldatu dituen gizakion konexio neuronalak, zein modutan ari den gure burmuina hezten edo berrezten, eta nola aldatuko gaituen horrek, ez maila pertsonalean, baizik eta sozialean, zinez gai erakargarria iruditzen zait. Izan ere, beharbada, espezie gisa metamorfosian egon gaitezke eta gu erabat konturatu ez; eta, ziurrenik, giza boluzioaren hain aldaketa sakona ez da sekula gertatu mundu osoan aldi berean, hain maila global eta azkarrean.
Aldaketa erraldoi horrek sormena garatzeko moduak ere eraldatuko ditu nolabait. Adibideak asko dira, baina Harkaitz Cano etorri zait orain burura, esan zuenean Twist idazterakoan ez zuela Wikipedia kontsultatu nahi izan, bere oroitzapenetatik eta sentsazioetatik abiatuta sortu nahi zuelako fikzioa. Alegia, guztiz erabaki kontzientea hartu behar izan zuela, fikzioa zein eremuren gainean eraikiko zuen hautatzerakoan, gaia oso gertakari errealetan oinarrituta zegoen arren: Interneteko datuei esker, egitatearen lurralde sendoa duzu alde batetik, horrek dakarren segurtasunarekin; eta oroitzapen hutsen lurralde zingiratsua duzu bestetik, jakinda hango harea mugikorretan gerriraino sartuz gero ito egin zaitezkeela.
Beti egon da aukera bikoitz hori fikzioa egiterakoan, baina orain errazago: klik gutxirekin eta etxean bertan, Alexandriako Liburutegira joan beharrik gabe. Erraztasun horrek ere aldatuko zuen idazlearen burmuina, beti baitago tentazioa gertu: lurralde zingiratsuak dira, berez, fikzioaren lurraldeak; baina, holako batean, jakin nahi duzu idazten zaren hori egiaden, sartzen ote den egitatearen parametroetan, ez ote duen raccord-eko arazorik, eta lurralde seguruetara jotzen duzu, sare infinitu horretako datuetara: lokalizazioak, koherentzia kronologikoa, hemeroteka, pertsonaien izenak, abestiak, pelikulak, garaiari buruzko testuingurua... finean, dokumentazioa deitzen den hori, baina modu masiboan Internetiesker.
Gaur egun, autofikzioaren garaiotan, idazlea bera izanik narrazioetako protagonista, oroitzapen eta bizipen pertsonalak izanik kontakizunen ardatzak, joko ezin ederragoa ireki da fikzioaren eremuan: egia inoiz baino eskurago dugun honetan, egiaren atzaparretatik ihes egitea ez ote den sorkuntzako ariketarik sortzaileena.