Biko formatuan abiatu zuten musika bidaia Leire Berasaluze eta Kristina Aranzabe gazte billabonatarrek. Lor taldearen Zure doinua abestiaren bertsio bat grabatu zuten 2007an. Bideoa Youtube plataformara sareratu eta berehala izugarrizko arrakasta izan zuen. “Ez genuen espero inondik inora. 15-16 urte genituen, ume batzuk ginen. Kantu horrek eduki zuen arrakasta ikusirik, gure gitarra irakasleak musika taldea sortzera animatu gintuen”, kontatu du Berasaluzek. Esan eta egin: lagun batzuk elkartu eta Lain sortu zuten.
Taldearen hastapenak ezustekoz beterikoak izan ziren, izan ere, Aukera berri bat abestiarekin Euskadi Gaztea XVIII. Maketa Lehiaketa irabazi zuen Lain-ek, 2009an. Berasaluzek bidali zuen kanta lehiaketara, taldeko beste inork ezer jakin gabe eta “sorpresa itzela” izan zela kontatu du abeslariak. “Taldekideen iri-tziz, grabazioa ez zegoen ondo, baina azkenean inori ezer esan gabe bidali egin nuen. Gainera, Kristinaren telefonoa utzi nuen eta irabazi genuela jakinarazteko deia berak jaso zuen”, gogoratu du barrez.
Handik gutxira lehen diskoa argitaratu zuten, Lain izenekoa, eta BBK Live jaialdian kontzertua jo zuten. Taldearen lehenengo kontzertuetariko bat izan zen eta “txundituta” zeuden. “Oso gazteak ginen, hain handi ikusten genuen dena? Egia esan, orain dakigunarekin gustura bueltatuko nintzateke momentu hartara”, agertu du Berasaluzek.
Herriko plazetan, areto txikietan zein musika jaialdietan jo izan du Lainek. Leku bakoitzak bere xarma duela uste dute, berezitasun propioa. “Leku handi batek errespetua ematen dizu -dio Berasaluzek-. 2013ko udan, Saguesen jo genuenean beldurtuta nengoen, ea ez zen inor agertuko. Baina gero, jende piloa zegoela ikustean, zirraragarria izan zen”. Era berean, kontzertu txikietan ere, publikoarekin “intimitate edo lotura handiagoa” lortzen dela gaineratu du Berasaluzek.
Heldutasunerako bidea Zortzi urteko ibilbidean hiru disko argitaratu ditu taldeak: Lain, Leihoak eta Tximeletak. Gazterik hasi ziren musikaren munduan eta urteek aurrera egin ahala aldaketak izan dira euren estilo zein letretan. Musikalki, pop-rock estiloan barneratu zen taldea hastapenetan, baina urteekin garapen nabarmena izan du taldeak eta rock indartsu eta dinamikoa jorratzera iritsi da. “Nik uste nerabezarotik heldutasunera gerturatu garela, ez baitira berdinak 15 urterekin konposatzen dituzun abestiak edo orain, 24rekin egiten dituzunak. Eboluzionatu egin dugu, noski”, uste du Berasaluzek. 2013an Imanol Urkola gitarra-jotzaileak, ikasketak zirela-eta, taldea utzi zuenean, Mikel Benito sartu zen. Aldaketa horrekin, konturatu ziren bi gitarrarekin euren musikak asko irabazten zuela eta Joseba De Arribari taldean jotzen hasteko eskaintza egin zioten. Heavy metal-etik zetozen biak eta euren kutsua eman zioten taldeari.
Lain-en ibilbide luzeak oroitzapen eta bizipen askorako ematen du. Berasaluze eta Aranzabe bat datoz kontzertu gogoangarri bat aukera-tzerako orduan. Biek ala biek Euskal Herritik kanpo aurrenekoz jo zutenekoa dute momentu berezienetakotzat. Londonen izan zen, hain justu. “Lain osatzen dugun seiok jotzen genuen lehen aldia zen eta baita elkarrekin egiten genuen lehen bidaia ere. Konexio itzela sentitu nuen”, kontatu du Aranzabek. Berasaluzek ere emozioz gogoratzen du kontzertu hura: “Euskal talde piloa joan ginen: Su Ta Gar, Hesian, Governors, Gatibu? Harrera itzela egin ziguten; jende ingelesa zegoen, baina baita hemendik hara joandako euskaldunak ere”.
Asko kostatako agurra Zortzi urteko bideari amaiera ematea erabaki dute Lain-eko kideek. Sare sozialetan agur mezu bat argitaratu zuten orain dela gutxi, zaleei “zor zieten azalpena” emanez. Erabakia hartzea “oso gogorra” izan dela aitortu dute Aranzabek eta Berasaluzek. “Lain ez da soilik musika talde bat, gure familia da, eta musikarekiko pasioz gain, gure arteko elkartasuna eta egiazkotasuna izan dira taldearen zimenduak”, dio Aranzabek. Berasaluzeren ustetan “fusio polita” ere badute Lainen: “Lain ikustera datorren jendeak jasotzen du nola bizi dugun musika eszenatoki gainean. Pena handia ematen du bukatu egingo dela jakiteak, baina leiho batzuk itxi egiten diren moduan, irekiko dira berriak ere”.
Hiru disko, zortzi urte musika sor-tzen eta jotzen? Lainen jaiotzetik agur esan arte bizitako prozesuari hitzak jarri dizkio Aranzabek. “Tontor altu batera igotzea bezalako ibilbidea izan da. Hasieran, esfortzu gehiegirik gabe abiatu ginen, bide lauan, inguruko baldintza guztiek dena erraztuta. Baina denborak aurrera egin ahala, aldapak ager-tzen hasi ziren. Horrekin, gorputza eta burua ere ahultzen doaz noizbehinka, baina taldearen indarrak eta batasunak lagundu digu momentu zailenetan. Hainbatetan, atseden hartu behar izan dugu, arnasa hartu, zein bide jarraituko dugun birpentsatu eta berriro ere bideari ekin. Azkenean, gailurrera iritsi gara, arnasestuka bada ere, eta tontorrean gure aztarna utzi dugu. Harro gaude egindakoaz”.