Bideo-jokoen munduan, kontsola desberdinak aldi berean salgai egon diren aldiak dira belaunaldiak. Epe-aldi hauetan, kontsola bakoitzak potentzia jakin bat izaten du, eta nahiz eta modelo hobetuak aurkeztu, beraien poten-tzia berdin mantentzen da. Baina belaunaldi honetan, modelo hobeak ezagutarazteaz gain, ahaltsuagoak ere izaten ari dira.

Joera hau Nintendok hasi zuen duela bi urte, New 3DS kontsola eramangarria aurkeztu zuenean. Kontsola hau originalaren bertsio hobetua da, eta jokoek errendimendu handiagoa ematen dute. New 3DSren arrakasta ikusita, Microsoft eta Sony urrats berdina ematera ausartu dira, eta beren mahai-gaineko kontsolen bertsio hobetuak ezagutarazi dituzte.

Microsoftek Xbox One S aurkeztu zuen ekainean, originalaren bertsio ahaltsuago bat. Askoz txikiagoa da tamainaz, eta jokoek errendimendu hobea daukate. Uztailean jarri zuten salgai Euskal Herrian. Baina hori ez da dena: azaroan, Scorpio bertsioa salgai jarriko da, aurrekoa baino are bertsio ahaltsuagoa. Sonyk, bere aldetik, PS4 Pro kontsola aurkeztu zuen irailean, PS4 originala baino askoz ahaltsuagoa. Hori ere azaroan jarriko da salgai Euskal Herrian. Jokoek errendimendu hobea izango dute kasu horretan ere.

Mugimendu hauek erreakzio sorta ekarri dute. Nagusiki, izua eta haserrea sortu dute jatorrizko kontsolak dituzten erabiltzaileen artean. Aurrerantzean jokoak kontsola berrituentzat prestatuta egotearen beldur dira, baita bideo-joko zaharretan errendimendu txarra izatearen beldur ere. New 3DSren kasuan, hor dugu Xenoblade Chronicles 3D jokoa, kontsola honetarako esklusiboa dena, eta kontsola originalean erabili ezin dena.

Xbox One S, Scorpio eta PS4 Pro kontsoletan ere antzeko egoera ematearen beldurra nagusitu da. Dena den, Sony eta Microsoftek horrelakorik ez dutela egingo baieztatu dute, eta ondorioz, joko guztiek kontsola originaletan ondo funtzionatu beharko lukete. New 3DSk salmenta onak izan ditu bi urte hauetan, baina kontsola honen bideo-joko esklusibo bakarrak ez zuen arrakastarik izan. Horren ondorioz, Nintendok ez du kontsola berrituarentzako bakarrik prestatutako joko gehiagorik atera. Hori jakinda, baliteke Microsoft eta Sonyk bide berdina jarraitu nahi ez izatea.

Beldurrak beldur, jendea lasai egon beharko litzateke. Sony eta Microsofti erabiltzaileak pozik eta gustura edukitzea komeni zaie, kontsola zaharkituetan bideo-joko berrietara behar den bezala jokatzeko aukera emanez. Nintendok ondo ikasi du kontrakoa egitea ez dela bidea, eta beste biek ere ez dute bide hori jarraituko, itxura guztien arabera.

Kontrakoa eginez gero, ondorioak latzak izango lirateke. Hurrengo belaunaldian jende askok ez ditu kontsola berriak hasieratik erosiko, eta bertsio hobetuen zain geldituko da. Horrez gain, jatorrizkoak hasieratik erosi zituztenak traizionatuta sentituko dira, eta ez diete berriei inongo aukerarik emango. Egoera horrek diru-galera handiak ekarriko dizkie kontsola-fabrikatzaileei, eta horiek, noski, horrelako egoera bat saihestu behar dute nola edo hala.

Amaitzeko, kontuan izan hilabete honetan Nintendok kontsola berri bat aurkeztuko duela. Oraindik ez dakigu ezer, baina zurrumurruen arabera, etxeko kontsola eta eramangarrien arteko hibrido bat izango da. Laster izango dugu proiektuaren berri.