Fernando Aire Etxart Xalbador bertsolari handia gogoan hartuko dute Urepelen, urriaren 22an eta 23an, Deiadarra elkarteak urtero antolatzen duen Xalbador Egunean. Ipar Euskal Herrian euskara, euskal kultura eta, bereziki, bertsolaritza indartzeko ezinbestekoak izan ziren Teodoro Hernandorena eta Emile Larre, eta Xalbadorrekin lotura estua izan zuten. Hori dela eta, omenaldia egingo diete.
Belaunaldi desberdinetakoak izanagatik, ondo ezagutzen zuten elkar Hernandorenak eta Larrek, euskaltzale sutsuak baitziren biak. “Euskara eta bertsolaritza zuten biek buruan”, azaldu du Joxemari Iriondo Deiadarra elkarteko kideak. Pilotazale amorratuak ere bazirela dio. Hernandorena eta Larreren ekarpenaz hitz egingo du Iriondok Xalbador Egunean, biak ondo ezagutu baitzituen.
Gipuzkoako Zizurkilen jaio zen Teodoro Godofredo Hernandorena (1898-1994) eta Gerra Zibilaren aurretik Euzko Gazteriko eta Euzko Alderdi Jeltzaleko kide ezaguna izan zen. Kulturgintzan aritu zen batez ere eta, bertsozalea izanik, makina bat saio antolatu zituen. Joxemari Iriondoren arabera, Hernandorenak zioen “bertso saio batek hamar mitinek baino indar handiagoa” zuela jendea abertzaletasunera lotzeko orduan. “Bertsoak oihartzun handiagoa izatea nahi zuen eta Aitzol, Manuel Lekuona eta beste asko bertsolaritzari buruzko hitaldietan parte hartzera bultzatu zituen”, kontatu du Iriondok.
Gerrako porrotak ihes egitera behartu zuen Hernandorena. Horren gertakari traumatiko batek, ordea, mesede galanta egin zion garai hartako Ipar Euskal Herriko bertsolaritzari. Hernandorena hara heldu zenean, arlote eta mozkortitzat jo-tzen ziren bertsolariak. “Bertso girorik ez zuen ikusten eta handik eta hemendik galdezka hasi zen”, dio Iriondok. Hala, azterlan sakona egin zuen, inguruko bertsolariak aurkitu nahian. Xalbador eta Mattin izan ziren horietako bi. Beste hamasei ere aurkitu zituen.
Xalbadorrek berak aitortzen du, Odolaren mintzoa liburuan, Hernandorenari esker atera zirela plazara. Iriondok zalantzarik gabe dio hori hala dela, zizurkildarrari esker egin zirela ezagun Xalbador eta beste asko. Herriz herri txapelketak antolatzen ibili zen eta Parisko Euskal Etxean ere eratu zuen bat, 1958an, garaiko bertsolari ospetsuenekin: Xalbador, Mattin, Basarri eta Uztapide izan ziren finalistak. Irratian eta telebistan eman zuten saio haren berri.
Iriondok dioenez, Hernandorena iaioa zen antolakuntzan: “Lanbidez odontologoa zen eta jendearekin elkartzeko adurra zuen; sinpatiko hutsa zen, harremanak egiteko ikaragarrizko erraztasuna zuen”. Bertsolaritzaren eta euskal kulturaren alde erabili zuen dohain hori.
GAZTEEN BULTZATZAILE
Emile Larre (1926-2015), aldiz, Baigorrikoa zen, Nafarroa Beherekoa. Apaiza, euskaltzaina eta idazlea izan zen, baina, batik bat, euskararen, bertsolaritzaren eta pilotaren maitale suharra. Hernandorenak irekitako bidean sakondu zuen, inurri lan baliotsua eginaz. “Harekin hitz egitea plazer bat zen, gizon maitagarria eta bertsozale ikaragarria zen”, gogoratu du Iriondok.
Aiherran apaiz izan zen urteetan, Euskal Eguna antolatzen zuen Larrek eta bertsolari ospetsuak zein atzetik zetozen gazteak eraman zituen hara kantatzera. “Entzuleek Xalbador eta Mattin nahi zituzten, baina beste bertsolari batzuk ere bazirela erantzuten zuen, saiatzen zen bertsolari gazteei sarrera ematen”, azaldu du Iriondok. Mihura, Alkhat, Arrosagarai, Mendiburu eta beste askori plazak ematen lehenengoetako bat izan zen Larre.
Beti itzalean lan egin arren, Larrek bazuen ideiak garbi eta zorrotz adierazteko gaitasuna. “Iparraldeko euskara sakon aztertu zuen, zuberera ederki ezagutzen zuen eta Nafarroa Behereko euskara modu harrigarrian hitz egiten zuen”, dio Iriondok. Xalbadorren Odolaren mintzoa liburuko hitzaurrea ere idatzi zuen. Herria aldizkariko zuzendari izan zen urte askoan eta, Iriondoren esanetan, idazlan baliotsuak plazaratu zituen han. “Jakin nahi nuke zenbat artikulu idatzi zituen bertsolaritzaz, pilotaz eta euskal kulturaz. Norbaitek Herria-n dauden artikulu horiek bildu eta argitaratuko ahal ditu!”.
Ondo merezitako omenaldia jasoko dute, beraz, Hernandorenak eta Larrek Urepelen. Ipar Euskal Herriko bertsolaritza ihartzeko zorian zegoen unean kimu berriak aurkitu zituzten. Ondorengo urteetako loraldia, Xalbador buru zuena, neurri handi batean haiek egindako bidegile lanari esker etorri zen.