Barolo eta Barbaresco bi anai dira, elkarri ulertzea derrigortuak dauden Piemonteko Romulo eta Remo. Ez da gutxiagorako, izan ere, udalerri gutxik daukate Italiako ardorik onenak ekoiztearen ospea. “Barolo gogorra da, izaera handikoa. Barbaresco, berriz, leunagoa, anaia txikia”. Bruno Cerettok ondo baino hobeto ezagutzen ditu bi lehiakideak, Langhetako eskualdea mundu mailan famatu egin duten bi ardoak.

Mahatsaren zuku gorria produzi-tzeari 1970eko hamarkadan ekin zion Brunok. Piemonteren biho-tzean dauden mendixka dotore hauek ia ezezagunak ziren orduan. “Baroloa nekazarien ardoa zen”, esan du argiki. Baina Brunok, bere anaiak eta beste hainbat familiek eskualdea indarberritzeari ekin zioten. Ceretto familiaren upeltegian, hasierako ilusio bera sumatzen da. “Langhetako paisaiaren handitasunean sinestu genuen”, azaldu digu Brunok.

Apustu segurua, esango lukete askok. Mahastiez, hurrondoez eta altzifreez jantzitako mendixkek ondare arkitektoniko paregabea gordetzen dute. Erdi Aroko Barolo, Barbaresco, Neive eta Alba herriek hamaika altxor artistiko ezkutatzen dituzte. Baina hori ez da eskualdeak gordetzen duen sekretu bakarra. Langheak trufa zuriaren paradisu bat ere badira. Horregatik, gero eta turista gehiago anima-tzen da eskualdearen txoko guztiak ezagutzera. “Bat-batean, agertoki zinematografiko bat bilakatu da Piemonte. Telesailak eta filmak grabatzen dituzte. Proventzaren era Toskanaren parean gaude”, azaldu du Brunok ironia mikatzez.

Baina Hollywood ez da eskualdearen zerbitzura jarri den bakarra. Paisaiak, arkitekturak eta enogastronomiak osatzen duten konbinazio ezin hobearen ondorioz, UNESCOk ondare berrien artean izendatu du eremua. Horregatik, egin duten lanaz eta izan duten ausardiaz harro dago Bruno: “1974an ardo kaskarra zen Baroloa, beraz, zerotik hasi behar izan genuen. Inork ez zuen gure proiektuan sinesten, baina ekintzaile bat progresista ez bada, zein izango da, zergak jasotzen dituena?”, esan du.

Brunoren mahastietan aurkitu dugu Andrei. Errumaniatik Italiara ihes egindako gizon honek Ceretto familiaren lurretan aurkitu zuen lana duela 25 urte. Orduz geroztik, berea egin du ardogintza: “Mahasti eta hurrondo hauek nireak balira bezala maite ditut. Bakoitzak bere arreta behar du, urtaroan-urtaroko laguntza”. Andreiren pasioa hurrengo belaunaldietara iritsi da gainera. “Nire seme-alabak hemen jaio dira eta lanbide honen artea ikasi dute”, esan digu pozik. Langhetako mendixketan urtaroko langile asko daude, baina Andreiren dedikazioak leku pribilegiatu batean utzi du. “Gazte asko etor-tzen da mahastietan lan egitera eta nik beti esaten diet: muino hauek ezagutu bezain pronto beraiekin maiteminduko zarete”.

Hain zuzen, mendixka hauetan gastronomiaren inguruko filosofia berri bat hezurmamitu da: Slow Food edo Janari Geldoa. 1986an, globalizazioaren eta presaren gizartearen ikurrik handiena den Mac Donalds-i aurre egiteko, Slow Food elkartea jaio zen Baroloren biho-tzean. Filosofia honen sortzailea da Carlo Petrini soziologo eta kazetaria: “Bidezkoa den produktu bat jasotzeko bidezko prezio bat ordaindu behar da”, adierazi du Petrinik. Janari Geldoaren filosofiak denboraren indarrean sinisten du, hau da, homogeneotasunari aurre egin eta ama lurraren eta gizakiaren arteko oreka berri batean.

Hala, Carlo Petriniren filosofiaren ondoriorik argiena da Pollenzoko Zientzia Gastronomikoen Unibertsitatea, mundu mailako gainontzeko unibertsitate gastronomikoen ama. Horregatik, ez da harritzekoa Langhetan jaiotako ekimen guztien sinboloa barraskilo bat izatea. Eremu honetan Zero Kilometro delakoa bultzatzen da. “Eskualdean produzituriko produktuak eskualdean bertan saltzen dira, hein hain batean”, diosku Cerettok. Toskanari itzala egiten ari zaio Piemonte.