Filosofia bat, estilo bat eta mundu oso bat da Tea en la azotea. Bere mintzaira oihalak, hariak, alanbreak eta artileak dira, horiekin guztiekin gorpuzten baititu bere ideiak. Gabriela Barrio (Iruñea, 1970) historialariaren sorkuntza marka da eta Tea panpinaren bidez hamaika pertsonaiaren larruan sar daiteke. Ez dira panpina hutsak, izaera propioa duten pertsonaiak baizik, soilak baina bereziak. “Nire burutik eta eskuetatik ateratzen den guztia da Tea en la azotea”, aitortu du. Ametsak hezurmamitu ditu haren bidez. Panpinak bere sorkuntzaren alderik ezagunena badira ere, intsektuak, txoriak, lepokoak, brotxeak, libretak eta otutzen zaion guztiak osatzen du bere unibertso partikularra, egunerokoa eta poetikoa.
“Bat egiten dugu Tea eta biok”, ez du dudarik Barriok. Bere alter-egoa da Tea, lan-tresna eta bitartekoa jendaurrean aurkezteko, barnean daraman guztia azaleratzeko. Denborak eta espazioak ipintzen dizkion mugak gainditzen ditu horrela, ailegatzen ez denera iristeko. Bizitzaren hamaika egoera islatzen ditu panpinen bitartez, agerian utziz egunerokoaren sinpletasuna eta edertasuna. Artearen Historian lizentziaduna da Barrio, baina “betidanik” eraman du izaera sortzailea barnean, eta Tea en la Azotearekin loratu baino ez da egin: “Tea nire ezagutza guztien ontzia da; urte hauetan landu dudan guztiaren emai-tza”. Orain dela gutxi, gainera, www.teaenlaazotea.com webgunea aurkeztu du, bere sorkuntza guztiak zabaltzeko asmoz.
Panpinak eta historia uztartuz Historia eta sormena lotzea lortu du, eta Historia panpinez bitartez irakasteko erakusketak egiten ditu Barriok. Atzera begira jarri da Tea eta Nafarroako Blanca erregina bihurtu da, juglareak eta heraldoak ondoan dituela. XV. mendera jauzi egin zuen Barriok eta Erriberriko Antzerki Klasikoaren Jaialdian Tea eta Erriberriko gortea irudikatu zituen panpinekin. “Oihalezko panpinen bitartez historia irakatsi dezaket, pausu berri bat da. Izan ere, historia sentitzeko bizi egin behar duzu”, dio. Modu “erakargarri” batean, irudimena eta sormenaren bidez iragana uztartzeko gai da. Historia datu-basetik ateratzea garrantzitsua dela deritzo, “kultur bizia” mantentzeko. “Edozein baliabide erabili daiteke Historia irakasteko. Hau osagarria da, eta emozioen bitartez ume zein helduei heltzen da Tea”.
Teak Ponpeiara eginen du bidaia heldu den maiatzean eta erromatarren garaiko pertsonaien lekukotasuna islatuko du Barriok haren bidez. Dagoeneko hasi da dokumentatzen eta panpinak prestatzen, erakusketa Iruñeko Ormolu arte-galerian aurkezteko. Maite du Historian murgiltzea eta, detaile eta xehetasun txikienetan arreta jarriz, berau ahalik eta ondoen islatzen ahalegintzen da. Duela urte pare bat, gainera, William Shakespearek ida-tzitako Uda gau bateko ametsa berrinterpretatu zuen, eta jauntxoen, maitagarrien eta iratxoen mundura jauzi egin zuen. Aurreran-tzean, “erakusketa handi bat” egitea gustatuko litzaioke.
Erakusketez gain, partikularrek eskatutako panpinak ere sortzen ditu Barriok. Tea adina pertsona sortzen dira horrela, hamaika pertsonaiaren larruan sar daitekeelako. Tea erizaina da, historialaria, ama, lorezaina, musikaria, mendizalea.... “Edozein pertsonaren bizitza islatzen du Teak, jendea identifikatzen da berarekin, eta askotan esaten didate: Hauxe da nire Tea. Ederra da hori”, azaldu du.
Panpinak sortzeko prozesua desberdina da enkarguak egiten dituenean edo erakusketak prestatzen dituenean. Biak maite ditu Barriok, eta pertsona edo pertsonaiaren “mamia” biluzten saiatzen da beti. “Erakusketak egiten ditudanean ikertzea eta informazioa biltzea oso garrantzitsua da; detaile guztiak kontuan hartzen ditut, eta iraganera bidaia egiten dut”, azaldu du. Horrez gain, partikularrek enkarguzko panpinak eskatzen dizkiotenean “berezia” dela dio, eta hunkitzen da irudikatu nahi duten pertsona maitasun osoz deskribatzen diotenean. “Bakoitzaren esen-tzia ateratzea da gakoa”.