Tania de Sousa musikari zestoarrak bakarkako ibilbideari ekin dio. Soinu eta bide berrien bila dabil, ohiko estilo tradizionalekin aspertuta. Maiatzean grabatzen hasiko den lehenengo diskoa Fermin Muguruzak ekoiztuko du. Hil honen amaieran, crowdfunding kanpaina jarriko dute martxan lan berri hau finanziatzeko.

Gure burua etengabe berritzen egon beharko ginatekeela uste du Tania de Sousak, Zuloak eta The Dispositives taldeko abeslari ohiak. Bide ezberdinak ibiltzeko, gauza berriak frogatu eta ikasteko. Eta horretan dabil musikari zestoarra, maiatzean bere bakarkako lehenengo diskoa grabatzen hasiko baita Tolosako Bonbereneako estudioetan. "Zerbait berria egin nahi nuen, nire kantak eta nire estiloa landu nahi ditut, eta, horretarako, askatasuna behar nuen. Proiektu berri honek hori guztia egiteko aukera ematen dit", nabarmendu du De Sousak.

Lehenengo pausua musikariak aukeratzea izan zen, eta, honetan ere, zer nahi zuen argi zeukan De Sousak. Fermin Bouzak, bere bikote eta Correos taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak, jada parte hartu zuen lehenengo maketak grabatzen eta produzitzen. Ostean, Maitane Alonsori, The Dispositives taldeko baxu jotzailea izandakoa eta betiko laguna, luzatu zion proiektu berri honetan parte hartzeko gonbita. Eta, azkenik, ezaguna zen Ander Del Sol bateria jotzailea gehitu zitzaion. "Finean, esperientzia ona bizi eta gero, jende lagunarekin bilatzen duzu lan egitea", zehaztu du.

Euskal Herrian euskaraz egiten den estilo tendentziaz ihes egin nahi du De Sousak bere ibilbide berri honetan. "Ez dut ezer besteek egiten dutenaren aurka, baina, orokorrean, rock eta pop estilo tradizionalarekin aspertuta nago. Zerbait berria behar dela senti-tzen dut", azaldu du. Hortaz, Zuloak eta The Dispositives taldeetan landutako estilotik aldenduko da, kanta motelagoak aukeratuz eta bere ahotsa lasaituz. "Pop melodiak egongo dira, oso eraginkorrak, eta konponketen aldetik, gauza landuagoak ere izango dira", gehitu du. Horretarako, sintetizadoreak erabiliko dituztela aurreratu du, bai diskoan, baita zuzenetakoetan ere. "Oraingo honetan sofistikazio puntu bat egongo da", laburbildu du. Hala ere, disko berrian De Sousa bera ere agerian egongo dela ziurtatu du abeslariak. "Rocka da nire abiapuntua eta maitasuna nire gai nagusia. Maitasunezko hitzak aldarrika-tzea da nire nahia", adierazi du.

Muguruza, bidelagun Urtarrilean hasi ziren entseguekin, Donostiako Igarako lokaletan, eta diskoa irailean kaleratzeko asmoa dute. Ondoan, Fermin Muguruza eskarmentu handiko musikari eta dokumentalista ezaguna izango dute, berak ekoiztuko baitu De Sousaren disko berria. "Fermin pertsona oso metodikoa da, langilea eta jakituna. Berari esker, egunero ikasi eta zuzentzen duzu zerbait", dio esker onez zestoarrak.

Bestalde, diskoa finantzatzeko crowdfunding kanpaina bat martxan jarriko dute, Verkami plataformaren bidez. "Ekonomikoki diskoa finantzatzeko laguntza jasotzeaz gain, batez ere proiektuaren inguruan komunitate bat sortu nahi dugu, jendearen jakinmina piztuz", agertu du. Crowdfunding kanpaina etzi jarriko dute martxan (hilak 28), eta, dagoeneko, aurkezpen bideoa ikusgai dago bere webgunean (www.taniadesousa.com). "40 egun iraungo du kanpainak, epe horretan jendearen aportazioak jasoko direla. Horren truke, hainbat opari banatuko ditugu: kontzertuetarako sarrerak, deskarga digitalak, kamisetak edota, jakina, diskoa bera", azaldu du.

Egun hauetan, buru-belarri ari dira diskoaren aurreko maketa grabatzen Bonberenean, eta orain arte lortutako emaitzarekin pozik agertu da De Sousa. "Nire bizitza musika da, eta oholtzaren gainean erakutsi nahi dut egiten dudana. Hortaz, entsegu guztiak kontzertuei begira egiten ditugu. Zuzenekoan, hor bai, indarra nahi baitugu", nabarmendu du.

Eskarmentu handiko esperientzia Halaber, Zuloak eta The Dispositives taldeetan egindako ibilbidean ikasitako guztia ez duela inoiz ahaztuko ziurtatu du Tania De Sousak. "Oso denbora gutxian taldean lan egiten eta zailtasunei aurre egiten ikasi nuen, baita eszenatoki baten gainean heldutasun puntu bat lortu ere", gogorarazi du.