XVI. mendeko arratsalde epel batean, edo beharbada malenkoniaz betetako goiz euritsu batean, Maria Estibaliz de Sasiola andreak paperaren gainean izkiriatu zituen bihotz-barrenean katibu zeuzkan sentimenduak:
Hauxe dugu emakume euskaldun batek euskaraz idatzitako lehendabiziko testua, eta bertan ageri zaigu Venezia eta euskaldunen arteko lotura historikoei buruzko lehenengo aipamena. Baina Serenissima eta euskaldunen arteko harreman horiek dexente aspaldikoagoak dira, historialarien hitzetan.
Horrela, Baionako Pont-Mayou karrikako altzari-saltzaileek Veneziako ispilu ederrak saltzen zituzten XVI. eta XVII. mendeetan, eta Nafarroako gortesauek Veneziako zetak erabiltzen zituzten Erdi Aroaz geroztik, Europako beste herrialde batzuetatik ekarritako ehun eta oihal finekin batera.
Karlos III.a nafar erregearen gortean, halaber, Pierres de Venecia izeneko kapera-maisua ageri zaigu 1399 urtean, eta XVI. mendearen amaieran, Nafarroa aldean ibili omen zen Veneziako Tiziano handiarekin batera ikasi zuen Paulo Schepers artista flandestarra ere, Villahermosako dukeak ekarrita.
poemak kapitainari Nolanahi ere, Maria Estibaliz de Sasiolari zor diogu Veneziaren euskarazko lehenengo aipamen idatzia. Baina nor zerabilen gogoan lehen euskal emakume idazleak amodiozko poema horretan "obeago da Venescia" idatzi zuenean?
Patri Urkizu irakasleak 2005ean Lapurdum aldizkarian planteatu zuen hipotesiaren arabera, Estibalizek Juan Ruiz de Velasco kapitainaren oroimenez idatzi zuen poema hori, baina kapitaina, denboraren poderioz Filipe II.aren konfiantzazko gizona bilakatu eta turkoen aurkako guduetan jardungo zuena, beste emakume batez maiteminduta zegoen.
Sasiolaren amodiozko poema hori eta beste bi, Borja Aginagaldek 2003an Madrilgo liburudenda batean aurkitutako Joan Perez Lazarragaren eskuizkribuko orrialdeen artean azaldu ziren. Honek beste galdera bat dakarkigu: nola iritsi ziren Sasiolaren poemak Lazarragaren eskuizkribura?Urkizuren esanetan, Sasiolak horrenbeste miresten zuen Juan Ruiz de Velascoren semea, Juan de Velasco, Lazarragaren alaba Mariarekin ezkondu zen, eta aitaginarreba hil zenean, Juanek arabarraren idazkiak bildu eta Sasiolarenak erantsi zizkion.
Geroztik, ia 200 urte igaro behar izan ziren, euskarazko testu batean Veneziaren hurrengo aipamena aurkitu arte, Joakin Lizarraga Elkanokoak, Augustin Kardaberazek eta Frantzisko Laphitzek San Inazio Loiolakoaren bizitzari buruz landutako idazkiei esker.Joan Ignazio Iztueta zaldibiarrak ere Venezia aipatu zuen 1847an, Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia kronika-liburu luzean, Joan Idiakez gipuzkoarraz mintzo zela, Filipe II.aren enbaxadore -edo biralkina- izan baitzen Adriatikoko estatu-hirian.
Venezia euskal prentsan Era berean, Bilboko Jardines kalean argitaratzen zen Euskalzale aldizkariak Pillipa Zugatzaga zornotzarrak osatutako Matxin mungiarra eleberria zatika argitaratzeari ekin zion 1899an. Hemen ere, Veneziari buruzko aipamena irakur dezakegu, XVI. mendeko egoera geopolitikoari buruzko deskribapenean: "Aspaldian Turkoak kalte andiak egiten euezan itsas-lapurretakaz. Agaitik Karlos Beneziatarrakaz alkartasunean batu zan arei eutsin eta iarkiteko".
Veneziaz euskal literatura klasikoan aurki dezakegun azken aipamenetako bat, seguraski ederrena, Juan Bautista Bilbao Batxi arratzuarrak bidali zuen Euzkadi egunkarira, Lehen Mundu Gerraz informatzeko Europako herri desberdinetatik igorritako kroniketako batean: "Kaleak euki biar leukezan tokijan daukoz ibaiak; etxiak danak dagoz ur-onduan, eta etxerik eztago bere atian gondola edo txanela ez daukonik. Uriak daukon tokirik ederrena Piazza di San Marco da, gustizko zei edo plaza ederra; ainbat uso dagoz bertan eta ibilten dira oñez zeian bertan eta iñok be eztautse ezer egiten".