Kostata, baina euskal kultura eta ondarearen bi erakustaldi ezagunenek (pilota eta entzierroak) aurten bizi izan dute, urtetako isilunea eta gero, munduratze-prozesua bi dokumentalei esker. Encierro egin zuen Herbeheretako zinegile batek, 3D formatuan, eta orain pelotari egokitu zaio nazioarteratze prozesua. Orson Welles pilota mundua ezagutu eta liluratuta geratu zenetik ezer gutxi egin da ondoren, hamarkada geroago Ameriketako Estatu Batuetan jai-alaiarekin txundituta geratuko zirela jakin aurretik. Egun, Pelota dokumentala ari dira garatzen. Zuzenago esanda, Pelota II, aurrez film labur bat egin baitzuten gai berarekin Jørgen Leth eta Olatz Gonzalez dokumentalgileek. Abiapuntua pilotariaren eta pilotaren arteko harreman gazi-gozoa izan da. Frontoietara joaten diren askok jakin badakite pilotariek pilotarekin erakitzen duten amodio-gorroto lotura (pilota arina dela, astunegia dela?). Funtsean, pilotaren aukeraketaren diktadura eta ezinegona. Punpa enpresatik ehun bat pilota irtetzen dira astero, eta horietatik lau bakarrik izaten dira partida horretako protagonistak. Beste kiroletan pasatzen ez den aukeraketa-prozeSUA, alegia. Horixe baita dokumental horren heldulekua: hasierako zalantza horiek, galderak, probaketak, eta aukeraketaren urduritasuna. Kolpekadak, aurkariaren begirada, poztasuna, ukimena, eta berriro ere, kolpekada bakoitzaren soinua eta nerbioa. "Lehenik eta behin, pilotariaren ordezkaria, intendentea da, bilaketa horren arduraduna. Behaketa zorrotzaren emaitzaren emalea", adierazten dute dokumentalaren sortzaileek.

Dokumentalgileen profila ikustea besterik ez dago lan honen poetika hori ulertzeko. Jørgen Leth (Aarhus, 1937) artista daniarrak 15 liburu argitaratu ditu dagoneko eta berrogeita hamar pelikula egin ditu. Munduko hainbat lekutan atzera begirakoa eskaini diote. Pelota (1983) dokumentalarekin Bilboko Zinebin irabazi zuen, eta hiru urte beranduago, Notebook from China lanarekin gailendu zen. Olatz Gonzalez (Bilbo, 1973), berriz, antropologa da eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. 2005ean Pelota vasca: un ritual, una estética argiratatu zuen, AEBtan ere argitaratu zutena iaz.

Pilotaren egiaren eta mistikaren bila ibili izan dira. Excalibur eta Arturo erregearen pare edota zapata eta Marierrauskin bezala (konparaketak dokumentalgileenak dira). Pilotazaleek oharkabean sumatzen duten kolpekada horretan arreta jarri dute, pilota eta eskuaren arteko hartu-eman edo egokitze-prozesu horretan, atzerritarrei edo pilotan hasi berri direnei, oraindik orain, eragiten dien sumin horretan baliatuz.

Bi aurkari/antagonista Zein pilotari lirateke pilotari aurkariak, edo oso bestelakoak? Dokumental sortzaileek argi dute pilota mundua eduki edo osagai berberaren errepikapena dela: indarra abilezia edo maltzukeriaren kontra. Eta euren ustez, Martinez de Irujo eta Olaizola II. dira eredu garbienak. "Antagonismo hori gizarte polarizatu baten erakusgarri da. Izaera kalkuluaren kontra. Soziologiari dagokionez, hegoaldea iparraldearen aurka. Hau da, lautada eta zelaia mendiaren aurka", argudiatzen dute. Ildo horretan, Martinez de Irujo eta Olaizolaren artean topa-tzen dituzten desberdintasunak nabarmenagoak dira: euskara eta gaztelania. Eta nortasunak nortasun, pilotazaleen artean, frontoira joaten direnen artean, Oteizak euskal arimaren aterpetzat hartzen zuen horretan, berehalakoa ei da bataren edo bestearen aldeko edo kontrako sentimendua. Dokumentalak balio izango du euskal pilotaren nortasuna eta estetika mundu zabalean erakusteko. Euskal Herria marka saltzeko. Izan ere, frontoiaren aterpe horretan, herriaren muina ere baden horretan, herriaren beraren eraketa eta jerarkia erakutsiko dute. "Euskal geografia osoa frontoiez josita dago. Eliza eta udaletxea ondoan dituela", diote. Dokumentalak, bestalde, hipotesi bat defendatzen du. Pilota modernizazioaren aurkakoa dela. Tesi horren inguruan beste makina bat kontu astindu daitezke: Joxean Tolosaren modernitatea, frontoien kolorea, telebista errealizazio eta lokuzioa, eta pilotarien telebista eta zine-kameoak... Baina, horiexek, beste frontoi batzuk dira.