Urtero gai baten inguruan antola-tzen dituzte biltzarraren hitzaldi eta jarduerak. Gaur, zortzigarren aldian, mitologia izango da ardatza, Lazkaoko Maizpide Euskaltegiaren egoitzan. Euskararen Jatorria elkarteko Patxi Alañak dioenez, "mitologian arketipo batzuk aurki daitezke, gure mundu ikuskeraren adierazgarri, eta, hizkun-tzan, arketipo horiek islatzen dira". Hortaz, gure hizkuntzaren jatorrira gehiago hurbil gaitzaketen giltzak aurkitzen ahaleginduko dira gaur, euskal mitologiaren gaineko ikerketak abiapuntu direla.

Patxi Alañak uste du mundua ikusteko modu bat dela hizkuntza bakoitza, "hizkuntzak ez dira aseptikoak, adibidez euskaraz, genero bereizketarik ia ez dago, horrek adierazten du zerbait gure arbasoez". Mitologiak ere, hizkuntzaren nortasunaz "klabeak" ematen dituelakoan dago, "kontua da, euskara eta euskal mitologia beste eskema batzuekin aztertu behar direla, eskema indoeuroparretatik harago joan behar da".

Jorge Oteiza artista handiak esan omen zuenez, besteen gakoak erabilita ezin da geurea ezagutu. Hortik tiraka begiratu diote aurten Euskararen Jatorrikoek mitologiari, indoeuroparren inbasioak baino lehen euskaldunak nolakoak ziren jakiteko arrastoak mitologian egon baitaitezke. "Ondo dago indoeuroparrak eta haien eragina ikertzea -dio Alañak-, baina haien aurrekoan erreparatu behar dugu, mitologiak horretarako balio lezake".

Goizeko 9:30etan egingo diete harrera Euskararen Jatorriaren Biltzarrean parte hartuko dutenei. Azalpenak ematen lehena Juan Inazio Har-tsuaga izango da, Hitzak fosil hitzaldiarekin. Jarraian, Roslyn M. Frankek, euskal mitologian Hamalau figurak izan dezakeen garrantziaz gogoeta egingo du eta, ondoren, Felix Zubiaga euskal-sumeriar ipuinaz jardungo da. Bazkalaurreko mahaingurua baino lehen, Xabier Renteriaren txanda eta ahozko komunikazioak entzuteko unea etorriko dira.

Arratsaldean, 16:30etan, Barandiaran Museora bisitaldia egingo dute biltzarreko partaideek. Izan ere, ez da ahaztu behar, Jose Migel Barandiaran aitzindaria izan zela euskal mitologia ikertzen, gaur egun oraindik erreferentzia da haren lana. Lazkaotik hurbil dago Ataun, Barandiaranen jaioterria. Gainera, euskal nortasunaren beste ikerlari ezagun bat, Jorge Oteiza, gogoan izango dute Euskararen Jatorriaren Biltzarrean, hura izango baita aurtengo omendua. Liburu aurkezpen batzuekin eta Iruña-Veleiako nobedadeak azaltzeko tartearekin amaituko da aurtengo hitzordua.

HUTSA ABIAPUNTU Xabier Renteriak Aintzin mundu ikuskera, mitologia eta euskara aurreindoeuroparra hitzaldia emango du, euskal mitologiaren interpretazioan pausu bat harago doan ikerlanetik abiatuta. Oteizak egin zuen bezala, Renteriak ere Hutsa jartzen du abiapuntuan: "Mitologia, Barandiaranen garaitik, Amalur eta Mariren ingurukotzat daukagu, eta hala da. Amalur edo Mari, izadiaren, naturaren gorpuzteak dira, baina nire ustez, azaleko esanahia besterik ez da; sakonagoa den beste sentipen batek badu presentzia nabarmena, Hutsaren sentipenak". Gaur egun aditu asko zeresana emango duen lana egiten ari direla onartu arren, Renteriaren aburuz euskaldunok geure-geurea dugun mundu ikuskera ez da era zabalean aztertu eta horretan dihardu berak.

"Eragin arrotzik gabeko euskal mundu ikuskeraren bila nabilenez -jarraitu du Renteriak-, zelten aurrekoa ikertu behar dut eta, arlo horretan, hizkuntza eta mitologia dira nire tresnak". Hala ere, arte adierazpideak eta egitura sozialak ere xehe-xehe aztertzen ditu. Hutsaren garrantzia, harrespiletan edo hilarrietan bezala, euskaran aurkitu duela dio, baita antzinako gizarte egitura batzuetan edo Akerbeltzen ezaugarri mitikoetan ere.

Xabier Renteriak azpimarratu duenez, euskal mundu ikuskera, beste tradizio handien pareko filosofia sakona da, "antzinako euskal mundu ikuskera ez da ezkurrak jaten zituzten cro-magnon batzuen ergelkeria". Hala ere, euskaldunok biktimismorako joera dugula deritzo: "Eragin arrotzak baino ez ditugula pairatu uste dugu, baina defentsa armatu zein noizean behineko pizkunde kulturalei esker gaude oraindik hemen". Gaur egun ere, "kulturaren esparru guztiak berriztu ditugu, baina mundu ikuskera berreraikitzeko dago". Haatik, Renteria baikorra da, "altxor berriak" agertuko direlakoan dago, euskaran orain arte ezagutu ez ditugun esanahiak aurkituko omen ditugu. Lazkaon gaur, teoria mamitsuak plazaratuko ditu eta, hala ere, bide luzea dauka aurretik: "Batetik mundu ikuskeraren egitura kontzeptual bat dut; bestetik, euskarak uzten dituen aztarnak. Lehenaren moldea bigarrenaren gainean jartzea besterik ez dut eta ea zer ateratzen den ikusi!".