Gatzagak martxan zeudenean, herriko familia bakoitzak ordutegi jakin bat zeukan kanaletako ura desbideratu eta euren putzuan pilatzeko. Elkarrekiko menpekotasunean bizi ziren, goragoko bizilagunak bere kanalak zaintzen ez bazituen, ura bidean galdu eta denontzat kaltegarria zelako. Gero poleak eta pertzak erabiliz larrainak ureztatzen zituen familia bakoitzak (hogei metro karratuko lurrunketa-plataformak) "eta orduan ibarreko langile onenaren txanda hasten zen: eguzkiarena, alegia", zioen Eustaquio Martin gatzagile zaharrak.
Eguzkiarekin batera herritar gehienak aritzen ziren lanean: "Ez dakizu nolako giroa izaten zen udan", kontatzen zuen Martinek. "70 edo 80 familia aritzen ginen lanean, gizonak, emakumeak, haurrak. Bailara bizi-bizi zegoen. Emakumeek ura putzuetatik larrainetara ateratzen zuten, arrasteluak pasatzen zituzten ga-tza zoruan itsatsi ez zedin, kanalak buztin zuriarekin errepasatu… Umeek ur freskoa ekartzen ziguten edateko, ozpina eta azukrearekin nahastuta, egun osoan eguzkipean kiskaldu egiten ginelako. Gizonok gatza garraiatzen genuen: bi egunetik behin larrain bakoitzetik 40 kilo gatz busti ateratzen genituen bi saskitan eta plataforma bakoitzaren azpiko espazioan uzten genituen, hezetasuna erioten. Neguan, gatz lehorra zakutan sartu, herriko biltegiraino eraman eta ondoren kamioietan kargatzen genuen. Lan handia zen baina herria bizirik zegoen".
Goitik ikusita, intsektuek antolatutako egitura dirudi gatzagak, 120.000 metro karratuko erlauntza geometriko bat: terrazak, kanalak, putzuak, bidexkak. Eta ez dago metalezko iltze bakar bat ere arkitektura txundigarri hau eusten: harria, egurra eta buztina da dena.
Baina distira aspaldi itzali zen, kostaldeko ga-tzaga industrialekin lehiatzeko ezintasunarengatik, eta familiek lan neketsu hau utzi zutenean, ehunka urtetan eraikitako egitura pixkanaka usteltzen eta erortzen hasi zen.
Azken urteetan, aldiz, Gatz Harana berpizten ari dira. Larrainak, kanalak eta bideak pixkanaka berritu dituzte, turistentzako harrera zentro bat zabaldu dute, spa gazi bat ere abian da, eta bisita gidatuak antolatzen dituzte (www.vallesalado.com) gatzagak erakutsi eta euren balio historiko paregabea azaltzeko: gatz baliotsuak autrigoiak, baskoiak, erromatarrak, arabiarrak, nafarrak eta gaztelarrak erakarri zituen inguruotara. Eta Gesaltza Añana izan zen forua jaso zuen lehen euskal hiribildua, 1140 urtean.
Añanaren berpiztea, ordea, ez da turismotik soilik etorriko. Ez dituzte gatzagak museo huts bihurtu nahi, benetako bizitza emango diote betiko jarduerari eutsiz, Gatzaga elkarteko Valentín Angulok azaltzen duenez: "Europako gatz onenetako bat ekoizteko gai gara. Gatz lorea, adibidez: lurrunketaren hasieran sortzen diren lehen kristalak dira, eskuz eta kontu handiz jasotzen direnak. Edo gatz txuzoa: kanaletako zirrikituetan modu naturalean ateratzen diren estalaktita txikiak, akats baten ondorioz sortzen zirenak baina orain ikaragarri estimatzen direnak, dastatze-frogatan munduko onenen pareko izendatu baitute gatz hori".
Añanak ezin du gatz arruntaren produkzio industrialarekin lehiatu, baina munduko gatz bikainenetako bat mahairatzeko ahalmena badu. Eta horixe da gakoa, Gatz Haran fosildu baten ordez monumentu bizi bat berreskuratzeko.