Gobernu Kontseiluak 41,5 milioi euroko inbertsioa onartu du Gizarte Larrialdietarako Laguntzak finantzatzeko. Iazko diru-kopuru bera da.

2024an, Euskadin 55.790 pertsonak jaso zituzten Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, 32.338k Bizkaian, 16.311ek Gipuzkoan eta 7.141ek Araban.

Bizikidetza-unitateei dagokienez, 28.124 bizikidetza-unitate onuradun izan ziren 2024an: 15.988 Bizkaian, 8.424 Gipuzkoan eta 3.712 Araban.

Maria Ubarretxena Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituztenek 18 urtetik gorakoak izan behar dute, gutxienez 6 hilabetez erroldatuta egon behar dute, eta ez dute ez Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren ez Gaztelagun laguntzen onuradun izan behar.

2024an, Euskadin 55.790 pertsonak jaso zituzten Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, 32.338k Bizkaian, 16.311ek Gipuzkoan eta 7.141ek Araban

LAGUNTZAK

Laguntza hauen helburua gastu hauek ordaintzea da: etxebizitzen alokairua eta konponketak, zorpetzea, energia, kredituen amortizazioa edo etxetresna elektrikoak erostea edo konpontzea, besteak beste.

Udal-entitateak dira herri bakoitzeko etxebizitzaren ezaugarriak eta oinarrizko premiak hobekien ezagutzen dituztenak, eta horretan oinarrituta egiten dute Gizarte Larrialdietarako Laguntzen banaketa. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila arduratuko da gastu espezifiko bakoitzerako eman beharreko gehieneko diru-zenbatekoak ezartzeaz. 2025ekoak ez dira aldatuko aurreko urtearekin alderatuta.

Ubarretxena sailburuak adierazi duenez, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak behar-beharrezkoak dira inor ez dadin muturreko pobrezia-egoeran egon. Ez dugu nahi bizpahiru abiadurako Euskadi bat, non baliabide gehiago edo gutxiago izateak kolektiboen arteko arrakalak desberdintasun-horma bat sortzen duen”.