Garai honetan bizi naiz, garai honetakoa da nire musika eta nire dan-tza. Tradizioa bizirik bizi dugunok, garai honetako seme-alabak gara, eta gure lana, dantza eta musika, ez dago museo zaharkitu bateko formol pote batean. Eta egiten duguna beti da berri, eta beti ezberdin... eta mainstream deritzon horren kontrakoa, edo alternatiboa, edo paraleloa edo ezberdina bederen. Gu ez gaude antzoki eta ospakizun handietan, ez gaude los 40 principales horretan, ez dugu sari ezagunik jasotzen, ez diru laguntza ikaragarririk, ez gara famadunak ere... Gure tradizioa gaur eta hemen underground da, duda barik.
Bestalde, zerbaitek benetako garaikide estatusa izateko, benetan modernoa izateko, berria ere izan behar du. Eta hori, sarritan, sormenarekin eta sortze prosezuekin lotzen da, eta hor inprobisazioak aparteko garrantzia har-tzen du garaikidetasunaren inguruko eztabaidetan. Inprobisaturiko artea, nolabait, denbora errealean, momentuan sortzen dena baino garaikideagorik ez omen dago. Eta inprobisazioa, eta sortzea, jolasa eta sarritan jokoa ere, tradiziozko dantza eta musikaren biho-tza eta arima izan dira eta dira (guretzat behintzat).
Baina, inprobisatu badaiteke, denak balio du orduan? Ez ba. Inprobisatzeko lengoaiaren arauak jakin behar ditugu, dantzaren oinarrizko sistema ezagutu behar dugu. Inprobisazioan oinarritzen den gure inguruko ekimen bat erabiliko dugu adibidetzat: bertsolaritza. Imajinatu dezagun, bertsolari txapelketen finalean, BEC beteta dagoen horretan, bertsolari garaikide batek, betiko bertso moldeekin nekaturik, betiko hizkuntzaren arauetaz nekaturik, zerbait berri, moderno eta in proposatzearren, Andoni Egañak adibidez, honako bertso garaikideak botako balitu, doinurik gabe, erditzen dagoen emakume baten garrasiekin:
Alkejud flukja sodulkijafioidekofAslekod fjidufijv uajovinañlKleju hufejuhodfLekjadufulakol ñela
Interesgarria izango litzateke ikuspuntu askotatik: ezberdina, freskoa, apurtzailea, probokatzailea... eta gogoz txalotuko nuke (neuk ere egin ditut horrelakoak eta). Baina oraindik zer sortu asko daukagu bertsotan gure betiko tradiziozko hizkuntza zaharkitu honen barne. Eta mezu bera luzatu nahi dut betiko dantza horren ildotik; tradiziozko dantzak, berez, baliabide ia amaiezinak ematen dizkigu inprobisatzeko eta sortzeko. Baina, hortarako baliabideok ezagutu eta landu behar dira, Andoni Egaña batek bertsolaritza eta hizkuntza ezagutzen dituen bezalaxe.