Lorategia testuinguru desberdinetan barna murgiltzen zaituen bidea da. Behin atea zeharkatuta, bidea okertu, jarraian estutu eta berriz ere ireki egiten da, ibilbide bihurritsu eta amaigabean.
Egur eta polipropilenozko konposite-hormek labirinto bat eratzen dute eta, gaur egun egurraren presentzia nagusi bada ere, biharkoan untzez josirik ikusiko dugu horma.
Irteeraren bilaketa prozesuan, Abaurregainako historiara gerturatzen gaituzten hilarriak altxorrak bailiran topatzen ditugu. Honelako hilarri bakoitzak bere txoko propioa du eta urki batekin batera, bikote bukolikoak osatzen dituzte.
Behin hilarrien labirintotik ateratzea lortzen badugu, pasabideen gunera abiatzen gara. Labirintoa gure iraganaren adierazpena baldin bada, pasabideak oraina dira, ezarleku eta lora koloredunen konpainian. Espazio kurbatu eta okerretatik zuzentasunera egin dugu pausu.
Pasabide hauetatik eskailera batekin topo egin eta altuera hartzen dugu. Kota berri honetatik atzera begirako ikuspegia disfrutatzen dugu -hilarriak, labirintoa, pasabideak, eskailera-, gure iragana eta haurtzaroa bailiran.
Heldutasunean gara!Oraindik ere, beste igoera gune bat falta zaigu, zeinetatik Aezkoako bailararen paisaia mendi-tsuen begirada urrutiarekin egiten dugun topo. Ikuspegi luze hau bukaeraren iragarpena da, lorategiaren esperientziatik atera baikara, berriz ere errealitatera salto eginez. Lorategiaren atea atzean utzi dugu, bisitari berriari errealitate fantasiosoa irudikatzeko gonbidapena eginaz, nork bere kontakizuna eraikitzeko.