Hamaika urte zituen bere lehenengo abestien letrak idazten hasi zenean. Orain, 18 bete berri lehen disko luzea argitaratuko du Marenek (Gallarta, 2002). Margaritas y Lavanda izenpean hamar kantu bildu ditu, eta horietan "normaltasun arraro" honi abestu dio musikari gazteak bere Gallartako (Bizkaia) etxean duen estudiotik. 60ko eta 70eko hamarkadetako doinuak eta estetika nagusi izango dira Marenen lanean, Françoise Hardy edota Arctic Monkeys bezalako erreferenteak beti presente dituelarik. Berarekin solasean izan gara, ea lan berriari buruz zerbait gehiago aurreratzen digun.
'Margaritas y Lavanda' zure lehen lana kaleratuko duzu laster. Baina zuk beste disko bat zenuen prestatuta pandemia heldu aurretik, ezta?
- Pandemia heldu zenean nik disko bat kaleratuko nuen eta egoera horrek gelditzeko aukera eman zidan eta pentsatzeko ea hori zen egin nahi nuena ala buelta bat eman nahi nion. Eta buelta horretan abestiak kendu, aldatu eta disko berri bat sortu nuen.
Pandemiak guztia birplanteatzeko aukera eman zizun orduan?
- Guztiz. Pandemiarekin dena aldatu zen eta pandemiatik beste modu batean atera nintzen profesionalki eta gainera gehiago identifikatzen ninduen lan batekin. Izan ere, aurretik prestatuta nuen diskoan bazeuden 14 urterekin idatzi nituen kantak eta orain 18 ditut. Denbora piloa luzatu zen prozesua eta zentzu guztia galdu zuen niretzat. Orduan erabaki nuen: "momentu honetan pentsatzen ditudan gauzen inguruan idatziko dut. Eta hori egin nuen".
Zein eragin izan zuen konfinamenduak zure sorkuntza prozesuan?
- Konfinamenduan hasi eta orain dela hilabete batzuk amaitu nuen abesti guztiak idazten. Konfinamenduan nik uste dut gauza tristeagoak idatzi nituela eta momentu horretan hasi nintzela nire estiloa benetan zein zen ezagutzen. Konturatu nintzen nola idazten nuen eta zelan erabili ahal nuen hori nire abestietan. Orduan, azken hileetan hobeto ulertzen nuen zelako prozesua igarotzen zen nire burutik. Beraz, sorkuntza modu kontzienteago batean egin dut.
Estiloa aipatu duzu. Badago zure estiloa definitzerik?
- Ez dut oso argi, baina kategoria batean jarri beharko banu nire diskoa indie-pop izango li-tzateke. Dena dela, beti pentsatzen dut, azkenean diskoko abesti bakoitza ez da bestearen parekoa, nahiko ezberdinak dira euren artean. Hari bat badute, jakina, baina lotzen dituen marra nire burua bera da, bertatik sortu delako guztia, azken finean.
Lehen oilategi bat zen estudio bat duzu. Bertan topatzen duzu inspirazioa?
- Bai, bertan idatzi ditut diskoko abesti guztiak. Lehenengo oilategia, gero zalditegia, ondoren trastelekua€ Erabaki nuen birmoldatu egingo nuela eta nire estudioa bertan jarriko nuela. Nire leku kuttuna da eta bertan sortzeko erraztasun handia dut, egia esan.
"Betidanik gustatu zaizkit 60ko eta 70eko hamarkadak. Disko honetako doinuak eta estetika hari horretan doaz"
Zer dela-eta 'Margaritas y Lavanda'? Lore zalea zara ala?
- Nire etxean beti egon dira margaritak eta amaren dendan edo furgonetan beti eraman ditugu labandak. Niretzat baziren hazten ikusi nauten loreak. Beti gustatu zaizkit asko eta gainera o-rain denborarekin jendea Margarette deitzen hasi zait, orduan nik amari Lavender deitzen diot, joko moduan. Dena sortu zen etxetik, proiektu osoa, baita idazten dudana ere€ Beraz, izen horrek zentzua zuela ikusi nuen.
Zure ama izan da zure managerra. Paper garrantzitsua du zure musikari ibilbidean?
- Hasieran nire managerra izan zen, orain badut bat Madrilen baina amak laguntzen jarraitzen didanez 'mamagerra' dela esaten dugu, brometan (kar-kar). Bere laguntzarik gabe ez nintzen egongo orain nagoen lekuan eta egiten nagoena egiten: kontzertuak eman hain gaztetatik, EP bat grabatu€ berak lagundu zidan ideia horiek guztiak sortzen eta aurrera eramaten.
Zeri abesten dio Marenek?
- Gauza askori! Gertatu zaizkidan gauzei edo buruan dauzkadan kontuei. Azkenaldian Margarette deitzen didatela-eta 'alter ego' bat sortu dut: Margarette Disaster. Badauzkat bi perspektiba, hau da nik egingo nukeena, eta Margarettek zer egingo luke? Horrela planteatu dut, 'alter ego' eta izan nahiko nukeen pertsona baten moduan. Horrekin jolastu dut eta askotan uste dut igartzen dela abestiak Marenen eta Margaretten arteko elkarrizketak direla.
Azkenaldian sortutako kantak direnez normaltasun honetako nahastearekin sortutakoak dira. Atera berri dudan singlea adibidez, Debería ser normal, aurreko kantuan Ei mama soy un alien abesten dut€ Egunerokotasunean dituzun ideiak dira, baina egoera honen inguruan.
Zure erreferenteak aipatu izan dituzu askotan: David Bowie, Leonard Cohen zein Arctic Monkeys, besteak beste. Ze eragin esango zenuke duela Marenek?
- Nire musikan eragin handiena izan duten taldeak txikitatik entzun izan ditudanak izan dira. Nire amak asko jartzen zidan Tracy Chapman; amumak The Beatles eta Simon and Garfunkel; eta aititeri asko gustatzen zitzaion Frantziako 60ko hamarkadako musika, Françoise Hardy, esaterako. Denbora pasatu ahala gauza horiek guztiak nire kabuz ikasten joan naiz. Eman didaten informazio hori nirera ekarri dut eta gehiago ikasi dut. Nire talderik gogokoena Arctic Monkeys da, adibidez. Beraz, eraginaren kontua nahaste bat dela esango nuke.
'El día que baje las escaleras' y 'La estación espacial de Teruel' izan dira lehen singleak. Orain 'Debería ser normal' kantuaren bideoklipa atera berri duzu, zure etxean eta Bilboko Arriaga an-tzokian grabatu duzuna.
- Ideia zen: asko pentsatzen baduzu normaltasun batean zoratu ahal zara, eta ideiak estudioan sortzen ditudanez, zoramen hau sortzen hemendik hastea erabaki genuen. Arriagan amaituko dugu, azkenean agian nire normaltasuna estrabagantzia bat delako edo bakoitza normal sentitzen da nahi duen moduan. Orduan arropa 'setenteroa', betaurreko handiak, antzoki ikaragarri bat€ hor baita ni hobeto sentitzen naizen lekua. Hori indartu nahi genuen bideoklipean. Gainera nire birramona Marik kameo bat egiten du eta ilusio handia egin zidan horrek.
Pop ukituak eta 70eko hamarkadako estetika ikus daiteke diskoaren aurrerapenean. Hortik joko duzu?
- Betidanik eduki dut ideia hori, asko gustatzen zaizkidalako 60ko eta 70eko hamarkadak. Denborarekin gehiago lotu dut bai nire musika eta bai estetika aldetik ere horrekin. Disko osoa joango da linea horretan.
Euskara, gaztelera, ingelesa, katalana€ Hizkun-tza askotan abesten duzu, zer ematen dizu bakoitzak?
- Soinu aldetik hizkuntza bakoitzak gauza ezberdinak ematen dizkit. Euskara bada oso poetikoa, metaforaz betea, horrekin jolastu dut, eta gainera euskaraz idatzitako abesti horiek dira pertsonalenak nire ama hizkuntza delako. Ingelesez idazten ditudanak folkiagoak dira, gazteleraz sortzen ditudanak indie-pop edo indie-rock€ Katalana adibidez ikasi dudan azken hizkuntza da eta lotsa apur bat ere ematen dit oraindik, baina egia da bertakoak harro sentitzen direla kanpoko norbait beraien hizkun-tzan abesten entzutean.
11 urte zenituen lehen abestiak idazten hasi zinenean eta 14 zure lehenengo EPa argitaratu zenuenean. Nondik datorkizu musikarako zaletasun edo erraztasun hori?
"Soinu aldetik hizkuntza bakoitzak gauza ezberdin bat ematen dit. Kanta pertsonalenak euskaraz idazten ditut"
- Nire ama musikako andereñoa da, baina egia da berak inoiz ere ez nauela behartu musika gustatzera edo egitera. Nik bakarrik ikasi dut. Nire familian oso kanta zaleak izan dira. Nire herenamona Katalin Arruabarrena zen eta Katalintxu lora ederra abestia idatzi zioten Otxandioko neskarik ederrena izateagatik. Birraitona Meatzaldean bizi zen eta 16 urterekin harri bat erori zitzaion burura, ospitalean egon zenean kantak idazten aritu zen. Familiako kanta moduan hartu dugu horietako bat. Gure familiaren historian beti egon dira abestiak sartuta.
Youtubeko kanal bat ere baduzu. Zure jarraitzaileekin konektatzeko modua da?
- Asko gustatzen zait bideoak egitea eta piloa hitz egiten dudanez ondo pasatzen dut. Askotan egin izan ditut emanaldien inguruko bideoak, adibidez duela gutxi erakutsiz nola prestatu genuen Bilboko kontzertua, egun oso horren inguruan. Horrela, nire jarraitzaileek ikusi dezakete kontzertuen prestaketen atzean dagoena, etab.
Apirilean diskoa argitaratu, eta zuzenekoak noizko?
- Maiatzaren 13an izango da Margaritas y Lavanda diskoaren aurkezpen ofiziala Madrilen. Sarrera guztiak jada agortuta daude eta bigarren data bat atera dugu. Ekainaren 11n Bilboko BBK aretoan izango naiz, bandarekin batera. Hortik aurrera ere egongo dira hainbat zuzeneko, jakina! Oraindik ezin ditudanak kontatu, baina egon adi nire sareetara, bertatik joango bainaiz abisatzen.
18 urte bete berri dituzu, atzera begiratuta nola aldatu da Maren musikari gisa eta pertsona gisa?
- Esango nuke seguruago nagoela nire buruarekin. Sortzerakoan ere hasieran lotsa ematen zidan nik idatzitako letrak jendeari erakusteak. Orain artistikoki, sorkuntza prozesuan, asko hazi naiz. Nire burua gehiago ulertzen dut eta pertsonalki uste dut ni neu hobeto ulertzeko bidean nagoela.
Etorkizunera begira, zeintzuk dira zure erronkak?
- Nire erronkarik handiena, profesionalki, musikari moduan bizi ahal izatea da. Musikari askok beste lan bat eduki behar dute nahitaez. Beraz, hori izango litzateke erronkarik handiena musikaz bakarrik bizi ahal izatea, eta ondo pasatzea, jakina!