1985ean Euskal kantagintza berria liburua argitaratu zuenean, Pako Aristi 21 urteko kazetaritza ikaslea zen. Aurrekaririk gabeko argitalpena izan zenez, 1961etik 1985era arteko euskal kantagintzak izan zuen arrakastaren lehenengo bildumagile bihurtu zen Aristi. Harrezkero, liburu erreferentea izan da, eta jende askok erabili izan du garai hartako kantagintzari buruzko informazioa eskuratzeko.
Lehen edizio hartatik 35 urte pasa diren honetan, Erein argitaletxeak Euskal kantagintza berria-ren berrargitalpena kaleratu du. "Aspaldian liburu hau agortuta zegoen eta jendeak eskatu egiten zuen. Beraz, nolabait, behartuta nengoen egilearengana jo eta berriz argitaratzeko proposamena egitera", azaldu zuen atzo Iñaki Aldekoa editoreak berrargitalpena aurkezteko egin zuten prentsaurreko telematikoan.
Edizio lanari dagokionez, ez da liburuak lehen zuen edukian batere aldaketarik egin, bere horretan mantendu nahi izan baitute. Hala ere, Jon Eskisabel Badok-eko arduradunaren hitzaurrea erantsi diote. "Egia esan, irakurtzea merezi duen hitzaurrea da. Nolabait ere, Pakok 1985ean liburua idatzi zuenetik hona euskal musikagintzak izan duen garapenaz eta ibilbideaz mintzatzen zaigulako", esan zuen Aldekoak.
Aristik 21 urte zituenean, elkarrizketak egiten zituen egunkari batzuetan eta horrek zabaldu omen zion liburua idazteko bidea. "Liburua egiteko ideia Bernardo Atxagak aurkeztu zuen Erein argitaletxean. Ni kazetaritza ikasten ari nintzen, Atxaga ezagutzen nuen eta hark argitaletxean nire izena defendatu zuen, kazetari gaztea izanik, liburua idazteko egokia izan nintekeelakoan", adierazi zuen Aristik.
Beraz, "pozarren" onartu zuen enkargu hori kazetaritza ikasle gazteak, batez ere bi arrazoirengatik. "Alde batetik, euskal kantagintza asko entzuten nuen garai hartan, eta kantari horiek asko estimatzen nituen. Bestalde, lanerako gogo izugarria neukan eta mundu horri buruz liburu bat egiteko aukera zoratzen onartu nuen", aipatu zuen idazleak.
Liburuaren egiturari erreparatuz, hiru elementu argi bereizi daitezke: batetik, garai hartan esanguratsuenak ziren kantari eta taldeekin zuzenean egindako elkarrizketak; bestalde, hemeroteka lana, eta azkenik, hori guztia fikzioaren bidez aurkeztea. "Nire alter egoa da narratzailea eta kapitulu gehienak berak idazten ditu. Eta bigarren alter ego bat ere badago, garai hartan Ereineko presidentea zen Asentxio Ondarzabalena, hain zuzen ere.
KANTARIEN ONDOAN Garai hartan Asentxio Ondarzabalek egin zituen Aristiren gidari lanak, artean gazteak ez baitzuen autorik. Beraien asmoa kantari bakoitza bizi zen tokian bertan elkarrizketatzea zen. Hala, esate baterako, Niko Etxart Altzürükün bizi bazen, bertara joaten ziren elkarrizketa egitera.
Garai hartako izen handiko kantari eta talde euskaldun ugari elkarrizketatu zituen: Niko Etxart, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi, Hertzainak, Ruper Ordorika, Gorka Knorr, Errobi, Izukaitz eta Jotakie, besteak beste.
"Kantariak onartuz gero, berarekin goiz bat edo egun oso bat pasatzen nuen, eta bere iritziez gain, pertsona hori nola bizi zen ere jasotzen nuen, non bizi zen, zer galtza zeramatzan jantzita edo zenbat zigarro erre zituen egun hartan. Bere bizitza pertsonaleko zertzeladak hartzen nituen", adierazi zuen Aristik. Horrela, pertsona bakoitzaren "ikuspegi orokorragoa" ematea lortzen zuen.
Elkarrizketak horrela egiteko ideia unibertsitatean erakutsi zioten Los mejores reportajes de Rolling Stone liburua hizpide hartuta. Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) argitara-tzen den aldizkaria da Rolling Stone, eta bertako erreportaje batzuekin osatu zuen liburua Anagrama argitaletxeak. "Nik liburua irakurri nuen eta pentsatu nuen teknika narratibo hori erabili behar nuela nire liburua egiteko", argitu zuen.
Rolling Stone aldizkarian, besteak beste, Tom Wolfek, Truman Capotek edo Gay Talesek idatzi zuten; AEBtako kazetaritza berriaren erreferente ziren hainbat autoreek, alegia.
EMAKUMERIK EZ Aristik liburua idatzi zuenean ez zuen emakume kantaririk elkarrizketatu, eta gabezia horri ere erreferentzia egin nahi izan zion aurkezpenean. "Orain, liburu hauek errepasatzerakoan, ohartzen zara protagonista gehienak gizonak direla. Emakume gutxi agertzen zen panorama hartan, eta egon bazeuden arren, aitortu behar dut ez niela eman merezi zuten garrantzia liburu honetan", aitortu zuen.
KCAPPO TEMPO DI TREMOLO Amaitzeko, Aristiren lehen liburuari ere egin zioten erreferentzia, Kcappo tempo di tremolo izenekoari. Hori ere 1985ean argitaratu zuen Erein argitaletxeak, Euskal kantagintza berria baino hilabete batzuk lehenago. "Bi liburuek kontrako bizitza izan dute: Kcappo etengabe berrargitaratu da eskoletako zirkuitoan sartu zelako eta ibilbide luzea egin du. Baina Euskal kantagintza berria agortuta egon da urte askotan zehar", nabarmendu zuen Aristik.