Aluarekin jaio den mutil baten istorioa da Lur. Baldintza honek protagonistaren inguruan sortzen duenaren inguruan hitz egiten du Xake produkzioak-en azken an-tzezlanak. “Ane ez dago gatazkan bere gorputzarekin, argi dauka mutiko bat dela”, azpimarratu du protagonista hezurmamitzen duen Erika Olaizola aktoreak. Anek bere aitarekin duen harremanean sortuko da gatazka eta hori islatuko du obrak. Izan ere, Jon aitak “gatazka bat du umeak bere burua definitzeko erabiltzen duen moduarekin; ez du onartzen mutila dela”.
Erika Olaizolak jokatzen du Aneren rola antzezlanean; Mikel Laskurainek, Julian aitonarena; eta Kepa Errastik, Jon aitarena. Aneren ama, hilda dagoen arren, presente dago obran. Nerea Gorritik betetzen du Itsaso amaren papera. Anek amarekin harremana du, eta lagundu egiten dio, nahiz eta bi pertsonaiak bi plano ezberdinetan agertuko diren.
8 urte betetzeko atarian, aitona Julianek opari berezia egingo dio Aneri: beretzat propio egindako panpina bat. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desirak betetzen dituen izar magiko baten bila. Itxuraz abentura irudimentsua dirudienak Aneren eta bere aitaren arteko harremana birbideratzen lagunduko du. Aitak bizi duen gatazka umeak ez du bizi; sentitzen duena ez du gatazka moduan bizi: “Anek bere gorputza eta bere burua onartzen du, berak argi dauka mutiko bat dela”, dio Olaizolak. Istorio honen bidez, “norbera den bezala onartua izatea, batez ere maite duen jendearen partetik, hori da antzezlanak kontatzen duena”, nabarmendu du aktoreak.
Kepa Errastik idatzi du gidoia, Getari Etxegarai aritu da obraren zuzendari lanetan eta Xabier Ormazabal zuzendari laguntzaile moduan. Entsegu lanetan gidoia moldatzeko aukera izan dute, halere. “Entseguetan hausnarketarako tartea ere izan dugu”, kontatu du Olaizolak. “Umea ume denean onartua sentitzen da, baina gero, adina aurrera joan ahala, berdin jarraituko luke? Edo gizarteak eramango luke kuestionatzera edo ez onartua sentitzera? Horren eta beste kontu askoren inguruan hausnartzeko aukera izan dugu”,
IKUSPUNTU GOXOA Erika Olaizolak Errastiren bitartez jaso zuen an-tzezlanean parte hartzeko proposamena. Orduan Francoren bilobari gutuna antzezlanean zebilen lanean Olaizola, “hor ere ume baten paperean sartuta”, oroitu du. Testua irakurri bezain pronto, proiektuarekin bat egin zuen Olaizolak. Gai eta hari nagusia kontatuta dagoen modua nabarmendu du: “Ikuspuntu polit eta goxo batetik kontatuta dago istorioa, eta ez da gatazka bat bilaka-tzen, beste sentsibilitate bat transmititzen du. Anek indarra du, bizipoza, bizitzeko gogoa. Gaia ez dago modu dramatikoan kontatuta”. Pertsonaia positiboa eraiki dute. Oinarrizko emozioez betetako an-tzezlana taularatu dute, baina protagonista positibo baten bidez.
Gainera, badira inguruan beste pertsonai batzuk, aita eta aitonaren pertsonaiak, kasu, eta ikuslegoa horietan islatuta sentitu daitekeela uste dute. “Aitonaren papera oso garrantzitsua da, izan ere, Ane laguntzen saiatzen da uneoro. Berarekin jolas bat du, ametsezko mundu batean bizi dira, eta aitonak munduan zehar dauden bizitzeko moduak erakutsiko dizkio”. Finean, Anek munduan zehar bidaiatuko du, baina lekutik mugitu gabe. Antzezlana aitonaren jostailu dendako atzealdean gertatzen da, eta irudimenezko mundu horretan bidaia zirraragarria biziko du. Pascal Gaignek sortu duen musikak ere ukitu berezia ematen dio obrari. Zuzeneko musika entzungo da, Nerea Gorritiren eskutik. Izan ere, aktore honek gorpuzten duen Aneren ama musika irakaslea da, eta trikitiarekin eta ukelelearekin joko ditu Gaignek sortutako piezak.
FAMILIA ANTZERKIA
Antzezlanak planteatzen duen gaia erdigunean jartzen ari da azken urteotan gizartean, eta hortik sor lezakeen interesa ere. Familia antzerkia da Lur, nahiz eta helduen eta umeen arteko oreka bilatzen duen ikuskizuna izan. Orain arte bi emanaldi egin dituzte eta, arduradunek jakinarazi dutenez, “umeek baino heldu gehiagok” ikusi dute antzezlana. Udazkenean berrartuko dute oholtza, ondorengo emanaldiak eskaintzeko: irailaren 23an, Durangon; urriaren 5ean, Zumaian; urriaren 14an, Aretxabaletan; azaroaren 1ean, Azpeitian; eta, abenduaren 26an, Donostian.