Menna Taherrek bokaziozkoa du bere lana. Kairoko egiptologo gazteak bost urte igaro ditu Gizako nekropoliaren zaintze lanak gidatzen. “Batzuetan ez dakigu gure ondare arkeologikoa balioan jartzen. Piramide hauek 4500 urte daramatzate zutik. Gu hiltzen garenean ere hemen jarraituko dute”, adierazi du hunkituta.
Egun, eraikitze prozesuan dagoen museo arkeologiko berriaren komunikazio burua da Taher. “Munduko kontserbazio zentrorik handiena izango da, inoiz ez ikusitako objektuak erakutsiko ditugu”, azaldu du. Taherrek harro azaltzen ditu Egiptoko proiektu faraoniko berriaren nondik norakoak: “Ehun kontserbatzailek eta hogei zien-tzialarik lan egiten dute hemen. Guztira bilioi bat dolarreko aurrekontua du eta Japoniako gobernuaren diru-lagun-tzarekin eraiki da”, eman du jakitera.
Museoaren harribitxia Tutankamon faraoiaren bilduma da. Taherrek eta bere taldeak 3400 objektu jaso dituzte dagoeneko. Museoko laborategietan tentu handiz lanean ari dira kontserba-tzaileak. Taherren taldeak pazientzia handiz errekuperatzen ditu objektuak. Pintzelez baliatuta, xehetasun handiz egin beharreko lana da haiena. Une honetan, Tutankamonen bi zaldi-gurdi, hiru ohe, lepokoak eta senitartekoen hilobiak errekuperatzen ari dira. “Gauza hauek faraoi gaztearen hilobian aurkitu zituzten. Izugarria da jasotzen ari garen informazioa”.
Tutankamon, Faraoi Haurra, 20 urterekin hil zen. Bere hilobia, berriz, 1922an aurkitu zuten Luxor ondoko Erregeen Haranean. Arkeologoek Egiptoko historian izandako aurkikuntzarik handientzat jotzen dute oraindik ere. “Faraoiaren hilobian aurkitutako urrezko altxorrak kontaezinak dira. Kontuan izan behar dugu Tutankamonek bakarrik bederatzi urtez agindu zuela”, erantsi du egiptologo gazteak.
Taherrek argi dauka aitonarengandik jaso zuela arkeologiarenganako bokazioa: “Nire familia Kairo kanpoaldeko basamortuko eremuan bizi zen, Dashur piramidearen inguruan. Aitonak indusketak egitera eramaten ninduen ondoko lurretara. Garai hartan familia guztien ametsa zen etxe ondoan zulo bat egin eta altxor bat aurkitzea. Zoritxarrez, zeramika zatiak besterik ez genituen aurkitzen”, esan du txantxa artean.
Izan ere, 80ko hamarkadan ardurarik eta kontrolik gabeko indusketa handiak egin zituzten Egipton. “Aberastasun ehiztarien” morroi bihurtu ziren herritar asko. Taherrek gogoan ditu une horiek: “Helburua zen ahalik eta objektu gehien aurkitzea eta gero atzerrian saltzea. Garai horren ondoriorik bisualenak dira desertuan barrena aurki daitezkeen zuloak”. Halere, aitonaren pasioak arkeologia arduratsu baten aldeko borroka hastera animatu zuen Taher: “Konturatu nintzen egiptoarrek ez zutela haien ondare arkeologikoa errespetatzen. Gugana iristen ziren egiptologo guztiak atzerritarrak ziren. Eta Egiptoko gazteen ardura?”. Hala, aitona Mohameden pasioa ogibide bihurtu zuen.
BELAUNALDI BERRIA
Taher gazteak belaunaldi berri bat islatzen du, alegia, emakume egiptoar arkeologoena. Eta haien ikerketak aitzindari bihurtu dira munduan. “Egurrean intsektuen izurri-tzeak ekiditeko tratamendu berritzaileak garatu ditugu, produktu kimikorik erabili gabe. Hemen ez dugu parafinazko garbiketarik onartzen”, esan du. Edonola ere, museo berriaren inguruan sekretu handia gordetzen du Taherren taldeak. Kazetarientzat zaila da laborategiak bisitatzea, eta, are gehiago, barruan argazkiak egitea. Bada, Egiptoko gobernua irekiera ekitaldi handia prestatzen ari da urte amaierarako. “Sekreturik handiena? Ezin dizut kontatu!”, adierazi du Taherrek, “baina esan diezazuket eraikin berriak Ramses II.aren eskultura handi bat izango duela”. Hala, Kairoko Tahrir plazako museo ikonikoak bidea irekiko dio Gizako piramideen ondoko zentro handiari.
Egiptologoa eredu bat bihurtu da indarrez gainezka datozen gazte arkeologo berrientzat. Kairoko museoak aitzindaria izan nahi du, baina Egiptoko milurteko historia ahaztu gabe. Taherren ustez, beraien lana “harri-koxkor bat besterik ez da. Piramideei begiratzea besterik ez dago gizakiak zein txikiak garen ohartzeko”.