iruñea - Gaur abiatuko da Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak (NAE) elkarlanean antola-tzen duten Antzerki Aroa euskarazko antzerki zikloaren udaberriko edizioa, Tanttaka konpainiaren Soka antzezlanarekin. Emanaldia arratsaldeko 20.00etan izango da, NAE-n, eta sarrerak 8 eurotan daude salgai. Eskola-jazarpena abiapuntu eta gai nagusitzat hartuta, Mikel Gurreak idatzitako eta Fernando Bernuések zuzendutako an-tzezlan honek errua eta erantzunkizuna ditu hizpide.

Igor soinketako irakaslearen istorioa kontatzen du antzezlanak, zeinak 11 urteko mutiko baten gorpua aurkitzen baitu, gimnasioko sokatik urkatuta. Ingurukoek baztertuta, gertatutakoaren erruduntzat jo-tzen baitute, Igorrek erruaren eta erantzukizunaren arteko mugak marrazten diren bilaketa bati ekiten dio.

Gurrearen hitzetan, “sokaren bi muturren artean ezkutatzen dena desestali” nahi izan du istorio honen bidez. Tira-bira bidaia horretarako erruaren bila doan soinketako irakaslea aukeratu du, erruan barrena doana, hain zuzen ere erakusteko erruaren beraren balio eskasa. Izan ere, “erruak izen-abizenak ditu, konkretua da, artxibatu eta tiradera batean sar daiteke. Errua eduki daitekeen zerbait da. Hori esaten digute. Erantzukizuna, aldiz, amorfoa da, denok harrapa-tzen gaitu, eta zailago egiten digu gauez loak hartzea”. Erruaren eta erantzukizunaren arteko muga horretan, hortxe kokatu nahi du egileak istorio hau, ikusleak tartean sartzeaz gain, haren hausnarketa partekatu eta nork bere ondorioak atera ditzan.

Fernando Bernués da Soka an-tzezlaneko zuzendaria, eta Iñaki Rikarte, aktorea. Rikartek atzo NAEn bertan eskainitako aurkezpenean azpimarratu bezala, monologo formatuan eszenaratzen den obra “aitorpen bat da, baina egia da beste zenbait pertsonaia iradoki-tzen dira, hamar inguru”. “Abiapuntua oso latza da, baina ez da gordinkeriatan erortzen. Gertaera bat planteantzen du, galdera bat proposatzen du, baina ez du erantzunik ematen”.

Victoria Eugenia antzokiak eta Tanttaka Teatroak elkarlanean ekoiztutako antzezlana da Soka, Donostia 2016k eta ANTZERK3Z-ek, Bilboko Arriaga, Gasteizko Principal eta Donostiako Victoria Eugenia antzokiek sustatuta. Egilea an-tzezlan honen bitartez murgiltzen da lehenbiziko aldiz arte eszenikoen munduan, eta Ingalaterrako Hattie Naylor dramaturgoaren eta Danimarkako Thomas Vinterberg zinema-zuzendariaren lanak har-tzen ditu oinarri.

Mikel Gurreak (Donostia, 1985) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Pompeu Fabra Unibertsitatean. Soka antzerki-fikzioaren proiektua aukeratu zuten DSS2016EU Europako Kultura Hiriburu barruko Antzerkigintza Berriak proiekturako. Gaur egun, Heldu (Hold) izeneko fikziozko film luzea garatzen ari da Eva Sigurdardottir ekoizlearekin, eta EAVEk (European Audiovisual Entrepreneurs) hautatua da.

Fernando Bernuések (Donostia, 1961) aktore, ekoizle, eszena-zuzendari eta zinema-lanak uztartzen ditu, irakasle-lanekin. 1983an, Mireia Gabilondo eta Kike Díaz de Radarekin batera Tanttaka Teatroa konpainia sortu zuen, zeinak enpresa pribaturik onenari emandako Max Saria jaso baitzuen 2014an.

Gaur eta apirilaren 2an. Euskarazko antzerki zikloak bi obra eszenaratuko ditu udaberriko edizioan. ‘Soka’ gaur eskainiko da; eta hurrengo txanda apirilaren 2an (asteazkena) izango da, Nueva Babel antzerki taldearen ‘Enpresaria’ antzezlanarekin. Bi saioak 20.00etan izango dira.

Sarrerak. Eskuragarri daude jada, on-line, NAEko webgunean (‘www.laescueladeteatro.com’) eta aurrez aurre, eskolako leihatilan. 8 euroan salduko dira, eta 5 euroko tarifa murriztua egongo da ikasle-taldeendako.