Ongi etorri munduko bistarik itsusienak dituen hotelera”. Esaldi erakargarri honekin harrera egin digu The Walled Off hotelekoBisher Qassis arduradunak. Banksy graffitilariaren ostatuak tximino baten eskultura du atearen ondoan. Eta Israelen banaketa harresia aurrean.

The Walled Off hotela murrutik bi metrora dago, ia-ia harresiari itsatsita. Barruan 10 logela bakarrik daude eta bakoitzak 170 euro inguru balio du. “Banksyk esan zigun logela bakoitzeko leihoetatik harresia ikusi behar zela. Gugana etortzen diren bezeroek egunero ikusten dute Israelek erakitako banaketa murruak eragin duen isolamendua”, adierazi du Bisherrek. Gazte palestinarra langabezian zegoen hotelean lan egiteko aukera iritsi zitzaion arte. Egun, berriz, ehunka bisitari jasotzen ditu astean. “The Walled Off-ek izugarrizko aukera eman dit gure eguneroko egoera gogorra munduari erakusteko”, azaldu du Qassisek. Orain harro dio ostatuak aldatu egin duela Betleemgo turismo sektorea: “Jesu Kristoren jaiotza-lekua ikustera etortzen diren erromesek ere geldialdia egiten dute gurean”.

EZAGUNA PALESTINAN Banksyren estrategiak egundoko arrakasta izan du. Bada,lehenengo egunetik misterioz inguratura egon da ekimena. Hotelaren nondik norakoak ez ziren inoiz jakitera eman ostatuak ateak ireki zituen arte. Palestinan aski ezaguna da Bristolgo grafitilaria, izan ere, hamaika mural egin ditu lurralde okupatuetan. Betleemen, adibidez, edonon ikus daitezke bere artelanak: Lora sorta bat jaurtiki nahian dabilen mutila, soldadu israeldar bat miatzen ari den neskatoa edo balen aurkako txalekoa daukan usoa. Inorgutxik daki nor edo nortzuk dauden bere sinaduraren atzean, inork ez du inoiz haren arrastorik jarraitu, baina agerikoa da Palestinarekin harreman estua daukala.

The Walled Off hotela hitz joko ederrean oinarriturik dago. “Ostatuaren izena Michael Jacksonen Off the Wall albumak inspiratu zuen”, azaldu du Bisherrek. Arduradunak hoteleko sarrera erakutsi digu. Dekorazioak Britainia Handiko XX. mendeko inperialismo garaia gogorarazten du.Han ikus daitezke Erresuma Batuko erreginaren argazkiak, XIX. mende amaierako Ekialde Hurbileko mapak eta harresiaren zatiak. Barruan dagoen informazio guztia eskuratzeko oso kontzentratuta egon beharra dago. “Bitxikeria bakoitzak mezu bat transmititu nahi du. Ostatu hau kode sekretuz beterik dago”, azaldu du Bisherrek.

Halere, hoteleko protagonista nagusia pianoa da. Egunero, arratsaldeko 7etan, pianoak jotzeari ekiten dio urrutiko kontrolaren bidez. Bertan entzun daitezke Massive Attack taldearen bertsioak eta musikari ezezagunen doinu argitaragabekoak. Kafetegiko menuan dauden jaki guztien artean, humus kuriosoa dasta daiteke, harresi forma duen ogi zatiekin egina.

ERREALITATEA HURBILDU Sarreraren ondoan oroigarri negozio txiki bat dago, eta piska bat aurrerago harresiaren inguruko museoa. Xehetasun guztiak Banksyk berak gainbegiratu dituela adierazi du arduradunak.“Askok kritikatu gaituzte Israelgo okupazioa normalizatzen dugulakoan, baina errealitatea zeharo desberdina da”. Betleemgo mutilak uste du beharrezkoa zela turistei Israelen eta palestinarren gatazkaren gaineko ikuspegi politiko bat eskaintzea. “Banksyk ez du dirurik egin nahi. Haren helburua da jarrera politikoa ez duten nazioarteko bisitariak errelitate gogor honetara hurbiltzea”, azaldu du Bisherrek. Izan ere, hotelera iristen diren kanpotarrak ez dira soilik ekintzaile politikoak. “Denetarik dago. Guk ez diogu inori atea ixten”, erantsi du.

Qassisek begirune handiz erakutsi digu hotela. Bisitaren amaieran, ordea, milioi euroko galdera egin diogu: Zein da Banksy? Inoiz ikusi al duzu? Qassisek irribarre egin digu, baina ez du ezer erantzun.

Nornahi dela ere proiektu honen atzean dagoen artista, sekretua gordeko dioten lagun onak ditu.