BILBO. Euskal literaturak ahotsa izango du beste behin igandean hasi eta abenduaren 3ra arte iraungo duen Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (FIL), Mexikon. Urtero milaka profesional, editore eta egile elkartzen dira Iberoamerikako literatura jaialdi handienean eta, lehen mailako zenbait izenekin batera, Kirmen Uribe idazle ondarrutarra bertan izango da, Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, euskal literaturari ikusgaitasuna emateko.

Horrela, Etxepare Institutuak jakinarazi duenez, Uribek jarraipena emango dio euskal idazleen presentziari Guadalajaran. Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano eta Mikel Ayerbe, eta Anjel Lertxundi izan dira azken zazpi urteetan, Etxepare Institutuaren ekimenez, Guadalajarako hitzordura bertaratu diren egileak. Urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte stand batean, eta aurten Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea ere joango da azokara.

Ondarroako idazleak "Elkarrekin esnatzeko ordua" (2016) bere azken eleberria aurkeztuko du Mexikoko hirian, eta programa ofizialeko zenbait jardueratan ere parte hartuko du. Horrekin batera, euskal literaturari ahalik eta oihartzun handiena eskaintzeko asmoz, Etxepare Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du.

Hain zuzen, datorren astelehenean, azaroaren 27an, Uribek "Galas de El Placer de la Lectura" ataleko mintzaldian parte hartuko du. Irakurzaletasuna sustatzea helburu duen programak idazle eta irakurleak elkartzen ditu, irakurle bezala bizi duten esperientziaz, gustuko liburuez, irakurketa ohiturez edo filia eta fobia literarioez hitz egiteko. Concepcion Company ikerlari mexikarra, Myriam Moscona poeta mexikarra, Bernardo Carvalho kazetari eta idazle brasildarra eta Alvaro Bisama idazle txiletarra izango ditu lagun Uribek.

Halaber, biharamunean, azaroaren 28an, "Los lectores presentan" atalaren baitan, irakurle anonimo batek, liburua aldez aurretik irakurri eta gero, Kirmen Uriberen hirugarren eleberria aurkeztuko du,

"Elkarrekin esnatzeko ordua". Segidan solasaldi bat egingo da idazlearen eta publikoaren artean. Amaitzeko, azaroaren 29an, Ondarroako idazleak bigarren hezkuntzako eskola bat bisitatuko du, bertako ikasleekin topaketa batean parte hartzeko.

MEXIKO HIRIA

Gainera, Guadalajarako Liburu Azokatik Mexiko Hirira joango du Uribe azaroaren 30ean. Hiriburuko euskal etxean euskal komunitatearekin elkartuko da eta segidan UNAM Mexikoko unibertsitate autonomo nazionalean izango da, bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako literatura solasaldian.

Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azoka munduko literatura jaialdi garrantzitsuenetakoa da, eta Iberoamerikako liburugintza profesionalentzat urteko hitzordu nagusia. 31. edizio honetan 41 herrialdetako 700dik gora egile bertaratuko dira eta 620 nobedade inguru aurkeztuko dira.

Letra iberoamerikarretako izen esanguratsuez gain, besteak beste, Rosa Montero, Elena Poniatowska, Arturo Perez-Reverte eta Hector Abad Faciolice, beste literatura batzuetako egile asko hurbilduko dira Guadalajarara eta egungo literaturako ahots nabariak ere bertaratuko dira, esaterako, Emmanuel Carrere idazle eta kazetari frantsesa, FIL Literatura Saria jasotzek, eta Paul Auster idazle eta gidoilari estatubatuarra.