bastida - Igor Elortzak amaierako agurrean kantatu zuenez, goia jo-tzea falta izan zitzaion atzokoari. Behea ere ez zuen jo, ordea, saio polita entzuteko aukera izan bai-tzuten Bastidako kiroldegian bildutako 980 lagunek. Ofizio landuak eta ideia zorrotzak erabili zituzten sei bertsolariek. Hartara, lehenengo finalaurrekoko puntuazioa ere goitik joan zen: Sustrai Colina irabazleari 705,5 eman zioten epaileek eta Elortza bigarrenak 703 batu zituen.

Lapurtarrak eta bizkaitarrak aurtengo txapelketan lehenengo saioa bazuten ere, esperientzia baliatu zuten ariketaz ariketa puntuak biltzeko. Agin Laburu bizi aritu zen eta entzuleek eskertu zuten haren freskotasuna eta umorea. Epaileek 690 punturekin saritu zuten Astigarragakoaren ahalegina. Jon Martinek ikuspegi originalak bilatu zituen Inaxio Usarralde gai-jartzaileak proposatutako gaietan eta 671 puntu eman zizkioten. Jone Uriak (669) ariketa guztietan utzi zuen ale nabarmenen bat. Nahikari Gabilondok, aldiz, zail du finalaurrekoetako bigarren fasera pasatzea, 600 puntuko uztak eskas itxura baitu. Hala ere, zertxobait gehiago merezi ote zuen, horra zalantza.

Giroa berotu arte, hasierako ariketetan baleko bertsoak aurkitzea nekezagoa izaten da batzuetan. Atzo, ordea, indartsu hasi ziren Jone Uria eta Sustrai Colina zortziko handian. Tabernari lanetan jarri zituen gai-jartzaileak, beren lagunen seme-alabei tragoak zerbitza-tzen. Gaia ondo garatu zuten, bertso bakoitzean ideia berriak plazaratuz. Laburu eta Gabilondo gurasoak ziren eta haien umetxoa etxeko sekretuak kontatzen hasia omen zen eskolan. “Beti ezkutuan egiten dugu, kontatzekoa ez dena”, hasi zen Gabilondo, lasai. “Ba nik zalantzan jarriko nuke, egiten dugunik ere”, erantzun Laburuk, eta hurrengo bertsoan: “Nik zuri ejem egiten dizut, nere ustez oso klaro/ Baina semeak entenditzen du, andreak baino lehenago”.

Zortziko txikian, kamioia karga-tzen ari ziren bi langileren azalean, elkarri adarra jo zioten Colinak eta Gabilondok. Laburu, bestetik, Martinen etxea margotzera joan eta jabeak kolorea behin eta berriro aldatzeko eskatzen ziola eta, kolpe onak bota zituzten. Puntua emanda, Igor Elortza aritu zen finen, gai-jartzailearen bufanda aipatzeko tartea ere izan zuen.

Sei puntukoan, Jone Uriaren eta Agin Labururen lana izan zen aipagarriena. Zaharren egoitzan maitemindu den bikotearen azaletik, bertso hunkigarri batzuk utzi zituzten. Sustrai Colina ere oso ondo aritu zen seikoan, ordu estrak kobratu gabe egin behar zituen erizainaren ahotik. Gaixoek maitasunarekin ordaintzen ziotela bota zuen lehenengo, bere zereginari uko eginez gero jendea hil egiten dela gogoratu zuen ondoren.

Kartzelakoan hauxe gaia: “Ez duzu gonbidapenik jaso, baina joatea erabaki duzu”. Ordura arteko zalantzak uxatuta, bikain aritu zen Colina. Banandutako guraso baten larruan sartu, eta seme txikiaren urtebetetze jaira joan behar zuela ebatzi zuen. Igor Elortza, berriz, kalera bota zuen enpresaren jaira joatekoa zen, bere egoera bertsotan azaltzeko asmoz. Puntuz puntu josi zituzten ideiak Colinak eta Elor-tzak, eta horrek eman zien abantaila.

Colinak, hala ere, ez zuen bere burua indar betean nabaritu, “ari nintzena baino okerrago nengoen sentsazioa nuen”, adierazi zuen saioaren ondoren. Hala ere, ideia biribilik atera ez arren, “buruak erantzun” egin zion, puntuak pila-tzeko behintzat: “Lanerako buzoa jantzi behar izan dut”. Kartzelan bai, “aseta” geratu zen urruñarra. Joxemari Ostolazak “mimo handiz” egindako doinu berria erabili zuen. Igor Elortza eta Agin Laburu ere ondo ikusi zituen Colinak. “Gailur gabeko saioa izan da, baina behea ere ez du jo”, lapurtarraren ustez. Hurrengo finalaurrekoa Irunen izango da, asteazkenean.