BILBO. Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Alberto Iglesias konpositore donostiarrari emango dio 59. edizioko Ohorezko Mikeldia. "Mugitzen ari diren irudien esanahi dramatikoa indartzeko duen talentuaren bitartez, bere sorkuntzarako erabateko askatasuna eta bere partituren intentsitate emozionala gaur egungo zine zuzendari handienetako batzuen esku jartzeko gai izan den musikariaren lan osoa" aintzatetsi nahi du jaialdi bilbotarrak, arduradunek astearte honetan jakinarazi dutenez.

Alberto Iglesias (Donostia, 1955) egungo zinearen musika konpositore handienetakoa da. Piano, konposizio, kontrapuntu eta musika elektronikoko ikasketak barne hartzen dituen musika prestakuntza bikaina du, eta Montxo Armendarizek 1980an zuzendutako "Paisaje" eta "Ikusmena" film laburrei musika jarriz hasi zuen bere ibilbidea. Handik gutxira, lehenengo film luzerako musika egin zuen: "Mikelen heriotza" (Imanol Uribe, 1984) lanerako.

1990eko hamarkadaren hasieratik, Alberto Iglesias Espainiako Estatuko zinemaren zuzendari garrantzitsuenetakoekin lanean hasi zen, nahiko modu jarraituan. Horien artean daude Ricardo Franco ("El sueño de Tánger", 1991), Julio Medem ("Vacas", 1992), Carlos Saura ("`Dispara!", 1993), Pedro Almodóvar ("La flor de mi secreto", 1995), Bigas Luna ("La camarera del Titanic", 1997), Iciar Bollain ("Te doy mis ojos", 2003) eta Isabel Coixet (Spain in a Day, 2016).

Dena den, Medementzat (bost) eta Almodóvarrentzat (hamar) egindako partiturak dira "Espainiako zinea mundu osoan ezaguna izateari egin dizkion ekarpen indartsuak, iraunkorrak eta oso pertsonalak markatzen dituztenak".

Nazioarte mailan aipatzekoak dira zenbait zinemagilerentzat egindako konposizioak, besteak beste, Oliver Stone ("Comandante", 2003), Fernando Meirelles ("The constant gardener", 2005), Marc Foster ("The Kite Runner", 2007), Steven Soderbergh ("Che: Guerrilla·, 2008), Hossein Amini ("The Two Faces Of January", 2014) edo Ridley Scott ("Exodus: Gods and Kings", 2014).

SARIAK

Zinerako egin duen musika ekoizpen emankorraren erakusle dira jaso dituen hamar Goya sariak; horien artean daude 2010ean Pedro Almodóvarren "Los abrazos rotos" lanarengatik jasotakoa, 2011n Iciar Bollainen "También la lluvia" filmarengatik lortutakoa, eta 2012an Almodóvarren "La piel que habito" lanari esker jasotakoa.

Nazioartean, Alberto Iglesiasek Oscar sarietarako hautagaitza lortu zuen 2005ean, Jatorrizko Soinu Banda Hoberenaren kategorian, Fernando Meirellesen "The constant gardener" lanerako egin zuen partiturarengatik. Lan horri esker Bafta sarietarako hautagai ere izan zen, eta World Soundtrack Awards izeneko sarietan Jatorrizko Soinu Banda Hoberenarena lortu zuen.

2008an, Marc Fosterren "The Kite Runner" filmerako egindako konposizioari esker, berriro Oscar sarietarako hautagai izan zen, Satellite Award 2007 saria lortu zuen, eta Bafta sarietarako eta Urrezko Globoetarako hautagai izan zen. 2011n Hollywood Film Composer Award saria lortu zuen Tomas Alfredsonen "Tinker Tailor Soldier Spy" lanerako eta Almodóvarren "La piel que habito" filmerako egin zituen konposizioak zirela eta. Gainera, Alfredsonen filmari esker, Oscar sarietarako hirugarren hautagaitza, Bafta sarietarako beste hautagaitza bat eta Konpositore Europar Hoberenaren saria lortu zituen.

Bere azken proiektuak Julio Medemen "Ma ma" (2015), Pedro Almodóvarren "Julieta" (2016) eta Santiago Mitreren "La Cordillera" (2017) izan dira; Mitreren lana irailaren 29an estreinatuko da eta Ricardo Darín argentinarra da protagonista.

Alberto Iglesiasek balleteko musikarako lan batzuk ere egin ditu. Horien artean azpimarragarriak dira Nacho Duato koreografoarekin eta haren Dantza Konpainia Nazionalarekin izandako elkarlanak, "Cautiva", "Tabulae", "Cero sobre cero" eta "Self" piezak konposatuz eta ekoiztuz.