Ostiralean jokatuko da Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako finala, Bilbon. Final berezia izango da, izan ere, mende laurdeneko ibilbidean sariketan parte hartu duten guztiei dei egin diete, talde-argazkia ateratzeko. Gaur egun punta-puntan dabiltzan bertsolari askoren harrobi izan zen eta hasierako ezaugarriei eusten asmatu du: lagun artean, bertsolari gazteek plazan kantatzeko lehenengo aukeretako bat izaten dute BBK Txapelketan.
FORMATU BERBERA
Eskualdeka lehiatzen dira bertsolariak, seiko taldeetan. Kategoria bi daude (18 urtera artekoak eta 24ra artekoak), baina bi mailetako puntuak batzen dira saio bakoitzeko irabazlea aukera-tzeko. Formatuan ez da aldaketarik egon 25 urtean. Bai, ordea, parte-hartzaile kopuruan: Bost eskualde izan ziren 1993ko lehenengo edizioan eta aurten zortzi dira. Bizkaiko eremu osoa hartzen dute orain taldeek, Lea-Artibaitik Enkarterrira.
Juanjo Respaldiza aspalditik dabil antolatzaile eta, azaldu duenez, gazteak trebatzea da BBK Sariketaren helburua. “Bizkaiko bertsolari gazteen artean sortzen den harreman-sarea ederra da”. Ikastolen Elkarteko ordezkaria da Respaldiza, erakunde hori baita txapelketaren bultzatzaileetako bat, BBKrekin eta Bertsozale Elkartearekin batera.
Kanporaketak, finalaurrekoak eta finala jokatzen direnez gero, lehia egon badago, baina bertsolariak elkarren lagun dira, aurkari baino, Respaldizaren ustez. “Bertso barnetegietatik eta halakoetatik elkar ezagu-tzen dute; gaur egun Getxo eta Ondarroa ez daude horren urrun”.
BBK Txapelketari esker, gainera, oholtzara salto egiten dute. “Adin horretan ez dago plaza asko egiteko aukerarik, Eskolarteko Txapelketa dago eta gero hau, beste formatu batean, taldeka”, dio Respaldizak. “Trebatzeko plaza da, ez dugu eska-tzen maila handirik, baina bertsolariek lan ona egiten dute gero”.
Hain zuzen ere, bertsolarien prestakuntzan nabaritu du garapena Respaldizak. “Gaur egungo gazteak jan-tziago datoz txapelketara”, azpimarratu du. “Lehen ere trebeak ziren, baina orain ikusten hasi gara, gaztetxoen mailakoak kantatzen hasi direla lehen nagusien mailakoek egiten zuten eran”.
Gainerakoan, eta 1990eko hamarkadako edizioekin alderatuta, Respaldizak ez du desberdintasun handirik igarri, aurrerapen teknikoetan izan ezik: “Ni hasi nintzenean, telefonoz aritzen ginen taldeak osatzen, dena antolatzen; orain dena azkarragoa da”. Bertso eskolen sare indartsuari esker, erraza da taldeak betetzea eta eskualde batek hutsuneren bat duenean, beste eskualdeetakoak prest izaten dira seikotea osatuko duen norbait aurkitzeko.
BERTSO UNIBERTSO OSOA
Bertsolariak ez ezik, Bizkaiko bertsogin-tzaren unibertso guztia elikatzea da BBK Txapelketaren zeregina. Horregatik, gai-jartzaileen eta epaileen artean ere, gazteak egoten dira, parte-hartzaileen adin beretsukoak. “Bertsozale Elkartearen berritze planarekin bat dator hori, gazteak honelako plazetan trebatzen ditugu, gero txapelketa handietako epaile eta gai-jartzaile izan daitezen”. Gainera, gai-jartzaileak, epaileak eta bertsolariak belaunaldi berekoak badira, saio biribilak izateko aukera areagotzen da, antzeko kezkak eta ikuspegia dituztelako.
BBK Txapelketak 25 ediziotan egin duen ekarpena ezinbestekoa izan da Bizkaiko bertsogintza biziberritzeko. 1993ko sariketako parte-hartzaileak ikusi besterik ez dago: Han ziren Igor Elortza, Unai Iturriaga, Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta abar. Haietako asko artean umeak ziren. Nolanahi ere, goi mailara heldu direnak zein bertsogintza utzi zutenak, denak oroitu nahi izan ditu Respaldizak, “Bizkaiko edozein herritara noala, beti dago agurtzen nauen norbait”.
Lea-Artibaik irabazi zuen 1993ko edizio aitzindari hura eta, harrezkero, katea ez da eten. Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Uribe Kosta, Uribe Butroe, Arratia, Busturialdea, Lea-Artibai eta Durangaldea dira aurtengo parte-hartzaileak, dozenaka gazte gogotsu bertso eskoletan landutakoa erakusteko prest.