Bilbo erdiguneko leku pribilegiatuan kokatu ditu Helena Goñik (Bilbo, 1990)bere lanak. Umetatik izan du lotura estua artearekin, eta bere ibilbidearen hasieran badago ere, zalantzarik ez dago etorkizun oparoa izango duela. Batez ere argazkilaritza lantzen duen arren, artistatzat du bere burua, kontzeptu “zabalagoa” delako, bere esanetan. ‘Barriek 2017’ Sorkuntza Beka eskuratuta, Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan “gaztaroa, Bilbo eta musika” batu ditu. Xehetasun handiz erakutsi digu espazioa Goñik, gaztaroko sentipen eta buruhausteen inguruko hausnarketa egin bitartean.
‘Tell me how close we are to a riot’. Izenburu deigarria jarri diozu erakusketari. Noiz eta nola sortzen da proiektua eta zergatik izenburu hori?
Gradu amaierako lana bukatu nuenean Londresera joan nintzen. Hona bueltatzean, pogo bat antolatu nuen. Ingelesez moshing izenez ezagutzen den dantza mota bat da: dantzariak jauzika ibiltzen dira eta indar handiarekin oldartzen dira elkarren kontra, musikaren erritmoarekin batera. Punkarekin eta metalarekin lotu ohi da. Leioako Arte Ederren fakultatearen atzeko aldean izan zen eta grabatu egin nuen. Pieza hori da proiektuaren hasierako eta amaierako etaparen arteko lotura nabarmenena. Grabazioa osatzeko, AEBtako talk show batean Marilyn Manson musikariari eta gazte batzuei egindako elkarrizketa bat berreskuratu dut. Bertan, pogo-an eta gazteengan dagoen biolentziaren inguruan hitz egiten zuten. Tentsioa sortzen zen aurkezlearen, publikoko pertsona kontserbadoreen eta gazteen artean. Batzuek biolentziaikusten zuten lekuan, gazteek egun bizi garen gizartea eta kulturarenganako erantzun naturalgisa ikusten zuten, adrenalina jariatzeko eta batera egoteko modu bezala. Tell me how close we are to a riot aurkezleak elkarrizketan dioen esaldia da.
Iraultzatik gertu gaudela esango zenuke??
Proiektu honetan gazteen zalantzak edo kezkak azaleratzen saiatu naiz: krisi ekonomikoa, bizitzako arlo guztietan dagoen prekarietatea? Ez dakit iraultzatik gertu ote gauden...Badirudi, hor nonbait, zerbait gertatu behar dela, egoerak eztanda egingo duela, bainaez da gertatzen. Aukeratu dudan izenburuak hori ederto islatzen duela deritzot.
90eko hamarkadakoa da aipatu duzun telebista saioko elkarrizketa, eta badirudi gazteek etorkizun grisa zutela. Antzeko momentuak bizi ditugu gaur egun?
Bai. Punkaren gaia ez nuen nabarmendu nahi,baina presente dago erakusketan. Garai hartan, Eskorbuto, MCD eta antzeko taldeek orduko krisiaren inguruko letrak idazten zituzten.Hogei urterekin, proiektu honetarako berriro ere talde horien musika entzuten nenbilela,ikusi dut ezer gutxi aldatu dela kontua. Krisia 2008an hasi zen eta hiru-lau urtetan bukatuko zela ematen zuen arren, ez da horrela izan. Txarrera doa eta gu dagoenarekinbizitzen ohitu gara.
Erakusketa honetan ez duzu diziplina bakarra erabili. Argazkiak, bideoa? Aretoko zutabe bat ere obra bihurtu duzu, posterrez estaliz.
Argi nuen zutabearekin zerbait egin nahi nuela. Rekalde Aretoko espazio hau oso interesgarriairuditzen zait, baina era berean okupatu ere egin nahi nuen. Izan ere, lan honek zerikusihandia du horrekin, gazteek espazioak eraldatzeko eta okupatzeko duten moduarekin. Erakusketa kaletik begiratuta, zutabea da ikusteko zailena den elementua eta jendea erakarrinahi nuen espazio honetara. Gainera, posterra erakusketan egotea nahi nuen. Kagadero taldeak Olabeagako gaztetxean emandako kontzertuarena da. Nire koadrilakoen musika taldea zen eta bi kontzertu baino eman ez bazituzten ere, koadrilako pertsona bakoitzaren bizitzan gertakari historikoa izan zen hura. Grazia egiten dit gaztaroko momentu klabeetan dagoen indar eta leialtasunak.
Era batera edo bestera, agian ez guztiz modu zuzenean, baina musika ere nahiko presente dagoerakusketan.
Bai. Proiektu hau zeri buruzkoa zen azaltzen hasi nintzenean, hiru elementutan laburbiltzennuen: Bilbo, musika eta gaztaroa, etapa gisa.
Erakusketako elementu deigarriena zurezko egitura bat da. Iturribide kalean zegoen Ikatz tabernako komunaren erreplika eraiki duzu.
Ikatz taberna mitikoa da Bilboko hainbat belaunaldirentzako. Niri asko gustatzen zitzaidanbertako komuna. Atea beti zegoen hondatuta, jendeak paretak margotzen zituen? Londresetik bueltatu nintzenean, bertara joateko gogoa edo beharra sentitu nuen, baina egun batzuk lehenago taberna itxi egin zuten. Komunaren neurriak gutxi gorabehera kalkulatu eta gurrezko egitura sortu nuen. Gero, lagun batzuk gonbidatu nituen nire estudiora eta Vulk taldeak kontzertua jo zuen bertan. Bitartean, jendea errotuladoreekin komuneko paretetan idazten aritu zen. Jai hartan gertatutakoaren emaitza dago ikusgai.
Zure bizipenak aurki ditzakegu erakusketako txoko askotan. Esango zenuke erakusketa pertsonala dela?
Egia esan, proiektua introspektiboagoa zen hastapenean, ni-tik egina. Denbora aurrera joan ahala, ordea, benetako garrantzia gu-ak zuela konturatu nintzen. Pertsonala da argazkietan ateratzen den jende asko hurbilekoa delako, baina garrantzia kolektiboan dago, ez norbanakoan.
Kontaktu fisikoari ere garrantzia eman diozu, gorputzen arteko loturei.
Lan honetan oso presente dago babesaren ideia, batak besteari babesa ematea. Gaztaroan, etengabeko bertigoan bizirik, zer gertatuko den jakin gabe, gertuko lagunenganako oso lotura indartsua sortzen da. Hori irudikatu nahi izan dut.
Partxe bat jarri duzu paretan, ‘Si no es sucio no es personal’ irakurri dezakegu bertan. Ze zentzutan diozu hori?
Esaldi hori estudioan lanean nenbilela bururatu zitzaidan, eta azkenean proiektuaren iritziadierazpen nagusietakoa bilakatu dela esango nuke. Hasieran nire lan egiteko moduan ikusten nuen, negatiboetako orbantxoak? Baina konturatu naiz, horrez gain, hiriarekin eta bertan egiten ari denarekin ere baduela zerikusirik. Ria 2000 eta bestelako proiektuetan, Bilbok identitate zehatz bat izatea ahalbidetzen duten hainbat leku desagertzen ari dira, eta hiriak gero eta garbiago, aseptikoago eta bata bestearen berdinago bilakatuz doaz. Partxea aukeratu nuen euskarri gisa, proiektu honen logikaren baitan, arropak identitatearen iraikuntzan duen garrantziarengatik. Partxeetan eramaten baititu bakoitzak bere aldarrikapenak.
Artistatzat duzu zure burua, soilik argazkilaritzat baino.
Egia da ez zaidala gustatzen argazkilari gisa etiketatzea; artista termino zabalagoa delaesango nuke. Txikitatik gurasoengandik jaso dut artearekiko eta kulturarekiko zaletasuna.Nire ama oso argazkilaritza zalea da, eta puntako argazkilarien liburuak erakusten zizkidan,García-Alix eta Robert Mapplethorpe,besteak beste. Euren garaian oso apurtzaileak izandakoak. Gurasoek animatu ninduten Arte Ederrak ikastera, babes handia eman didate.
Baina egia da argazkilaritza dela gehien lantzen duzun diziplina. Zelan hasi zinen horretan?
Gurasoen lan kontuak zirela-eta, urtebete joan ginen Kanadara, 1999an. Denbora gutxi igaro zen Britney Spears-en lehen hit-etik, eta nik herrialde hartaz nuen erreferentzia bakarrahorixe zen, nahiz eta Spears estatubatuarra izan. Nire ama beti zebilen argazki kamerarekin,guztia dokumentatu nahian, eta gogoan dut digitalaren inguruko eztabaida ere orduan hasi zela. Argazkilaritzarekin kontziente izaten hasi nintzen garai hartan eta telebistaniragarki bat ikusi nuen: Britney Spears ageri zen Polaroid kamera batekin. Kamera horrekin tematu nintzen eta, matraka eman ondoren, gurasoek erosi egin zidaten azkenean. Hor hasi zen guztia. Gerora, erabili eta botatzeko kamerak izan nituen, digitala? Azken hau Ikatzeko komunetan apurtu zitzaidala esango nuke, kar, kar, kar.
Pozik geratu zara erakusketarekin?
Oso pozik. Rekalde Aretoko espazioa ikaragarria da. Gainera, goizaldeko ordu bata arte retokoargiak piztuta egoten dira. Beraz, nire erakusketa goizeko hamarretatik goizaldeko ordu bata arte dago ikusgai bi hilabetez. Aukera itzela da.
Honen ostean, baduzu proiekturik esku artean?
BAFFEST, Barakaldo Foto Festival, irabazi nuen iaz eta datorren ekainean erakusketa batdut eurekin. Orain egonaldi artistikoak bilatu nahi ditut atzerrian. Kanadara joatea gustatuko litzaidake.