BILBAO. Zineuskadik jakinarazi duenez, Leo Leek idatzitako eta zuzendutako filmak Kakahuete planeta jasaten ari den lehorte larria du abiapuntu. Ur gabeziak Bonta kaktusari eragiten dio, planetako biztanleak urtetan zehar elikatu dituen landareari. Gauzak horrela, Baraboo, desertuan kokatuta dagoen hiria, aldaketa klimatikoaren ondorio lazgarriak pairatzen ari da bereziki.

Axel Baraboo hiriko gazte zalapartaria da. Egun batean, Bontas basoak hiria salbatuko duenaren ametsaldia izango du eta Bontas basora bidaiatzea erabakiko du, Jono bere lagun lotsatiarekin batera. Iman Beltza bailarako harri flotatzaileen bitartez egiten duen bidaian zehar arrisku handiekin egingo dute topo, baina lagunak ere egingo dituzte, Pootron izeneko ostruka erraldoia esaterako, zeina bere lagun leiala bilakatuko den. Bere buruari benetako heroi bat dela erakusteko, ordea, Axelek Musker Erregeari egin beharko dio aurre. Musker Erregeak Bonta basoko landare guztiak bere menpe izatea eskatuko du Gaga printzesa askatzearen truke.

Zinema Euskaraz programaren helburua da euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta hiritarren esku jartzea. "Axel, heroi txikia" aurten diruz laguntzen den hamalaugarren filma da; "Laban", "Zikoinak", "Printze Txikia", "Phantom Boy", "Iparraldeko Norman", "Egun handia", "Oker", "Tximinoen Erresuma", "Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla", "K2. Zerua ukitzen", "Mustang", "Albert" eta "Ozzy" izan ziren aurrekoak.