Haurtzaroko oroitzapen batetik abiatu da Ander Odriozola bere lehen nobela idazteko. Umetan Ondarroan bizi zen eta portura joaten zen maiz, izan ere, abentura piloa gertatzen zen bertan; leku arriskutsua eta erakargarria zen, aldi berean. Jende asko zebilen lanean, kutxak barreiatuta, amuak lurrean... Joan-etorri handia zegoen. Egun batean, auto bat ikusi zuen; aurreko kristalean tiro baten zuloa zuen eta gidariaren eserlekua odolez zikin zegoen. Hamabi urte inguru zituen Odriozolak orduan, eta harri eta zur geratu zen. Hurrengo egunean eskolara joan zen, klasekideei ikusitakoa kontatzeko irrikaz, baina konturatu zen ez zuela kontatzeko ezer, ez baitzegoen hildakorik, ez hiltzailerik, ezta zergatirik ere. Oroitzapen horretatik abiatuta sortu du Freeport eleberria, hasieratik harrapatzen zaituen istorioa.
Ander Odriozola (Ondarroa, 1978) ingeniaria da ikasketaz eta irakaslea lanbidez, baina azken urteotan hainbat lan egin ditu ikus-entzunezkoen arloan, eta azkena lagungarri suertatu zaio liburua idazteko: “Gidoigintzan aritu izana baliagarria izan zait, azken finean, niretzako garrantzitsuena istorioak konta-tzea baita. Horiek ondo kontatzeko eta pertsonaiak behar bezala gara-tzeko, aurreko esperientziak erabili ditut”. Lehen lana izanik, prozesua “gogorra” iruditu zaio, izan ere, beste genero eta estilo batzuetara ohituta egonik, ez da erraza izaten aldatzea; hala, eleberriak idazteko erabiltzen diren trikimailuak ikasi behar izan ditu ondarroarrak.
Dena dela, estilo zinematografiko samarra du Freeport-ek: elkarrizketa asko, deskribapen gutxi, orainaldiaren erabilera? “Zalantzak izan nituen orainaldiarekin, oso idazkera azkarra baita, baina estilo kuriosoa ematen dio, gidoi itxurakoa. Zentzu horretan, ez naiz erosoen sentitzen naizen lekutik asko urrundu ”, aitortu du.
beltzaren xarma Detektibe trakets eta zinikoa, femme fatale-a, hilketa bat, maitale-jokoa, susmagarri ugari? Genero beltz klasikoaren osagai guztiak ditu Freeport-ek. “Aspalditik gustatu izan zaizkit genero beltzeko pelikulak, 50eko hamarkadakoak batez ere, genero beltzaren sasoirik onenekoak. Batez ere, film amerikarrak. Pelikula piloa ikusi ditut”, kontatu du idazleak. Hainbeste film ikusi eta gero, gauza batez konturatu zen Odriozola: beti errepikatzen ziren elementu berberak eta istorioak nahiko an-tzekoak izaten ziren film luze beltz klasikoetan. “Eta zera pentsatu nuen: zergatik ez idatzi elementu klasiko horiekin beste istorio bat eta hemen kokatu, Ondarroa eta Bilbo artean?”. Esan eta egin
80ko hamarkadan garatzen da istorioa, Bilbo eta Ondarroa artean. Zeharka bada ere, garai hartako elementuak isla-tzen ditu nobelak. Eleberriaren izenburuak dioen bezala, portuan zerga gabe saltzen ziren produktuak, tabakoa eta alkohola batez ere, eta horretaz zerbait ere badago Odriozolaren istorioan. “80ko hamarkada gogorra izan zen hainbat alderditan, eta istorio interesgarri askoren eszenatoki ere izan zen. Gainera, portuak xarma berezia dauka horrelako trama bat kontatzeko, legez kanpoko edo antzeko ekintzetarako leku aproposa baita. Bestalde, Bilbok, hiria izanik, kontrapuntua ematen dio”, uste du egileak. Trama nagusiari garrantzirik kendu gabe sartu ditu elementu horiek, baina nostalgiarik gabe.
Pertsonaien izaerak taxutzeak badu lanik. Joanes da protagonista nagusia, aseguru-etxe bateko langile ohia eta detektibe ganorabako samarra. Aida femme fatale-ak ere badu bere lekua nobelan; alderdi ezkutu eta misteriotsudun emakumea da, hildakoaren emaztea. Freeport-en, Odriozolaren ustetan, pertsonaia bakoitzak “bere puntua” du genero beltz klasikoan, eta, horiek sortzen joan zen heinean, gero eta sakonago bilakatu ziren pertsonaiak. “Ez dago onik, ez dago gaiztorik, eta pertsonaiek ahal duten bezala egiten dute aurrera bizitzan, legez kanpo batzuetan. Baina protagonistak badauka bere morala eta badaki gauzak nola egiten diren”, azaldu du Odriozolak.
Trama edo misterioa ez da nobela amaitu arte argituko, eta bukaera ere ez da esperotakoa izango. “Asko gustatzen zaizkit azkeneraino korapiloa askatzen ez duten istorioak. Irakurleak eskertzen duela uste dut, eta idazlearen lana da hori guztia ondo antolatzea, bukaera behar bezala ixteko”. Dena dela, istorio nagusiaz gain, badaude hainbat hari paralelo ere, eta zabalik gelditzen dira horietako batzuk . “Ez dut uste dena azaldu behar denik”, gehitu du egileak.
Aurrera begira, gidoiak izan ala nobelak izan, idazten jarraituko duela argi dauka Odriozolak, istorioak kontatzea baita berak gustukoen duena: “Idazten duzun lehen eleberria argitaratzeak gogoa pizten dizu, jakina. Hala ere, prozesua ez da erraza izan eta proiektu berri bat patxadaz pentsatu beharra dago, erdibidean ez geratzeko”.