iruñea - Pamiela argitaletxeak, 2016ko Etxepare Sariketako irabazlea izan den Zerua gris dago haurrentzako bilduma ilustratua aurkeztu zuen atzo jendaurrean, lanaren egileekin batera: Isaak Martinez, testuaren egilea; eta Liebana Goñi, ilustratzailea. Liburuan, Martinezek azaldu bezala, paisaia elurtu batean topo egiten duten “bi haurren arteko harremanaren hasiera kontatzen da”. Adiskidetasuna eta generoak eragindako aurreiritziak hizpide ditu Martinezek idatzitako istorioak.

Martinez eta Goñiren lana, lehiaketara aurkeztutako 23 bildumen artean aukeratu zuen Yolanda Arrieta eta Patxi Zubizarreta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osatutako epaimahaiak: “Albumean adiskidetasun baten sorrera konta-tzen bazaigu ere, generoak eragindako aurreiritzien kontrako aldarri isila eskaintzen zaigu, laguntasunaren aldeko proposamen sotila”. Zubizarretak azpimarratu bezala, testuaren eta irudiaren oreka esangura-tsua da Zerua gris dago-n:“Apenas aditzik duen testuaren eta abilezia handiz eraikitako paisaia eta pertsonaien artean, ematen du isiltasuna entzun egiten dela, elur giroak koloreak indartu egiten dituela.”

Martínezek aditz gutxi eta onomatopeia adierazgarriak erabili ditu idazterakoan, testuari indarra emateko asmoz. “Iruditzen zait, idazterakoan, musikan eta zineman bezala, sinpletasuna konplexutasuna baino esanguratsuagoa izan daitekeela”. Goñik, berriz, teknika berriak probatu ditu, eta horrek, besteak beste, elurraren kontrasteak, koloreak eta ehundurak lantzeko aukera eman dio.

Pello Elzaburu Pamiela argitaletxeko editoreak iragarri bezala, abenduaren 2tik 6ra ospatuko den Durangoko Azokan aurkezpen berezi bat eginen dute Zerua gris dago-rekin. Jakitera eman zuenez, 1.200 ale inprimatu dira salmentarako.

Atzoko aurkezpenean parte hartu zuen Maria Olaiz Antsoaingo Udaletxeko euskara teknikariak, 2017ko Etxepare Sariketarako deialdia egin zuen. Lanak dagoeneko aurkeztu daitezke, datorren urteko maiatzaren 19ra arte. Epaimahaiak erabakia hartzeko azken eguna 2017ko ekainaren 30a izanen da. Nafarroako 19 toki entitatek, Pamiela argitaletxearen laguntzarekin antolatzen duten sariketa.

Etxepare lehiaketaren ibilbidea Antolatzaileek aditzera eman bezala, literatura sari esanguratsu baten hutsunea betetzeko helburuarekin sortutako sariketak 2004ean hasi zuen bere ibilbidea, Nafarroako hainbat toki entitateetako Euskara Zerbitzuen eskutik. 2006tik aurrera Etxepare haurrentzako bildumak sortzeko beka bihurtu zen, izan ere, alor honetan itzulpen lanak nagusitzen zirela nabarmena zen, jatorrizko ekoizpenen gainetik.

2009tik aitzinera, beka izateari utzi eta sariketaren formatua berreskuratu zen. Ordutik, Pamiela argitaletxeak hurrengo lanak argitaratu ditu: Gerlari handia (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena), Zirkua amets (Joxan Ormazabal eta Iraia Okina), Katalina kontalari (Iñaki Zubeldia eta Estibalitz Jalon), Alex, nire laguna (Mikel Gurrutxaga eta Maite Gurrutxaga), Euria ari duenean (Leire Salaberria), Hara! (Miren Asiain) eta Gerrak ez du izenik (Leire Bilbao eta Maite Mutuberria), Hiltzaileak (Leire Salaberria) eta Munstroek ere pixa egiten dute ohean (Pello Añorga eta Jokin Mitxelena). Orain, Zerua gris dago batu zaio zerrendari.

Agoizko Udala, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Esteribarko Udala, Garesko Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Sakanako Mankomunitatea, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatuak antolatzen duten lehiaketa.

Idazlea. Isaak Martínez.

Ilustratzailea. Liébana Goñi.

Deialdia: Albumak sortzeko VII. Etxepare Saria. Lehiaketaren bidez argitaratzen den hamargarren bilduma da.

Argitaletxea: Pamiela.