Síguenos en redes sociales:

Ahozko literatura prosa bihurtuz

Euskal Herriak jaso zuen azken baladan oinarritutako narrazioa dakar bere azken liburuan Mariasun Landak, Erein argitaletxearen eskutik. Gazteei zuzenduriko lan honetan, orein bilakatu zen neskatilaren ahozko kontakizuna gaurko literatura moldeetara ekartzeko ariketa egin du

Azken balada liburuan hiru kontakizun gurutzatzen diren arren, eleberri honek euskal ahozko literaturan jaso zen azken balada du oinarri: Oreina bilakatu neska (1965). Balada ezaguna gaur egunera ekarri du Mariasun Landak (Orereta, 1949), beronen bertsio eraberritua proposatuz. Sorgin-erritu baten ondorioz, gauez neska den eta egunez oreina bihurtzen den Mayi neskatoaren istorioa kontatzen du balada honek. Nebaren txakurrak bere atzetik doazelako arriskuan dagoela aitortuko dio protagonistak bere amari. Emakumeak sekretua Jakes semeari kontatuko dio eta honek sinetsi ez eta txakurrei oreina harrapatzeko agindua emango die. Behin orein-neska harrapatuta, akabatu eta bere haragia prestatuko du afarirako. Lapikotik entzungo da orduan Mayi neskatoaren ahotsa. Afal, afal Jackes, ni nuk hor lehena, ene haragiaz betherik dupina!

Piarres Lafitte idazle eta euskaltzaleak 1965. urtean Iparraldeko Gure Herria astekarian argitaratu zuen orain arte ezagutzen den balada tradizional honen bertsio bakarra. Istorio honen jatorriari buruzko informaziorik eman gabe hil zen folklorista hau, handik hogei urtera. Balada Haizea taldeak musikatu zuen aurrenekoz, 1978an, Ura ixuririk izenpean. Gerora, Benito Lertxundik, istorio bera oinarri hartuta, Mayi kanta sortu zuen. Kontakizun honek beste jauzi bat eman du orain, eta ahozko poema izatetik narrazio izatera pasatu da, Landaren eskutik. “Oreina bilakatu neska edo Haizea taldeak musikatutako bertsioa oso gustagarri izan ditut betidanik, horixe izan da istorio honen eraberritzearen arrazoi nagusia”, aitortu du idazleak.

Balada hori narrazio bihurtzea aspalditik buruan zuen proiektua izan da Landarentzat. Idazten hasten den aldiro, erronka berriak jartzen dizkio bere buruari oreretarrak eta, kasu honetan, “ondo ala gaizki, desafioari eutsi eta aurrera eraman” ahal izan duela dio. “Batetik, baladaren narrazioa idatzi nahi izan dut, baina, bestetik, beste bertsio berri bat ere gehitu nahi izan dut, desmitifikatzaileagoa eta jatorrizko kontakizunaren alderdi magiko, fantastiko edo gore horiek guztiak argituz eta gaur egungo gazte literaturako ezaugarri batzuk erabiliz: pertsonaia berriak sartuz, narratzailearen ikuspuntua aldatuz, bukaera ez hain tragikoa asmatuz? Betiere jatorrizko balada errespetatuz eta modu narratiboan emanda”, argitu du idazleak.

Hiru bidetan zabaltzen den kontakizuna ondu du Landak, parke batean oreinei so dagoen Maitane neskatoa protagonistaren rolean ezarriz. Baladaren istorioa Erramunek, parke bateko zaindariak, kontatzen dio Maitaneri, eta horrek kontakizunaren beste bertsio bat eskainiko du geroago. Hortaz, idazleak dioenez, “liburuaren muina balada bera den arren, hiru narrazio eskaintzen zaizkio irakurleari”. Lehengoan, baladaren sekuentzia narratiboak aztertzen ditu idazleak, eta horiek prosaz azaltzen ditu; bigarrenean, Erramunek Maitaneri kontatzen dion istorioa dago; eta, hirugarren zatian, Maitanek asmatutako bertsioa irakurri daiteke.

Baladaren narrazio hutsaren kasuan, narratzaile orojakilea erabili du Landak; bigarrenean, berriz, narratzaile subjektiboa, istorio horretarako propio sortu duen pertsonaia baten bitartez kontatzen du gertatzen den guztia, lehen pertsonan. “Maitane gaur egungo hamabi urteko edozein gaztetxo izan daiteke. Garai bateko euskal baladez eta kondairez ezer gutxi entzun duen edozein gaztetxo, hain zuzen”, dio Landak. Horregatik ere, gazteei zuzenduriko lana da Azken balada. Oreretarraren ustez, ordea, gazte literaturaren kontzeptua bera oso eztabaidatua dago gaur egun eta gakoa irakurlearen gaitasun literarioan datzala uste du. “Liburua oso gustura irakurtzen ari dira heldu asko”, jakinarazi du idazleak.

Euskal ahozko literatura gure ondare kulturalaren zati garrantzitsua dela uste du Landak. “Literatura ez da bakarrik ida-tzizkoa, eta ahozko literaturari ere garrantzia eman behar diogu. Ahozko literatura oso erraz galtzen da; hala ere, material bezala erabili eta beste literatura produktu ba-tzuen bidez iritsi da guregana. Ni, adibidez, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan naiz, eta balada hori irakasgai bihurtu nuen unibertsitateko literatur tailerreko ikasleentzat”, nabarmendu du.

Egun, ordea, iraganera baino, gerora begira bizi garela uste du idazleak. Hala, interesgarri ikusten du ahozko literaturarekiko zubiak eraikitzea, “beste kultura askok egin duten bezala”. Izan ere, adituek lotura zehatza ezartzen dute Orein bilakatu neska-ren eta La blanche biche zabalkunde handia izan zuen balada frantsesaren artean. Euskarazkoa azken horren aldagaia izango litzatekeela dio Landak, “XVIII. mendean Europan zabaldu ziren aldagaietako bat. Izan ere, baladak Europa osoan zehar hedatu ziren, leku bakoitzean ezaugarri propioak hartuz”. Esaterako, Gustavo Adolfo Becquerren La corza blanca narrazio ezaguna beste aldagai bat dela ziurtatu du idazleak.