BILBO. Laboral Kutxak eta Etxepare Euskal Institutuak jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura obra baten itzulpen lan bat sarituko duen Etxepare-Laboral Kutxa sariaren bigarren edizioan izena emateko epea ekainaren 23an bukatuko da, sariaren sustatzaileek gogorarazi dutenez.

Sariak itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza sarituko ditu. Hori dela eta, saria itzultzaileak eta argitaletxeak partekatuko dute; orotara, 4.000 eurokoa izango da, erdibana banatzekoa.

Sariaz gain, 2.000 euro arteko laguntza jaso ahal izango dute saridunek sari banaketara etorri ahal izateko nahiz argitalpenaren herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, ekitaldiak,publizitate kanpainak, medioetako elkarrizketak).

Baldintzak honakoak dira: eskabidea itzultzaileak, argitaletxeak eta liburugintzaren, literaturaren nahiz itzulpengintzaren arloko bestelako eragileren batek egin ahal izango du; itzulpenak 2015. urtean argitaratutakoa izan beharko du, eta jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura obra baten itzulpena izan behar du.

Joan den edizioan Isaac Xubín galiziarrak eta Kalakandra argitaletxeak eskuratu zuten saria, Joseba Sarrionandiaren "Tempo de exilio" itzulpen lanagatik.