BILBO. Emanaldiotan Joseph Canteloubek euskal doinu herrikoiak bilduz sortutako "Cinq Chants des Pays Basques" interpretatuko dute.
Kontzertua Gasteizko Principal antzokian izango da asteazken honetan, apirilaren 6an, eta Donostiako Kursaal auditoriumean ostegunean eta ostiralean, apirilaren 7an eta 8an, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak jakinarazi duenez.
Clara Mouriz donostiarra bere belaunaldiko mezzosoprano garrantzitsuenen artean dago nazioarte mailan. BBCren "New Generations Artists Programme" ospetsuan esku hartzeko hautatu dute eta Wigmore Hall eta Independent Operak opera eta errezitaldi arloan ibilbide nabarmena egiten ari diren artistei ematen dieten saria jaso du.
Errezitaldietan 2007an egin zuen debuta, Londreseko Wigmore Hall aretoan, eta ordutik etengabe aritu da Europa osoan eta, batez ere, Erresuma Batuan, orkestra zein zuzendari garrantzitsuenekin. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin joan den irailean aritu zen lehenengo aldiz, Festival Musique en Côte Basque jaialdian.