BILBO. Zehazki, Iruñeko Golem La Morea, Getxo Zinemak, Durangoko Zugaza, Zalla Zine Antzokia, Multicines Bilbao eta Donostiako Antiguo Berri zinema aretoetan estreinatuko da euskaraz.

Haurrei zuzendutako marrazki bizidunetako filman, Norman izeneko hartz zuriaren pasadizoak kontatzen dira. Normanek ehizan ez dakien arren, badu gizakiekin hitz egiteko gaitasuna. Bere etxea, Artikoa, salbu jartzeko, New York hirira joango da eta bertan ospetsu egingo da.

Pelikulak irauten dituen 66 minutuetan, animazioz hornitutako abesti dibertigarriekin eta dantza saio ikusgarriekin gozatuko dute etxeko txikienek. "Iparraldeko Norman" film estatubatuarraren zuzendaria Trevor Walll da.

"Iparraldeko Norman" 2016an Zinema Euskaraz programak diruz lagundutako hirugarren estreinaldia da. Lehenengo biak "Egun handia" (Le Grand Jour) pelikula frantsesa eta "Oker" (Oddball) australiarra izan ziren.