DONOSTIA. Europako Batzordearekin eta BOZAR Arte Ederretako Zentroarekin lankidetzan, DSS2016EUren jarduerak aurkeztuko dira BOZAR Arte Ederretako Zentroan.
Ekitaldia 11:00etan hasiko da, Michel Magnier Europako Batzordeko Kultura eta Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiko Kultura eta Sormen zuzendariaren ongietorriarekin. Jarraian, 11:15ean Donostia hiriaren aurkezpena egingo du Eneko Goiak, eta bukatzeko, Berastegik eta Paiak DSS2016EU aurkeztuko dute.
"Donostia Europako Kultur Hiriburua izango da 2016n. Urte garrantzitsua izango da, ez bakarrik hirian eta lurraldean elkarrekin bizi direnentzat, baita indarkeriazko iragana duten Europa eta Europatik kanpoko herrialdeentzat ere, denak gogor ari baitira lanean gizarte baketsu eta errespetuzko baten alde", adierazi dute Donostia 2016ko arduradunek.
Horrela, "Elkarrekin bizitzeko kultura" goiburupean, DSS2016EUk asmo handiko xedea du: kulturaren bitartez elkarbizitza hobetzea eta Europan aitzindari bihurtzea. DSS2016EU "proiektu berritzaile eta paregabea" da, emaitzak epe luzera neurtu ahal izango dituena.