BILBO - Altzoko erraldoiaren istorioa pantaila handira eraman guran dabiltza orain Moriarti produktorako kideak. “Aurreprodukzioa hasteko berritan gaude, baina Oscarren kontu honek egoera aldatu digu”, aitortu du Jon Garañok. Etorkizuneko pelikulak baditu behar-beharrezkoak diren diru-laguntzak: “Momentuz Jaurlaritza, ETB eta TVE sartu dira. Eta itxaropena dugu beste gauza batzuk lortzeko, baina ikusi egin behar”. Gurean, sormenak beste energia eskatzen du diru-bilaketak, baina, tarteka, Loreak bezalako fruituak agertzen dira eta tunel beltzaren puntan argi izpi bat pizten da. “Izugarria da gertatzen ari dena”, dio Garañok. “Zinemalditik gora lortu duguna harrigarria da, eta guretzako ezuste polita. Lana egiten dugunean saiatzen gara ahalik eta modurik txukunenean egiten, jendearekin konektatuko duen zerbait egiten, eta gero ez gara jar-tzen etorkizunari begira. Ez genuen honekin fantaseatu. Hori bai, lasaitu ederra hartu genuen Zinemaldiko komitekoei gustatu zitzaiela jakin ostean; beraien kriterio horrek esaten dizulako erakusteko moduko zerbait egin dugula”, gaineratu du zinemagileak.

Loreak-ek iaz eta aurten Amama-k (aurretik izan ziren beste batzuk) zinema egiteko modu jakin bat erakusten dute, euskal zigilua duen molde bat. “Horrela ateratzen zaigu, natural. Zerbait kontatu nahi dugu, barru-barrutik ateratzen zaiguna, eta pelikula batzuk antzerakoak izatea kointzidentzia da. Amama-k eta Loreak-ek badituzte gauza batzuk amankomunean -esaterako, inkomunikazioaz hitz egiten dutela-, baina gero pelikula desberdinak dira. Hori ona da, guri buruz hitz egiten ari garelako, baina ikuspegi unibertsal batekin. Pelikula hauek lortzen ari diren emaitzak zerbait ondo egiten ari garen seinale da. Gurea erakusteko modua dira, gure izaera, pentsaera, gure herria erakusteko modu bat”, adierazi du.

Atzerrira ere eraman ditu filmak, eta leku guztietan hartu dituzte ondo: “Beti galdetzen digute euskarari eta Euskal Herriari buruz. Enbaxadore lanak egiten ditugu, promozio lanak, gustura gainera”.