DONOSTIA - Joan Mari Torrealdai Nabea (Forua, Bizkaia, 1942) soziologo, idazle eta euskaltzaleak jasoko du 2015eko Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria. Epaimahaiaren hitzetan, urte zailenetatik hasi eta gerora, bizkaitar euskaltzaleak lan handia egin du euskararen eta euskal kulturaren sustapenean, gizartean “eredugarri” eta “erreferente” bilakatuz.

Ildo berean, idazlearen kultur ekoizpena goratu du, eta bere curriculumak sariaren filosofiarekin bat egiten duela nabarmendu: “Manuel Lekuonaren kezka ez zen bakarrik izan euskara eta euskal kultura ikertzea, baizik eta biziaraztea, hau da, gizartean merezi duten lekua ematea, eta horrekin bat egiten du Torrealdaik”. Saria emateko ekitaldia 2016ko lehenengo hiruhilekoan egingo da.

Eusko Ikaskuntzak gogorarazi duenez, irabazlea lau hautagairen artean aukeratu da: Torrealdairekin batera, Ricardo Cierbide (Tafalla, 1936) hizkuntzalari eta historialaria, Ana Etxaide (Donostia, 1936) hizkuntzalaria eta Erdi Aroan espezializatutako Saturnino Ruiz de Loizaga paleografoa (Tuesta, 1939) izan dira hautagaiak.

Irabazleak hautatzeko bi bide erabili dira. Alde batetik, bozketa prozesua izan da, eta bertan Euskal Komunitate Globalak eta Eusko Ikaskuntzako bazkideek eman dute beren bozka; horiek azken emai-tzaren %40 balio izan dute, eta mila lagun inguruk parte hartu du.

Beste alde batetik, epaimahai instituzionala osatu da, eta bere iri-tziak azken emaitzaren %60 balio izan du. Aurtengo edizioan, Eusko Ikaskuntzak, Euskalerriaren Adis-kideen Elkarteak, Euskaltzaindiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak, Labayru Ikastegiak, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak eta Vianako Printzea Erakundeak osatu dute epaimahai instituzionala.

irabazlea Joan Mari Torrealdai Parisko Unibertsitatean lizentziatu zen Gizarte Zientzietan eta Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Informazio Zientzietan. Deustuko Unibertsitateko Soziologia eta Zientzia Politiketan Doktore titulua du eta Teologian lizen-tziatu zen Okzitaniako Tolosan.

Jakin eta Anaitasuna aldizkarien zuzendari izan da eta Euskaldunon Egunkariako kontseilu editorialeko kide, 1990ean sortu zenetik. Saiakera alorrean zein kazetaritzan aritu da. Iraultzaz (1973) saiakeraren ondoren, euskarazko idazleei buruzko ikerketa soziologiko bat argitaratu zuen: Euskal idazleak gaur. Historia social de la lengua y literatura vasca (1977). 1985ean Informazio Zientzietako lizentziatura tesia aurkeztu zuen -Euskal Telebista eta euskara-, eta fakultate hartan euskaraz aurkeztu zen lehena izan zen.

1993tik aurrera, XX. mendeko euskal liburuen katalogoa prestatu zuen. 1997an, euskarazko kulturaren egoerari buruzko ikerketa soziologiko mardula argitaratu zuen: Euskal kultura gaur.

1998an, El libro negro del euskera argitaratu zuen, euskarak mendeetan zehar jasandako erasoei buruzkoa. Urte hartan bertan, berak idatzitako biografia editatu zen: Martin Ugalde. Andoaindik Hondarribira Caracasetik barrena. La censura de Franco y los escritores vascos del 98 idatzi ondoren, Irun Hiria Saria eskuratu zuen saiakera modalitatean, La censura de Franco y el tema vasco (1999) obrarekin.

2007an euskaltzain oso izendatu zuten Torrealdai, eta 2011n Jose Antonio Arana Martija (2010eko Manuel Lekuona Saria) ordezkatu zuen aipatutako erakundeko Azkue Liburutegiko arduradun lanetan. 2010ean Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Saria eman zion, euskararen azterketaren eta sustapenaren arloetan egindako lanagatik. - Europa Press

Perfil. Periodista, sociólogo y escritor, ha sido director de las revistas ‘Jakin’ y ‘Anaitasuna’, además de consejero de Euskaldunon Egunkaria. Desde 2007, es académico de Euskaltzaindia.