Zuzenekoak dira gure lehentasuna”, esan zuten atzo Kalakan taldeko kideek, eta hala erakutsi zuten diskoaren aurkezpenean: bertara gerturatutakoei kontzertu txiki bat eskainiz. Elementuak izeneko lan berria plazaratu berri du Iparraldeko taldeak, bertan ahotsak eta perkusioak indar handia hartzen dutela. Albokak, danborrak eta txalaparta ageri dira diskoan, Xan Errotabehere, Thierry Biscaryren eta Jamixel Bereauren kantuez gain.

Hamalau abesti hauetan zehar, euren betiko formularekin jarraitu dute, “hori bai, betiere hobekuntza batzuk eginez”, azaldu zuen Bereauk. “Gure abesti ezagunenak instrumentalak dira, indar asko dutenak, eta gure irudiak ere hori islatzen du, baina gure musikak abesti desberdinak ditu”, ziurtatu zuen. Horrela, ahots hutseko piezak daude, beste batzuk instrumentalak eta, azkenik, denetik dute beste kantu batzuk.

Bestalde, letrei dagokienez, testu zaharrak erabili dituzte batzuetan, Bereterretxen kantorea eta Ikusten duzu goizean abesti ezagunenak, adibidez. “Oinarrizkoak iruditzen zaizkigu, gehienbat gaur egunarekin lotuta badaude”, gaineratu zuen. Izan ere, gai unibertsalak erabiltzea gustatzen zaie euren abestietan, “drama horiek, hilketak... gaur egun ere ikusten baitira”.

Sormen prozesua

Esentzia berreskuratuz

Duela denbora dexente hasi zen Kalakan taldeko hirukotea proiektu berri batean lanean. “Madonnarekin 2012an egindako bira bukatutakoan, arrakasta hori luzatu nahi genuen, eta geure buruari presioa sartu genion, abesti berriak lehenbailehen idazteko”, azaldu zuen atzo Bereauk. Baina taldeak galdera asko zituen buruan, ea zein norabide hartu behar zuten, esaterako. Gainera, oso nekatuta zeuden, “urte beteko jet lag moduko batean”. Jada 20 bat abesti idatzita zituztenean, diskoa bazterrean uztea erabaki zuten. “Atseden hartu ostean, gure musika jotzen hasi ginen, gure esentzia berreskuratzen”, gaineratu zuen. “Madonnarekin xehetasun guztiei errepara-tzen ikasi genuen, eta disko honetan hori egin nahi izan dugu -argitu zuen Thierry Biscaryk-. Horregatik, pixkanaka, sortutako abestiei geruzak kendu dizkiogu, azkenean funtsezkoa mantenduz”.

Hala ere, Elementuak diskoak daukan berezitasun bat ez da dendetan aurkituko: lan berri hau lortu nahi dutenek, taldearen kontzertuetako batetara jo beharko dute. “Artisauak gara azken finean, eta gure lana kontzertuen ostean saltzea iruditu zaigu egokiena”, gaineratu zuen Biscaryk, eta kontzertuetan, jendea gerturatzen zaiela kontatu zuen, “tresnen inguruko galderak egitera, adibidez”. “Gertutasun hori atsegin dugu”.

Kontzertuetan ez dira diskoko abestiak bakarrik entzungo, ordea. Lehenago sortu zituzten hogei kantuetako batzuk ere eskainiko dituzte, horretarako moldatuak. Hala ere, guztiak ezagutzera emateko, urtean zehar lau EP aurkezteko asmoa dute, “gustatuko litzaiguke, behintzat”.

Gainera, euren kontzertu askotan, beste talde batzuekin batera arituko dira. “Gure musika nahiko oinarrizkoa da, beraz, elkarlanetarako egokia da, eta asko gustatzen zaigu kontu hori”, azaldu zuen Biscaryk.

Ez dute bira bat egingo, baina kontzertu batzuetarako datak badituzte. Lehenengoa hilaren 25ean izango da, Bilboko Loraldia jaialdian. Gipuzkoan, berriz, lehen aldiz Andoainen arituko dira, OrekaTX-ekin batera, maiatzaren 8an. Ondoren, esaterako, Herri Urratsen (10), Laasen (15) eta Zumarragan (16) izango dira.

14