BILBO - “Minarena naiz, zorionarena beste”. Oier Guillanek Elkartasun basatia liburuan 2013an eskainitako berbak dira, eta esan liteke Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) bat egiten duela bere liburu berrian donostiarraren esaldi biribilarekin. Bi urtetako kronika fakultatiboa 2012-2014 (Elkar) horixe baita, bide zakarrean ondutako poemario gordina, tarteka narrazio baten moduan irakur daitekeena, eta, azken partera, infernutik ateratzeko errezeta eskutatzen duena. Finean, aitortza da, sufrimenduaren eta bere gainditzearen aitortza. Andu Lertxundik aurkezpenean esan zuen bezala: “Zergatik niri? galderatik zergatik ez niri? galderara doan bidea”.
Otutzen zaidan lehen galdera: hau dena guztia kontatzeko, zergatik poesiaren hautua? Zergatik ez prosa? Errealismorako ez al dira eraginkorragoak?
-Arrazoi duzu. Proiektu bati aurre egiteko, hamaika saltsatan sar gaitezke: prosa poesia baino egokiagoa ote den, gutun bat ote den modurik onena, e.a. Nik egin dudan bezala egin dut, halaxe atera zaidalako, senak eraginda-edo, planteamendu orotatik harat? Eraginkortasunaren fruituei dagokienez, berriz, badirudi horretan behintzat asmatu dudala, jende askoren iritzia jaso baitut dagoeneko, zentzu horretan: Zerbait gogorra pairatu beharko zenuen horrelako liburu bat idazteko?
Gainera, eta nik dakidanez, aspaldi da poesiarik publikatu ez duzula. Zergatik isilaldi hori?
-Bueno. Nik, lehenik eta behin, poetatzat dut neure burua. Hiruzpalau poema ere idatzi nituen, gazteleraz, batxilerrean. Gero, baina, kontzientizazio prozesu baten bidez, euskara lehenetsi eta horrela idatzi nituen, hogei bat urte nituela, neure lehen poemak, euskaraz, denborarekin poema-liburu bat osatzera eraman nindutenak: Hutsetik esperantzara. Baina egia da, poema-liburua idatzi ez beste -edo harekin batera, ez dut ongi oroitzen-, nobela bati ekin niola -Oilarraren promesa-. Zergatik? Kontua da garai hartan bazegoela euskal idazle eta literaturazaleen artean iritzi nagusi bat, hitzokin laburbil daitekeena: gaur egungo Euskal Literaturaren benetako apustua prosa da, ez poesia. Horregatik idatzi nuen neure lehen nobela hura, errealismo magikoaren eraginpean idatzi ere. Hura idazteak bazuen, hala ere, beste helburu bat, nire kasuan: nire euskara eskasa aberastea? Bazterrera sekula utzi ez dudan helburua, hizkuntza batean beti baitago zer ikasia. Gero, bai poesiaren eremuan eta bai eleberriarenean ere eroso sentitu izan bainaiz, horrela ibili izan naiz urtetan, batetik bestera jauzi eginez.
Titulutik hasita, estrainioa dirudi ‘kronika fakultatiboa’.
-Kroniketan, normalki, baita gaixotasunen kroniketan ere, egunak eta datak azaltzen dira nonahi, prozesuaren nondik-norakoak hobeto finkatzeko asmotan-edo. Zein da, ordea, atseginaren denbora? Eta nola neur daiteke minaren denbora? Ni esperientzia horretatik igarota nago, eta argi eta garbi esan dezaket minaren denbora hori beste denbora bat dela, ohiko parametroekin -egunak eta hilabeteak eta urtebeteak jarriz, adibidez- ezin neur eta ezin finka daitekeena. Beste era batean esanda: minak jotako egun haiek guztiak berdinak ziren niretzat, eta zergatik ibili behar nuen haiek bereizten?
Hiru zatitan banatuta dago poemarioa. Lehena, jostalari samarra; bigarrena latza; eta hirugarrena positiboa, poetikoagoa ere badela esango nuke. Beren-beregi eginiko antolaketa?
-Lehen zatia nire erreakzioaren isla da, noiz eta neurologoak esan baitzidan esklerosia nuela. Nik banekien, artean, esklerosia gaixotasun sendaezina zela, baina aski ongi hartu nuen berri gaiztoa, jolasean bezala. Bigarren zatia, berriz, latza da, halakoa izan baitzen izan nuen depresioa. Hirugarrenean, azkenik, argi-izpi baten bila abiatu, eta biloba txikienaren baitan aurkitu nuen, haren begiradan eta haren inozentzian. Gainerakoan, norbaitek esan zidan poemarioak luzeago beharko zukeela, baina nik gauza labur bat egin nahi nuen, esentziala, eta bere horretan utzi nuen poema-liburua, hasieratik beretik muinera joz eta alferrikakotzat jotzen nituen luzamendutan galdu gabe.
Agerpenean Lertxundik gauza argigarri asko esan zuen. Batetik, sufrimenduaren kronika gutxi dugula gure literaturan. Zuk noiz eta zergatik erabaki zenuen azken bi urteotako infernuaz idaztea?
-Nik badakit liburu hau gogorra eta mingarria gerta dakiokeela lagunei eta senitartekoei, baina liburua gaixotasunaren inguruan mugitzen den jendeari eskainia dago batez ere, gaixoei beraiei bereziki, solidaritate sentimendu bat nagusi, eritasunak niri pasarazitako gabeziak eta minak are handiagoa egiten dutena. Eta horregatik idatzi nuen, gaixoen minak ere bere hitza izan zezan.
Baina barru huste bat ere ikusten da hor, eta kitatze bat. Jainko edo dana dalakoaren aurrean, jasotako Hezkuntzaren aurrean...
-Nire liburuen berri dakienak badaki nire kezka espiritualen berri. Badaki, halaber, zalantzen artean nabilela, orain Misterioaren presentzia agerikoa egiten baitzait -musika hunkigarri batek eguzkira bidean jar nazake-, eta orain bere mende bainauka gau ilunak. Ondorioz, halako zerbait badago: biluzte eta barne-huste bat Misterioaren aitzinean.
Aurkezpenean, Lertxundik esan zuen gaixotasunak bizitzaren zentzua aldatzen duela. Zure ikuspuntua, bizitza ulertzeko modua, aldatu da?
-Bai, alda zaitzake. Aldaketak, baina, behin behinekoak izan daitezke edo behin betikoak. Aspaldian irakurri nuen Ivan llichen heriotza, Tolstoiren nobela, edonori gomendatzen diodan liburua. Bada, oroi-tzen dudanetik, Ivan pertsona normal bat da, harik eta gaixotasun batek harrapatu eta izaera alda-tzen dion arte: migosten du, garrazten du, jasanezin eta eramanezin bihurtzen du? Baina gogoratzen naiz, halaber, nola behin batean irakurri nuen La Fontaine alegiagilearen kasua: osasuntsu zegoenean, parrandazalea omen zen, eta hala ibiltzen omen zen, zurrutari eta emakumeei emana; gaizki zegoenean, aldiz, apaiz eta klerigoen artean ibiltzen omen zen, noiz konfesatuko eta noiz birkonfesatu?
Esklerosia bera baino latzagoa dirudi depresioa. Zure kasuan, behintzat, horrela izan zen...
-Nire kasuan, hala izan da orain artean. Esklerosiaz ezin esan baitezaket, oraingoz, gauza handirik. Izan ere, orain dela hiru bat urte harrapatu nuen arren, oso prozesu geldokoa da, itxuraz? Gero gerokoak. Oraingoz, bi tokitan erasan dit: mintzamenean eta eskuin zangoaren herrenean.
Zeure buruaz beste egitea ere otu zitzaizun. Gogorra da pasadizo hori. Baina ederra da, baita, egoera horri nola eman zenion buelta. Ingurukoek asko lagundu dizute, ezta? “Haiek bai, bazutela nire beharra”, diozu ‘Kronika’n.
-Bai, pasa zitzaidan? Infernu bat bizi duen edonori pasa dakiokeen bezala. Esan nahi dudana zera da: tentaldi hura izan nuela, bai, baina ez mutur-muturreko bitarteko erabilgarri gisa, hil ala bizi, etengabe entzuten bainituen, neure baitaren baitan, ingurukoen ahotsak eta oihuak, pentsamendu beltz haiek neutralizatzera ninderamatenak: Zuk ez duzu gure beharrik, baina guk bai zurea, eta eutsi goiari, Joan Mari!. Baina, tortura haren erdian, ederki ulertu nuen, bai, beste jende batek -akiduraren akiduraz edo laguntza haien faltaz- beste bide bat har zezakeela, sentimendu harekin batera beste bat itsasten zitzaidala? Minaren minez imajinatzen nituen gaixo haiek guztiak berehalako batean egin bainituen lagun-min, nire ahalmen urriaren arabera betiere, jakina.
Berba ez egiteak ez dizu orain hainbesteko minik egiten. Eta aitortzen duzu ez idaztea mingarriagoa litzatekeela zuretzat. Zergatik?
-Nik ere igaro ditut momentu onak hizketan, umorea ere halakoa bainuen, surrealista samarra, adarra jotzeko makina beti prest. Baina aitor dut aukeran jarriko balidate hizlari edo idazle izan -bata ala bestea-, idazle izatearen aldeko hautua egingo nukeela. Zergatik? Idazteak beste denbora bat duelako, posibilitate handiagoak ematen dizkizuna zerbait biribilagoa egiteko.
Bidaia bat da liburua, bi urteko bidaia gogorra. Zer aldatu da, errotik, Joan Mariren baitan bi urte hauetan? Bizitza ulertzeko modua, ingurukoak ikusteko modua, heriotza onartzeko modua...
-Ez, funtsean ez naiz aldatu. Aldiz, esperientzia mingarri honek erradikalago egin nau gauza batzuetan. Eutanasiaren kasuan, adibidez.
Eta ulertu duzu (behingoz) idazlea zarela goitik behera. Bitxia hori ere. Zalantzak zeneuzkan?
-Nik badakit irakurle batzuk poztu izan ditudala nire izkribuekin, baita beste batzuk amorrarazi ere, arrazoi berarekin. Baina halakoa da mundua: nik jende guztia poztu nahi nuke, baina, batzuetan -pertsonaien jarreretan, politika ulertzeko moduetan, euskararen trataeran edo prosaren estiloan-, nork bere erabakiak hartu behar ditu, eta ezin jende guztia pozik utzi. Hala ere, depresioari buruzko poeman deskribatzen dut nola, halako batean, adiskide eta gaixokide batek sentitu zuen, poema hori irakurtzerakoan, sekulako poza: nirea ere ez zen txikiagoa izan, egia esan, idazle sentiarazi baininduen inoiz ez bezala, depresioaldian idazle gisa sentitu nituen tentaldi guztien gainetik eta zalantzaldi guztien azpitik. Ondorioz, batzuen zorionerako eta beste batzuen zoritxarrerako, idazten segituko dut, ezustekorik izan ezean, noski.
Maitasunarekin ere deskubrimentuak egin dituzula dirudi. ‘Maitasun etikoa’ deskubritu duzu?
-Ni ere joan nintzen Ameriketara, deskubritu ere, deskubritu nituen lur haiek, ustez, gerora jakin nuen arren Cristobal Colonek deskubritu zituela.
Azken poemak analgesikoa dirudi, puntu positibo bat infernu gorrian.
-Analgesikoa edo analgeodesikoa? Ez dizut ongi entzun?
Eta zer idazteko gogoa daukazu orain? Zerk motibatzen zaitu?
-Ari naiz jada zerbaitean. Hasteko, maiatzean, poema-liburu aski berezi bat argitaratuko dugu, altzatarrei eskainia. Izenburua: Txantxanberde kantaria. Gai nagusia: ekologia, zentzurik zabalenean. Bertan poema serioak azaltzen dira, eta ez hain serioak: adar-jotze hutsak, alegia. Poema-liburu bat, ohikoekin zerikusirik ez duena? Ganorazkoa, alde batetik, eta naïf samarra, bestetik: nahaste-borraste bat, bestela esanda. Horrekin batera, nobelaxka batekin ere banabil. Ikusiko dugu?