BILBAO. Horrela, zazpi film luze izango dira ikusgai, haietako hiru Julio Verne Pelikula Onenaren Saria jasotzeko aukerarekin, eta beste bi Opera Prima Onenaren sarirako hautagai, eta zuzendari guztiak Nantesen izango dira haien lanak aurketzeko. Kimuak 2014 bildumako zazpi film laburrak ere emango ditu jaialdiak, besteak beste, eta, gainera, Kimuak programako arduradun TxemaMuñoz Dokumental Onenaren Sariko epaimahaikide izango da.
Zehazki, Julio Verne Pelikula Onenaren Saria jasotzeko lehian izango dira "Loreak" (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga), "Los tontos y los estúpidos" (Roberto Castón) eta "Negociador" (Borja Cobeaga), eta Mikel Ruedaren "A escondidas" eta David Losadaren "La noche del ratón" Opera Prima Onenaren sarirako hautagai dira.
Etxepare Institutuak nabarmendu duenez, "ez da nolanahiko presentzia izango, Sail Ofizialean eta Opera Prima Sarian lehiatuko diren pelikulen %50 euskal produkzioak izango direlako, Metraje laburreko bi euskal pelikula Film Labur Onenaren Sarirako hautagai izango direlako, eta gazteentzat antolatu duten emanaldi berezia ere euskalduna izango delako".
Nanteseko Zinemaldiak 2001. urtean zabaldu zuen Fenêtre Basque saila, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Etxepare Euskal Institutuak hartu zuen lekukoa gero, eta urtetik urtera sendotu egin du: gaur egun Fenêtre Basque sailak"egonkortasun eta garrantzi handia" dauzka jaialdian eta euskal produkzioek toki nabarmena dute programako beste atal, foro eta jardueretan. "Euskal Herriko mugetatik haratago programarik osatuena bilakatu da, ikusle frankofonoengana iristeko ezinbestekoa", adierazi du.
Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea Nanteseko zinemaldiko inaugurazioan izango da, martxoaren 21ean, eta amaieran eta sari banaketan, berriz, Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria.