BILBO - Bilbo Zaharra euskaltegiak Joseba Sarrionandiari egingo dio gorazarre aurten, ekainerako antolatu duten etenbako irakurraldien harira. Aurretik, hiruhileroko jardunaldiak antolatzen ari dira, Iurretako idazlearen obra eta pentsamendua aztertu guran. Lehenengo hitzaldi zikloa iaz egin zen, eta bigarrena datorren asterako iragarri dute. Honela, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzara hurbilduko dira Maialen Lujanbio bertsolaria, Harkaitz Cano idazlea, Jesus Eguiguren politikaria eta Joxe Azurmendi pentsalaria.

Axularren Gero-rekin estreinatu ziren 2007an Bilbo Zaharra euskaltegiko arduradunak, Peru Abarka-ren txanda izan zen 2008an, Jon Miranderen Haur besoetakoa irakurri zen 2009an, Saizarbitoriaren Hamaika pauso 2010ean, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik panpox? omendu zuten 2011n, Atxagaren Obabakoak 2012an, eta Arestiren Harri eta Herri iaz. Zortzigarren ahalegin honetan Sarrionandiaren aspaldiko obra bati erreparatu diote, hain zuzen, 1983an Elkarrek editatu zuen Narrazioak liburuari. Hautua ez da debaldekoa, eta horrela agertu du egitasmoaren koordinatzaile Pedro Alberdik: “Sarrionandiaren obra oso zabala da. Genero guztiak landu ditu eta ikuspuntu askotatik azter daiteke. Guk, ekainean, Arriagan irakurriko dugun liburua Narrazio guztiak da, 1979-1990 bitarteko ipuingintza jaso-tzen duena. Izan ere, gure ekimenari Klasikoen irakurketa etengabea deritzo, eta liburu hori ezin hobeto lotzen zaio gure planteamenduari. Bestalde, badakigu Josebaren poesia eta saiakera ere funtsezkoak direla haren obran. Beraz, arlo horiek ere leku inportantea betetzen dute jardunaldien egitarauan”.

Horrela ondo ulertzen da Joxe Azurmendi edo Jesus Eguiguren bezalako hizlarien presentzia. Politikari sozialista asteazkenean arituko da, gehienbat, politikaz: “Sarrionandiak berak iradokitako zenbait gai aurkeztu dizkiogu, horien artean aukera dezan”, azaldu du Alberdik. Gai asko jorratzeko bidea zabaltzen duten galderak dira Eguigureni planteatutakoak: “Batzuk, adibidez, maila orokorrekoak: Zer da politika gaur egun? Ez ote da politikaz antipolitika jabetu? Zer espazio uzten diote botere militar, finantziero edo ideologiko-politikoek jendeari gauzak erabakitzeko? Politikan benetan parte hartu nahi ote du jendeak? Beste gai batzuk, berriz, Euskal Herrian kokatuak: Zer da nazioa gaur egun? Zer ez da? Zer litzateke euskal nazioa? Hizkuntza eta kultura aniztasuna Euskal Herrian, balioa ala problema? Galdera horiez gain, ez dugu ahaztu behar Eguigurenek liburu gogoangarria argitaratu zuela iaz: Euskal Herria, abertzaletasun, baskismo eta nabarrismo berri baten alde. Nafarroa ardatz hartuta, Euskal Herriaren kontzeptua berreskuratu beharraz hitz egiten du bertan”.

Bestetik, Joxe Azurmendik izenburu bitxia jarri dio bere hitzaldiari, Alberdik berak azpimarratzen duen legez: “Nazioaren kontzeptua behelaino artean. Argi dago Sarrionandiak Moroak gara-n planteatzen dituen hainbat galdera erantzuten saiatuko dela. Azpititulu bat ere jarri dio bere jardunari: Nazioaren bi kontzeptuen inguruan”. Azurmendik oso gertukoa duen gaia da, iaz argitaratu baitzuen horretaz jarduten duen Historia, arraza, nazioa entsegua. “Puntu askotan datoz bat biak; baieztapen honetan, esate baterako: “Botereak hasiera-hasieratik sarraskiak baino ez ditu eragin, bata bestearen atzetik. Irrazionaltasunaren kateaketa luze bat da historia.”, esan du Alberdik.

Hiruhileko berria Maialen Lujanbio eta Harkaitz Canok estreinatuko dute, astearte iluntzean. “Maialenekin gaia jarrita arituko gara: bosna kantu aukeratu ditugu (Sarriren letrak denak) eta elkarri bidali. Bakoitzak, besteak bidalitako kantuen gainean jardungo du”, aurreratu du Canok.

Qué. Homenaje a Sarrionandia, que lleva 35 años publicando.Dónde. Sede de Euskaltzaindia (Plaza Nueva, Bilbao)

3 de marzo (19.00 horas). Maialen Lujanbio y Harkaitz Cano. La bertsolari y el escritor repasarán poemas de Sarri que se han convertido en canciones.

4 de marzo (19.00 horas)

El político Jesús Egiguren analizará el perfil más político de la obra del escritor de Iurreta.

5 de marzo (19.00 horas)

El filósofo y escritor Joxe Azurmendi analizará dos libros que han dado mucho de qué hablar en los últimos años. Moroak gara behelaino artean?, de Sarrionandia, e Historia, arraza, nazioa, que ha escrito él mismo.