eusko Jaurlaritzak 2011n jaso zuen egile eskubideen agentziak baimentzeko eskuduntza Madriletik, eta eskumen horren babesean sortu da agentzia berri bat, Euskal Kulturgileen Kidegoa (EKKI), aurrerantzean euskal sortzaileen egile eskubideak kudeatuko dituena. SGAE, CEDRO edo AGEDI bezalako beste agentzia pribatu batzuen lan berbera egingo du EKKIk, hau da, sortzaileen egile eskubideak zaindu eta kudeatu, baina badakartza berrikuntza garran-tzitsu batzuk ere: agentzia berrian agintzen duena berezoa izango dela agindu dute sustatzaileek; eta, horrez gain, sortzaileek sortutako agentzia denez, sortzailearen neurrira sortuko dutela diote.
Bost elkartek bultzatu dute EKKI (Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Ilustratzaileen Elkarteak, Musikari Elkarteak, Bertsozale Elkarteak eta Euskal Editoreen Elkarteak) eta Igor Estankona poeta da agentzia berriaren idazkaria. Bere esanetan, “agen-tziaren esparrua Euskal Herri osoa izango da, egoitza Euskal Herrian izango du eta kudeatuko du hemen eta mundu zabalean sortzen den euskal kultura, euskarazkoa zein erderetan egindakoa”. Hala ere, ametitzen du horrelakoetan sor litezkeela arazo txikiak: “Printzipioz, Euskal Herri osoan hedatuko da gure zeregina, ipar zein hego, eta kasu konkretu batzuetan arazorik badago, sinatuko ditugu akordio puntualak beste agentzia batzuekin”.
Baina arazoa Euskal Herrian bertan sor liteke, esaterako, tabernarik taberna dirua biltzen hastean. “Ez da nahasterik sortuko. Tabernariak ordainduko dio SGAEri edo EKKIri, ez biei, eta gero gure artean likidatuko ditugu kontuak”.
“Monopolio bat apurtzera gatoz -esan du Estankonak-, eta konpetentzia egitera lehen egile eskubideen agentzia jakin batzuk domina-tzen zuten panoraman. Aurreran-tzean, EKKI beste aukera bat izango da, baina oraindik hasierako fasean gaude. Ibilian-ibilian ezarriko dugu bulego profesional bat, eta hori izango da gure aurtengo erronketako bat”. Ez da bakarra izango: “Aurkezpen ofiziala prestatzen ari gara, lege betekizun guztiak egunean jartzen, tarifak, lege berriak eskatzen duen bentanila bakar hori zehazten, inportantea baita. Bentanila edo leiho bakarrak agintzen du kontsumitzaileak ordainketa bakar bat egin behar duela, eta horrekin lizentzia lortuko du produktu kultural bat zabaldu edo erabiltzeko; lehen CEDRO, SGAE eta abarretik pasatu behar zen edozer komertzializa-tzeko. Orain, ordainketa bakarra egingo da, eta hori ahalbidetuko dugu diziplina guztietako artistak gaudelako EKKIn”.
Monopolioa apurtzeko, zer edo zer desberdina eskaini beharko dute EKKIkoek. Horretaz, zera agertu du Estankonak: “EKKI eta SGAE araudi berdinaren menpe daude, eta zen-tzu horretan berdintsuak dira. Baina EKKIk baditu abantaila batzuk. Orain sortu denez, denboraz dabil zenbait bizio eta inertzia zuzentzeko; euskal kultur sektoretik eta sektorearentzat sortu denez, euskal kulturaren berezitasunak egokiago kudeatuko dituelakoan gaude; eta, azkenik, bertako sortzaileok sortua denez, guretzako nahiko genukeen egileen agentzia sortzera goaz, ez egitura jakin bati komeni zaiona edo bere burua loditzea xede duen agentzia bat. Berez, hori bada nobedade bat. Gainera, uste dugu agentzia hau askozaz hobeto adaptatuko dela errealitate digitalera”.
sustapena helburu Eskubideen gestioaren mapa apurtu da, Europatik aspaldi aholkatzen zuten moduan, eta gurean EKKIk egingo du akuilu lana, baina ez bakarrik hori: “Gure filosofia ez da urrezko arrautzadun oiloa hiltzearena, baizik eta euskal kultura zabaltzearena. Eskubideen kudeaketak momenturen batean talka egiten badu kulturaren sustapen eta zabalkundearekin, guk sustapenaren alde egingo dugu eta ez hainbeste dirua biltzeko dugun mandatuaren alde. Uste dugulako egileari gehiago komeni zaiola bere produktua zabaltzea bere produktua zukutzea baino”. Estankonaren iritziz, “ez dugu geure burua ikusten komer-tziorik komertzio diru-bilketa hutsa egiten. Guk egingo dugu pedagogia, edukiko ditugu tarifa logikoak, eta helburu nagusia izango da euskal kultura ahalik eta gehien zabaltzea munduan, eta gero, jakina, jendeari lasaitasun juridiko bat ematea: egiten duena lizentziapean egiten duela ziurtatzea”.
Honela, ondorengo bi urteetako erronka nagusiak bi dira: EKKIren egitura bera osatu eta bazkideak erakarri: “Gure errepertorioa zabal-tzeko fasean gaude. Momentuz, dozena bat bazkide baino ez ditugu, batzuk datoz zinetik, beste batzuk literaturatik,... Eta aurrerantzean ahalik eta errepertoriorik zabalena lortu nahi dugu, hau da, sortzaileak konbentzitu beraien obraren eskubideen gestioa gure esku utz dezaten. Gero ikusiko dugu nork daukan pisu gehiago edo gutxiago EKKIn”.
Egile orori zuzenduta dago EKKI, baina batez ere “gure filosofiarekin bat datorren sortzaileari”. “Hemen -azpimarratu du idazkariak- sor-tzaileak berak esango dio EKKIri nola kudeatu nahi dituen bere eskubideak. Kontratuak egin daitezke mila eratakoak, gertatzen dena da gaur egungo agentziek eskaintzen dituztenak direla atxikipenezkoak: edo osorik hartzen duzu edo ez duzu hartzen. Guk sortzailearen neurrira egingo ditugu. Esaterako, batzuk nahiko dute copyright delakoa zorrotz zaintzea, eta beste batzuk ez, eta utziko dituzte atal edo aukera batzuk zabalik”.