Donostia - Txillardegiren lan guztia eskuratzea ez da erraza. Izan ere, Jose Luis Alvarez Enparantzak euskal kulturari egindako ekarpena oso handia izan da, besteak beste, literaturan, politikan eta euskalgintzan aritu baitzen, testu kontaezinak idatziz eta euskal gizartean garrantzi handia izan zuten momentu asko biziz. Gai desberdin ugariren inguruan eta garai desberdinetan idatzita egoteak guztia elkartzea zailtzen du. Hori dela eta, duela hiru urte zendu zen Txillardegiren lana osotasunean gizartearentzat eskuragarri egon dadin, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Jakin Fundazioak akordio bat sinatu dute, Txillardegik idatzitako guztiaren hedapen librea lortzeko helburuarekin. Aurretik Carlos Santamariaren eta Martin Ugalderen obrak bildu zituen Jakinek antzeko akordio bati esker.
lan osoaren “bisita gidatua” Hi-tzarmen honek adierazten duenez, idazle, hizkuntzalari eta politikari donostiarraren idazlanekin korpus digitala sortuko dute. Jada, bilketa egiten hasia da Jakin, eta bi urteko epea du lan hau osotasunean burutzeko. “Aritu zen eremu guztietan ondare galanta utzi du Txillardegik”, adierazi zuen atzo Joan Mari Torrealdai, Jakin Fundazioko lehendakariak. Horregatik, bere obrak tamaina handia du: 43 liburu oso, 161 liburu zati, 690 aldizkarietako artikulu, 46 itzulpen lan, etabar, guztira ia 1.000 lan daudelarik, ia 22.000 orrialdetan banatuta. Hala ere, zenbaki horiei egunkarietako artikuluak gehitu behar zaizkio, Jakin Fundazioa bilketa lanetan ari baita orain. Bestalde, elkarrizketak eta bere figurari egindako azterlanak ere egongo dira korpusean etorkizunean. Alde batetik, Txillardegiren lana katalogatuko dute, garbitu, zuzendu eta azkenik, gorde, hedatua izan dadin. Bestalde, dokumentu analisi bat egingo dute eta ondoren, eduki analisi bat, betiere guztia testuinguruan kokatuz. Gai-zerrenda oso bat ere sortuko dute Txillardegi ardatz hartuz.
“Gaur egun, belaunaldi berrien-tzat eskuraezina da obra hau guztia, eta argitaratuta dagoena azter-tzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu”, gaineratu zuen Torrealdaik. Gainera, bere ustetan, euskal gizarteak gauza ugari zor dizkio Txillardegiri, eta “zorra kitatzeko aukera ona da bere lana denon eskura doan uztea”. Idazle donostiarraren alarguna, Jone Forcada, ados agertu zen Torrealdairekin. “Jose Luisen lanak ez dira asko zabaldu, eta berak beti esaten zuen denen eskura egon behar zutela”, azaldu zuen.
Bestalde, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak esan zuen Txillardegiri egin ahal zaion “omenaldi hoberena” hau dela. “Gaur egun, gizarteak eta politikak bizi dituen hainbat arazo duela urte batzuk ere bizi izan ziren, baina Txillardegiren ideei esker konpondu ziren”, nabarmendu zuen. Modu honetan erakutsi zuen jendeak ez duela hainbeste ezagutzen Txillardegi eta bere ekarpena. Torrealdaik arrazoia eman zion: “Inor gutxik ezagutzen du osorik, eta orain, korpus digitalari esker, beste dimentsio bat edukiko du pertsonaiak, inolako sekreturik gabe ezagutzeko aukera egongo da”. “Bere lan osoaren bisita gidatu bat egin ahal izango dugu dokumentu hauekin”, gaineratu zuen.
txillardegi eta ekarpenak Atzo hiru urte bete ziren Txillardegi hil zela eta bere figura gogoratzeko aprobetxatu zuten hitzordua. Torrealdaik “poliaintzindari” bezala definitu zuen, izan ere, bere ustetan, politikan, pentsamenduan eta ideologian, nobelagintzan eta beste arlo askotan berritzailea izan zen. “Tipo konprometitua izan zen, eta pentsalaria ere bai”, gaineratu zuen.
Bestalde, hizkuntzalaritzaren inguruan egindako lana gogoratu zuen Torrealdaik. “Euskararen normalizazioan bultzatzaile garran-tzitsua izan zen eta gainera, euskara batuaren aita dela esan daiteke”, azpimarratu zuen. Gainera, euskalgintza modernoaren bideak ireki zituela gehitu zuen.
Hain lan aberatsa izan zuen pertsonak, dudarik gabe, artxibo interesgarri bat utzi behar izan du. Akordio honek bere artxiboaren bilketa eta hedaketa kanpoan uzten baditu ere, familiak ez du lan hori kalera-tzearekin arazorik. Jakin Fundazioko lehendakariak adierazi zuenez, ziur asko beren lana izango da artxibo honen kudeaketa. “Seguru gaude oso gauza interesgarriak aurkituko ditugula hor, ikertzaileei benetan gustatzen zaigun lana da”, adierazi zuen. Hala ere, oraingoz, mila dokumenturen artean arituko dira lanean Txillardegi guztiek ondo ezagutu dezaten.