Donostia - Hamalau edo hamabost urte zituela, David Lean zuzendariaren Lawrence of Arabia (1962) filma ikusi zuen Bernardo Atxagak. Sekulako zirrara sentitu zuen eta orientazioa galduta atera zen Tolosako Leidor zine aretotik. Egun, idazlea ziur dago basamortuaren oroitzapen horrek inspiratu ziola Etiopia (1978) liburuaren “lehen inpresio poetikoa”.

Basamortua ez ezik, Lawrence Arabiako militar britainiarra ere betidanik gorde du memorian. 1965. urtean, Blanco y Negro aldizkarian argitaratutako artikulu bat irakurri zuen. Kazetariak kontatzen zuenez, Lawrenceren etxera inguratutako txori batek etengabe jotzen zuen mokoarekin leihoaren aurka. Txoriak bere onetik atera zuen Lawrence, eta etxetik at zegoen goiz batean, bere lagun batek tiro batez hil zuen hegaztia militarra lasaitzeko. Antza denez, txoria zerraldo erori zen une horretan bertan, Lawarencek moto istripua izan zuen. Handik sei egunetara zendu zen 1935eko maiatzaren 19an.

Ideia horretatik abiatuta, hainbat zirriborro idatzi zituen Nevadako egunak (Pamiela, 2013) aurreko lana prestatzen ari zela. Emaitzak, baina, ez zion ase eta “lan izugarria” egin ondoren, testuak baztertu egin zituen. Euskadi saria eman berri dion liburua argitaratu ondoren, I. Mundu Gerran milaka eta milaka lagun hil ziren Somme eta Verduneko batailei buruzko erakusketa bisitatu zuen Londonen. Orduan erabaki zuen Lawrenceren txoriaren istorioa gertakari latz haiekin lotzea bazuela.

Material horrekin osatu du Txoriak kolpeka (Pamiela), Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztutako 120 orrialdetako liburua. Aurretik osatu zuen Lawrence Arabiakoa saiakera laburraz gain, Asteasuko idazleak bi kontakizun sartu ditu, Nevadako egunak liburuan sartu ez zirenak. Alabaina, Txoriak kolpeka tituluaren eraginez, “asko eraldatu” ziren ipuinak, bai eta “ezusteko norabidea” hartu ere. Poesiagintzan “errimaren arauek poema bat osatzen” laguntzen dutela jakin bazekien, baina orain arte ez zuen esperimentatu gauza bera prosa arloan.

BI Ipuin ETA SAIAKERA BAT Andoniren heriotza LSDaren argitan liburua irekitzen duen narrazioarekin bereziki “pozik” agertu da egilea. Izan ere, “euforia” sortzen dio, bere literaturan “halako bide berri bat” ireki duelako. Horren adibidea emateko, hasierako paragrafoa irakurri zuen ozenki: “Zerua ilun zegoen egun hartan, orain dela 800.000 urte”. Ipuina orain dela denbora asko hasi eta gaurko egunean bukatzen da: “Testu errealista egin dut, errealistak ez diren bitartekoak erabiliz”.

Bigarren ipuinak Pierrek dioena entzuten dut izena du eta erlezain baten aitortza kontatzen du, erleen munduko poesia bereganatuz. Hori ere, irudi batetik sortu du, Montpelierren ikusi zuen panpin denda batetik, hain zuzen ere. “Haien artean nola hitz egingo zuten imajinatu eta giro horretatik atera dut istorioa, hiruretan goibelena”, aitortu zuen idazleak.

Azkenik, Lawrence Arabiakoa saiakeran Thomas Edward Lawrence militar, arkeologo eta idazle ingelesaren irudian sakondu du eta “haren ospe handiaren zergatia” azaltzen saiatu da. Atxagak bazekien jende guztiak ezagutzen duela pertsonaia, denboraren poderioz “ikono” bihurtu dena; Peter O’Toole aktoreak zinean antzeztutako rola bezain ezaguna da 1919. urtean Augustus Edwin Johnek egindako margoa. Horregatik, idazlea ahalegindu da berari buruzko “ikuspegi ezberdina” ematen, bere nortasunaz pista ugari emanez eta zenbait historialariren iritziak kontrajarriz.

Bernardo Atxagak nabarmendu zuenez, hiru testuek “batasuna” dute, batik bat “jendeak hil eta gero uzten duen irudia” baita ardatz nagusienetako bat, Nevadako egunak liburuan gertatzen zen moduan. Heriotzaren gaiaz aparte, bere literaturan hain presente dauden txoriak ere agertzen dira hiruretan. “Nik presagioarekin lotzen ditut”, adierazi zuen.

Ziur asko, gaztelaniazko itzulpena datorren urterako izango du prest egileak berak. Oraindik, baina, ez daki nolako titulua jarriko dion: Pájaros a golpes edo Pájaros que golpean.

Obabakoak eta Soinujolearen semea tituluen egilearen aurkezpenetan gertatu ohi den bezala, idazle, musikari eta lagun asko agertu ziren babesa emateko, besteak beste, Joxemari Iturralde, Harkaitz Cano, Antton Valverde eta Jabier Muguruza.