BILBO. Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 56. edizioak aurrerapena eskainiko du azaroaren 7tik 14ra bitartean, PreZinebiren programazioarekin. Bertan, ohikoa denez, Bilboko ikus-entzunezkoen sektorea osatzen duten erakundeek, taldeek, elkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dute lekua. Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizioak, zine eskolek egiten duten lanaren erakusketa, ZinebiExpress lehiaketa edota Josefina Molina eta José Antonio Sistiaga bezalako profesionalekin izango den topaketa izango dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, PreZinebi ostiralean, azaroaren 7an, hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos Antzokiko Kupula aretoan, Euskal Herriko Gidoilarien Elkartearen laguntzarekin antolatutako topaketarekin. Bertan, Javier Ruiz Calderaren "Promoción fantasma" (2012) lanaren gidoiaren arduradunak diren Cristóbal Garrido eta Rodolfo Valor zine idazle gazteekin solasean aritzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Larunbatean, azaroaren 8an, goizean goizetik, 48 ordutan filmatutako film laburren ZinebiExpress lehiaketarako deialdi berria zabalduko da (goizeko 09:30etik 10:30era, Campos Eliseos Antzokian). Zinebik zazpigarren urtez jarraian antolatu du lehiaketa. Parte hartzaileek astelehen arratsaldera arteko epea izango dute euren lanak aurkezteko, eta sariak azaroaren 13an banatuko dira, Bilboko Alondegiko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldian lehiaketaren finalera heldu diren filmak ere eskainiko dira.

Larunbatean bertan, Simone de Beauvoir Kolektibo feministak topaketa antolatu du Josefina Molinarekin, Pilar Mirórekin batera Espainiako emakume zinemagileen bigarren belaunaldiko izen azpimarragarrienetakoa denarekin. Josefina Molinak 2011ko Zinearen Akademia Espainiarraren Ohorezko Goya Saria irabazi zuen. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da, Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta zinemagilearen film arrakastatsuenetako bat eskainiko da, "Función de noche" (1981).

ZINE ESKOLAK

Bestalde, azaroaren 10ean eta 11n, Kupula aretoan baita, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, bi saio izango dira, Bilboko zine eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2012an eta 2013an egindako lanak erakusteko. Topaketan, EHUko Gizarte Zientzia eta Komunikazio Fakultateak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, Anima Eskolak eta Euskadiko Zine Eskolak hartuko dute parte.

Beste urte batez, PreZinebik FAS Zine Klubaren laguntza ere izango du, eta azaroaren 11n, Campos Antzokiko eszenatoki berean, Josu Venerok 2012an zuzendu zuen "En un país imaginado" film luze dokumentala eskainiko dute, "José Antonio Sistiaga artista donostiarraren, zine esperimentaleko sortzaile libreenetakoaren eta emankorrenetakoaren, filmografiatik eta pintura lanetik egindako ibilbide bisuala eta dinamikoa".

Zinemagileak eta protagonistak zinearen eta gainerako arte plastikoen arteko harremanei eta artistak bere eguneroko jardunaren inguruan dituen gogoetei, esperientziei eta paisaiei buruz hitz egingo dute. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta, ondoren, Juan Ortiz jazz piano jotzailea, 2013ko diskorik hoberenaren BBK Jazz sariaren irabazlea, arituko da.

PreZinebiren amaierako jaia, "Redneck Zinema Party" izenburupean, azaroaren 14an izango da, gaueko 21:30ean, Bilborock aretoan, eta Zinebi 56 jaialdiaren inaugurazio ekitaldiarekin bat etorriko da. Oraingoan, jaialdiak, Caóstica Elkartearekin batera, omenaldi berezia eskainiko die zinearen historian aztarna utzi duten "paleto", baldar, ugariei, jatorria eta enblema Estatu Batuetako hegoaldeko nekazaritzan duten horiei.

Hori lortzeko, ikus-entzuleak zine atmosfera landatarrez inguratuta egongo dira, film zatiak, lasto fardelak, etxean egindako alanbikeak, abereak, mastekatzeko tabakoa, Riflearen Nazio Elkarteko ordezkariak, Miss eta Mister Paleto lehiaketa eta beste hainbat ezuste. Hurrengo egunean, ikus-entzuleak zalantzan egongo dira, bizipen horiek benetakoak ala amestutakoak izan ote diren jakin gabe.