Platano konpainiak orbel sekulakoa ekarri zuen berarekin, orbel nahasia, zalapartaria, giza hondakinez osatua, eta orbelaren zurrunbiloak erroak egin zituen herriaren erdian. García Márquezen Orbela lehen nobelako hitzok giltzarri dira idazleak ekarriko zuena ulertzeko: progresoaren farfaila -orbela- estaltzen hasitako munduaren hotsak gorde eta betikotu nahi zituen idazleak. Horretarako, orbelaren zalaparta baino zapartariagoak izan behar zuten idazleak jaso nahi zituen hotsok: orbelaren hara-hona erratiak ez bezalako indarra zutenak, arnasa zutenak, arima zutenak. Hitzek musika dute, erritmoa dute, magia dute, baina hitzen musika entzuteko, erritmoa bizitzeko, magia antzemateko, hitzei pilatzen zaien orbela eta lizuna kendu behar. Hori da, besteak beste, idazle baten egitekoa. García Márquezek sen berezia zeukan horretarako.

Idazle kolonbiarra ez zen sen horren oinordeko bakarra, jakina, gaztelaniazko literatura hegoamerikarrak bide luzea egina du hitzen gaineko orbela kentzeko ahaleginean: Mexikon edo Txilen hizkuntza bera egiten da, baina hizkuntza beraren musika desberdinak entzuten dira batean zein bestean, hango idazle askoren ezaugarria da hizkeraren bidezko identitate literarioa eraiki nahia. Martin Ugaldek, Venezuelan bizi zenean, ez zuen Andoainen ikasitako gaztelania baliatu: Las manos grandes de la niebla ipuin-bildumako istorioak eta pertsonaiak venezuelarrak zituen, bazekien venezuelarrak izango zituela lehen irakurleak. Venezuelako gaztelaniaren musika darie haren ipuinei.

Oso da kontu seinalagarria, baina gutxitan aipatzen da: García Márquezen arrakasta Espainian hasi zen. Francoren garaietan. Diktaduraren hizkerak orbel-meta sekulakoa pilatua zuenean gaztelaniaren gainean. Eufemismoaren, anbiguotasunaren, eduki gutxiko hizkera hanpatu baten diktadura ere bizi zuen Espainiak, eta, salbuespenak salbuespen, baita literaturak ere. Aintzat hartzekoa da erbestean zeuden idazleen kantitatea eta kalitatea, baina haien literatura apenas iristen zen diktaduraren plazara. Espainian, aldiz, errealismo soziala zen nagusi, baina gizartea aldatzeko proposamenak ez zekarren hizkera literarioa ere irauli beharraren kontzientzia handirik. Gaztelaniaren giro horretan egin zuen boom! Hegoamerikako literaturak, Cien años de soledad nobela brankatzat hartuta: Aureliano Buendiaren ibilerak ez ziren txit harrigarriak eta oso magikoak izango gaztelania gris, burokratiko, lau batean idatziak izan balira. García Márquezen hizkera distiratsu eta jariotsuari esker dira harrigarri eta magikoak. Harridurak eztanda egin zuen eta Hegoamerikatik zetorren haizeteak gaztelaniari pilatutako orbela astindu.

Aldian behin, gauza bertsua gertatu izan da, nahiz modu apalagoan, Leongo ahotsekin -Llamazares, Mateo Díez?-, nafarrenekin -Sánchez-Ostiz, Antoñana?-, gailegoekin -Cela, Cunqueiro?-. Bidenabarreko apuntetxo bat: lurralde horietan, gaztelaniaren hegemoniak beste hizkuntza bat (leondarra, euskara, galiziera?) du auzo. Hegoamerikako gaztelaniari gauza bera gertatzen zaio: aimara edo kitxua bezalako hizkuntzak ditu bizikide, eta kontu jakina da auzo izatea ez dela ondoriorik gabea izaten.

Frankismoaren garaitsu hartan, penintsulako gaztelaniarengatik esan dudana egozten zion Italo Calvinok bere hizkuntzari: italiera "gero eta hizkuntza abstraktuagoa, artifizialagoa, anbiguoagoa bihurtzen ari da". Calvinok bere hizkuntzarengatik zioenak bete-betean balio du hainbat hizkuntzen auzian ere: "kontu arruntenak ez dira jada zuzenean esaten; gero eta gutxiago erabiltzen dira izen konkretuak. Izurri honek politikoak, burokratak eta intelektualak kutsatu zituen lehendabizi, eta kontzientzia politikoa eta intelektuala gero eta masa handiagoen artean zabaldu ahala, izurria ere zabaldu egin zen". Baina Calvinok idazleak ere jartzen ditu bere salaketaren jopuntuan: "idazlearen egitekoa izurri horren kontra joatea da eta hizkera zuzen konkretua lantzea, eguneroko hizkera ez baita izurritik libratzen".

Geurean ere ikusten ari gara: euskara batua eraiki beharrak, euskararen ofizialtasuna gauzatzeak, euskara ardatz duen eskola-sistemaren eguneroko lanak sekulako bultzada eman dio hizkuntzaren normalkuntzari. Baina literaturari dagokionez -idazleon egitekoaz ari naiz- estandarra ez da helmuga, behar-beharrezko erregistro amankomuna baizik. Estandarra ez da denok berdintzen gaituen azken emaitza, denok berdintzen gaituen irteera baino.

Estandarrak duen dena berdintzeko galgari aise pilatzen zaio orbela. Orbela seinalatuz eta orbelak estalitako altxorrak bilatuz hasten da literatura, izurritearen kontrako gurutzada.