UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urte amaierako batzar nagusia egingo du larunbatean, abenduaren 14an, Zarautzen (Gipuzkoa), eta 2024ko balantzea egiteaz gain, 2025erako egitasmoa eta mankomunitateko kide izateko Aranoko eta Lekunberriko udalek egindako eskaerak onartuko dituzte batzarkideek.
Nafarroako bi udalerriak gehituta, 113 udal izatera iritsiko da UEMA, guztien artean 348.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Aurten mankomunitateko kide izatea erabaki duten sei udaletatik bost nafarrak izan dira, UEMAko iturriek jakinarazi dutenez.
Azken urteotan hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez, eta horrek isla du UEMAko kide diren udalen kopuruan ere. Urte hasieran 107 udal ziren UEMAko kide, eta maiatzaren 18an Lesakan egindako batzar nagusian lau udal berri gehitu ziren: Nafarroako Bakaiku, Ituren eta Lakuntza eta Gipuzkoako Zegama.
Azaroan, berriz, Aranoko eta Lekunberriko udalek erabaki zuten UEMAko kide izatea, udal osoko bilkuretan, eta eskaerak horiek aztertuko dituzte larunbatean udalerri euskaldunetako alkateek eta zinegotziek, Zarautzen egitekoa duten batzarrean.
UEMAko kide diren udaletako ordezkariek Zarauzko Modelo aretoan egingo dute batzar nagusia, 10:00etatik aurrera. 2024an bideratutako egitasmoen balantzea egiteaz gain, datorren urterako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztertuko dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan, hau da, udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.