sara - Giroak ere mesede egin zion atzo Euskal Herriko 31. Idazleen Biltzarrari, eta krisia ez zen inondik ageri, ez behintzat jendez lepo zeuden Sarako karriketatik. Eguzki epela lagun, ehunka euskaltzale bildu ziren Lapurdiko herrixkan, ohi den bezala, Pazko Egunez. Herriko Turismo Bulegoak eta Euskal Kultur Erakundeak (EKE) antolatzen duten biltzarraren amuari usnaka, kolore guztietako euskaltzale, idazle, editore eta ikerlariak hurbildu ziren egun batez literaturaren plaza bihurtzen den polikiroldegi ttipira.

Goiz partean, argitaletxeek atondutako mahaietatik gaindi nabarmendu zen ohiko gorazarrea. Aurten, hiru izan dira EKEk omendu dituen euskaltzaleak, eta hirurei egin zien gorazarre jendaurrean, beraien bizitzak ezagutarazi eta lorpenak aletuz. Erramun Baxok, Manex Pagola eta Patrice Rouleau izan dira aurten nabarmendutako izenak. EKEko Pantxoa Etchegoienek aurkeztu zituen, banan-banan, eta ordainez omenduek beste horrenbeste egin zuten, eskerrak eman eta bitxikeriren bat edo beste kontatuz.

Baxok hizkuntzalariak lan handia egin du azken 30 urteotan euskararen alde, batez ere Pizkundea federazioan; bertatik eta 1980. hamarkadan, sekulako ahaleginak erabili zituen euskal kulturaren alde egitura ofizial bat sortzeko. Horrez gain, EKEko lehendakari izan zen hamar urtez (1995-2005) eta Euskaraz bizi metodoaren sortzailea da. "Xinaurrien pare beti isil-isilka lanean ari den euskaltzain ohorezkoak ongi merezitua du Biltzar Saria", azpimarratu zuen Etchegoienek.

Manex Pagola izan zen bigarren omendua. Bere gazte denboran egin zen ezagun Pagola, goiz hasi baitzen jendearen aitzinean kantatzen, gitarra eskuan zuela (geroago bere emazte Martxelin Alberbide elkartu zi-tzaion). Baina bere abesti batzuk famatuak egin ziren Peio eta Pantxoaren eskutik, hala nola, Urtxintxak, Azken dantza edo Jo bezate ezkilek. Bere haur denborara egin zuen salto Pagolak atzoko mintzalditxoan, orduko oroitzapenek eramanda, eta 1983an Sarako Biltzarra abiatu zuen Jean-Michel Garat-entzako omenaldia eskatu zuen.

Azken omenduak, Patrice Rouleau marrazkilariak, esker onez onartu zuen baita saria, eta EKEkoek bere lanak goraipatu zituzten, tartean Kaikou artzain txakurraren joan etorriak, Sud-Quest-en astero agertzen direnak. Besteak beste, Errobi taldearen lehenbiziko diskoaren azala ere egin zuen Rouleauk, eta bost urtez aritu zen Xirrixta haurren agerkarian.

editoreak, pozik Sarako Biltzarrak autoreei ematen die beti lehentasuna. Euskal egile eta editoreei. Aurten ehundik gora sortzaile pasatu dira Sarako polikiroldegitik, liburu berriak zein zaharrak sinatu edo promozionatzeko. Hantxe elkartu ziren atzo Joseba Aurkenerena edo Iñaki Martiartu aspaldiko lagunak, edo Eneko Bidegain, besapean bere azken emai-tza zekarrela: Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria (Elkar). Hurbil izan zituzten, baita, Julen Madariaga edo Koldo Amestoy, Pello Elzaburu eta Xabier Mendiguren editoreekin batera, denak Sarako amaraun txikian harrapatuta. Xarriton euskaltzaina ere ikusi genuen, liburuak sinatu eta bere azken emaitza aurkezten, Xabier Altzibar eta Jean Baptiste Coyosekin batera, guztiak Euskaltzaindiaren babesean. Fernando Morillo eta Yolanda Arrieta ere agertu ziren, arratsalde partean; Abadiako Nekatoenean egindako egonaldien emai-tzak agertu zituzten. Esaterako, Arrietak Bizenta Mogeli buruz idatzi duen nobelaren berri eman zuen jendaurrean, eta azpeitiar gazteak berak sortutako Gaumin argitaletxearen lanei buruz hitz egin zuen.

Utriusque Vasconiae-ko taldea ere oso-osorik zegoen Saran. Jokin Apalategi, Maite Idirin eta beraien seme Ur Apalategi elkarrekin zeuden Biltzarrean, azken urteotako uzta erakutsi eta zaintzen. Azkenaldian publikatutako lanen artean, Mikel Mendizabalen Hizkuntzaren berdintasun komunikatiboa: mitoa eta errealitatea eta Karmelo Ayestaren Goza daiteke gehiago nabarmendu daitezke. Eta, horrekin batera, liburuen salneurria, hiru eta hamar euro bitartekoak baitira denak. "Hori izan da hasieratik gure argitaletxearen politika, liburuak merke ateratzea, publikoak eskura izan ditzan", azpimarratzen zuen Ur Apalategi irakasle, ikertzaile eta idazleak.

peillen eta 'hatsa' Eusko Ikaskun-tzaren erakusmahaian Txomin Peillenen lanak ziren nagusi. Tartean, Biziaren hiztegiaz eta Euskaldun etorkinak Ameriketan.

Ikuska, Uztaro (UEU), Ekaina edo Jakintza aldizkariekin batera, Maia-tzek ere agertzen zuen bere papar beltza liburu-oldearen erdian. 58. alea zeukaten erakusmahaian, eta, horrekin batera, Luzien Etxezaharretak Xipri Alberbideren Gogoetak edo Jean Louis Davantek itzulitako Unamunoren Erbesteko sonetoak gomendatzen zituen biziki.

Hatsa egitasmoa bultzatzen duten literaturzaleek ere habia egin zuten Saran atzo. Auxtin Zamorak modu poetikoan azaltzen zituen Hatsaren nondik norakoak: "Guk zabalik ditugu gure ateak, eta nahi duenak bidal dezake bere testu poetikoa, zahar zein gazte, idazle edo ez, bizkaieraz, xubereraz edo batuan idatzitako izanik ere, eta gero guk gure galbahetik pasa eta hatsa hori jendartera bueltatzen dugu". Honela, liburu batean batzen dituzte jendearen poemak, eta aurten 600 ale inguru editatu dituzte pieza guztiekin. Nahi duen orok parte har dezake egitasmo honetan; horretarako olerkibilduma@sfr.fr helbidera bidali beharko dituzte idazlanak.