Erlijio berriaren meza nagusia gaur. Denak irrati-telebistari so, fedearen deirik gordinena abenduko honetan, ea gaurkoak zoria gurera dakarren. Sosa. Edo dirua. Edo aberastasuna.
Igande honek arima asko izanen ditu bahiturik, ilusioen dantza arritmikoa goizean goizetik hasi da han eta hemen, eta eguerdirako, dantza horretan, aulki-dantzan bezala, eserlekurik lortu ez duenak alde egin beharko du jostaketatik. Josta serioa, ordea, loteriarena. Animaleko dirualdiak uzten ditu anitzek esperantza gorrian, ez dituen haiek ere maiz aski, neurriz kanpoko ahaleginetan.
Atzokoa, modazko enpresa-afarien biharamuna pasatzeko eguna, zubi-eguna. Ostiraleko poz eta algarak, atzo apal eta isil; gaur emozioa zut eta alerta. Asteburu konpletoa askorentzat, Eguberri aitzin harrotu bat. Gabon-menua.
"Baietz guri tokatu aurten!" enegarren aldiz bota duenak mutur-okerrak jaso ditu, ohartu ez den arren, gogaikarri gertatzen delako ja. Edo aieru edo bihozkada bat duela esaten duenari ere, zeharka begiratzen dio sinesgabeak, "halakorik badaiteke?" pentsatuz.
Justizia nahiago, zortea baino, gizabanakoak izan beharko lukeena; loteriaren ilusionismo-eskumena duen boterearen justizia ez bezalakoa, alegia. Ongi diseinatutako monopolia, zeinetan "la banca gana", edo, "estatua garaile", iradokitzen zaigun oharkabean. Boterea ilusioarekin jostatzen zaigu. Ederra jokoa.
Ez ote den fedea egun daukagun euskarririk sendoena... Fedea, gainera, anitza, pertsonala, norberak berea, ezberdina; gure behar eta beldurren, zalantza eta itolarrien senda-belar gisa. Fedeak norbanakoak sortua dirudi garaiotan, norbanakoarentzat, asko azaldu gabe inori zertan den, zertarako den. Errezeta usatua, sarri unatua.
Urte bukaerak badu besterik desirarazterik, eskatzerik; bestelako edonolako desioak, ametsak eta pozak, ongi baitakigu zerk egiten digun on gure bizitzan, zer dugun beharrezko arimaren arnas-emaile.
Bidenabar, bada garaia loteriaren iragarki umela bistatik galtzeko (gaurko eguna joanik), duintasunari ohore txikia egiten baitio, baita sen onari ere; "Na, na, na, na, na, na, na, naaaaaa?..". Brrr!