bilbo. Rekalde Aretoaren hormak III Rekalde-Ortzadar Komiki Lehiaketak (KMK) aurten izan duen kalitate handiaren erakusle dira dagoeneko; irabazleen zein aukeratutakoen zenbait lanen adibidearekin. Atzo jazo zen, bertan, BizkaiKOAren babesarekin, Noticias Taldeak antolatzen duen txapelketaren sari ematea. Hirugarren edizio honetan, saria ex aequo banatu da Piedad Ortiz de Urbinak sortutako Maitasun Gozoa eta Jon Mikel Udakiolaren ideia originala eta gidoiarekin, baina Javier Ojuelen ilustrazioekin eta Xabier Etxeberriaren testuarekin egindako Txorimalo komikien artean. Saridunek Josune Ariztondo Kultura diputatuaren eta Bingen Zupiria DEIAren zuzendariaren esku jaso zituzten garaikurrak.

Antolatzaileen arabera, aurtengo epaileek, Adur Larrea eta Pernan Goñi marrazkilari eta komikigileek, "lan gogorra izan dute, eurek aitortuta, gainera". Hori izan da, funtsean, sari partekatua eskain-tzearen arrazoia. Epaileek aditzera eman zutenez, "bi lan nabarmendu dira beste guztien gainetik: lan sinpleak baina freskoak, istorio biribilak, biak ala biak". Hori dela eta, hirugarren edizio honetan, estreinakoz, saria (1.500 euro) partekatu egingo dute.

Bestetik, aurten, KMK Ohorezko Saria Erein argitaletxeak sustatutako Ipurbeltz komikiari egokitu zaio; 70. hamarkadan hasitako honako proiektua "euskal komikiaren aintzindari izatearren, ilustratzaile ugariren harrobi eta erakuslehio bihurtzearren eta, 31 urtez, euskarazko unibertso berriak asmatzen jakin zuelako".

Pozik agertu ziren saridunak jasotako aitorpenarekin. López de Urbinak, bere lehen saria izanik, "harrotasunez" erakutsiko zuela adierazi zuen; Udakiolak, aldiz, epaimahiak eurengan ikusi duena eskertu nahi izan zuen. Erein argitaletxearen izenean Olatz Soraluze izan zen Ohorezko Saria jasotzearen arduraduna. Haren esanetan, Ipurbeltz "eskola bat izan zen sortzaile askorentzat"; eta, horregatik, aldizkariak atzean utzitako 362 zenbaki horietan parte hartu zuten komikilariak izan zituen gogoan garaikurra jasotzerakoan.

euskarazko sorkuntza 1995az geroztik, Hego Euskal Herri osoan banatzen den Ortzadar gehigarria, Noticias Taldeak euskararekin eta euskaraz lantzen den sorkuntzarekin duen konpromisoa erakusteko modu bat da, azaldu zuen Zupiriak. "Komiki lehiaketa ere bide horretan emandako beste pausu bat da", gehitu zuen. Ildo beretik min-tzatu zen Ariztondo: "Aurten, gero eta gehiago, Ortzadar Komiki Lehiaketak biltzen du geuk ere hedatu nahi genukeen helburua: sormena, artea eta euskara uztartzea, modu bizi eta naturalean".

Abenduaren 8ra bitartean Rekalde Aretoan ikusgai izango den erakusketan, irabazleen lanez gain, lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean aukeratutako zenbait komiki ikusteko aukera egongo da: David Sarasketaren (Arrigorriaga, 1975) Lau zaldizkoak, Alai Zubimendiren (Hernani, 1976) Fideltasuna eta Bilatzea, Amaia Ballesteros Lópezen (Trapagaran, 1978) Bildotsen bihotza eta Ibon Sanchezen (Bilbo, 1984) eta Igor Vidaurrazagaren (Portugalete, 1989) Amestu. Bestetik, Ipurbeltz aldizkariaren 31 urteak errepasatzeko, argitalpenaren hainbat lagin daude ikusgai. Hilaren 16an, lanak erakusgai dituzten egile guztiek, irabazleek zein aukeratutakoek, epaileek eskainiko duten tailer batean parte har-tzeko aukera izango dute.